23 FéV. 2020 IRITZIA Josi eta josi Alaia Martin Gaurko egunarekin 1981era begira ipintzen dira efemerideak. Bizi izan zutenek non, norekin eta zertan zebiltzan gogoratuko dute ziurrenik eta denbora azkarregi pasatzen delako madarikatu. Bizi izan ez genuenok orduan ere anakronismoa zena are lekuz eta kolorez kanpoago irudikatzen dugula esango nuke, baina gutxi gehiago, guztion memorian dago tiro hots hura. Estatu-kolpe saiakera gisa izendatutako hark saiakeratik beste izan zuen estatu-kolpetik. Alfonbraren azpian zirauena altxa eta harrotu zen une batez, eta esango nuke alfonbrek marrazki ezberdinak dituztela 2020an baina hauts bera dagoela behealdean. Behealdean diodanean, ziurrenik, goialdean esan nahi dut. Vox alderdia sortu bada ez da ideia berriak hauspotzeko eta egungo problematikari erantzuteko izan, alfonbra eranzteko beldurragatik izan da eta hor zeudenak hor azaldu dira, orain berrogei urteko apaingarriekin. Kolperik ez zen eman baina etengabe jarraitu dute bultzaka, zorua lokazten eta eskuak zuritzen. Irabazleen taldekoa izateak hori izango du alderik onena; besteek galtzen ari zarela uste dutenean ere hurrengo jokaldia irabazita daukazula jakitea. Pentsatzen dut. Estatu-kolperik ez zen eman baina ez da kolperik jo garapen demokratikoaren bidean mugarri izan zitezkeen gai askotan. Jakin nahi dugunok ez dakigu euskal herritarren zein ehunekok nahi duen independentzia, Espainiazale elebakarrek biktima papera hartzen dute lotsarik gabe, feminismoa hesitu eta epaitu egiten da, apustu etxeek patuaren esku dagoela uste duen jendartea odolusten dute, migranteak kasurik baikorrenean burokraziaz zorabiatzen dira eta espetxera eraman zaitzakete maite dituzun(ak) ideiak babesteagatik. Orain berrogei urte baino hobeto gaudenik ez dut zalantzan jarriko baina gogorra egiten zait gure anestesia maila ikustea –hori bai, anestesia Gizarte Segurantzak ordaintzen digu, ez dago zentzu horretan kexatzerik–. Kolpeek kolpe izena dutenean askoz errazago izendatzen ditugu kolpe, eta indar handiagoz, batasun handiagoz, altxatzen gara kolpe horien aurrean. Orain, aldiz, kolpeak txikiagoak direla esango nuke, bultzakadak direla, igurtzi bortxatuak, oin zapaltzeak, asfixia-tratuak, bertikaltasun abstraktuak eta oraindik ere egunerokoan askotan kolpatzen gaituztela erregelarekin hatz-muinetan. Uste dut gorputz beldurtuetan bizi garela, begiratzeko zailak direla uste dugun gorputzetan. Uste dut garun gaixo samarrak daramatzagula batetik bestera lepo gainean, geure fobiak geureak direla pentsatzeraino, makro faktoreak ikusi gabe. Uste dut kolpatu baino gehiago, higatu egiten gaituztela, ziztatu egiten gaituztela, zulatu eta apurka galtzen dugula energia, izaera eta ausardia. Eta hau guztia galdutakoan, ez dela erraza zuloa non dagoen eta nork egina den aztertzea. Uste dut lotsatu egiten garela berogailua jarri edo ez hilabeteko irabazien arabera neurtzen dugula aitortzen baldin badugu eta geure pentsaerarekiko koherentziaren bila estu hartzen dugula geure burua, ehun oztopo pasa eta ehun eta batgarrena igaro ezean, geure burua zigortuz. Eta kolpe-kolpe-kolpeka ez, baina josi eta josi ari dela geure ingurunean arnasa eta begirada trabatzen digun amaraun bat. Alfonbraren azpian zirauena altxatu eta harrotu zen une batez, eta esango nuke alfonbrek marrazki ezberdinak dituztela 2020an baina hauts bera dagoela behealdean.