19 AVR. 2020 IRITZIA Hor zaudete JOKIN URAIN Geure zentzuak garatzea ezinbestekoa izango da bizitzeko. Itsuari ez eskatu ikusmena garatzea, gorrari ere ez entzumena lantzea, baina batetik ez duenak bestetik izango du gehiago, izan beharko du, zentzuen garapenak ohartematen digulako balizko arriskuak non dauden, hil ala bizi behar-beharrezkoa zaiguna non edo nola topa dezakegun, alferguran gabiltzanean butaka eder batean zela entreteni gaitezkeen... Dena dela, edozein zentzuren garapenak behar du bere ariketa, eta denbora. Itsua ikus dezakezu makilatxo batekin zein eroso konpontzen den kalean, nola zirkin egiten dien espaloi ertzei, farolari, ate kantoiari. Baina ez zaitez atera paseatzera begiak itxita, lehen egunetik itsua bezain ongi konponduko zarela pentsatuz. Orientazioa kolpez kolpe garatzen du gehienetan itsua ez denak ere, edo laprastaka, eroriz eta jaikiz eta berriz abiatuz. Espetxean gehien garatzen den zentzuetako bat –etxemina ez dakit zentzua ala bizi nahia den–, entzumena dela iruditzen zait. Zeure ziegan zaudela, leku batzuetan leihoa ere burdinazko errezela batekin itxita eta handik ezer ikusi ezinik, hainbat zarata ezberdin bereizten eta ezagutzen aditu bihurtzen zara. Alboko ziegako atea, azpiko galeriako pausoak, zeure galeriaren beste puntako ziegan dagoenaren eztula, kartzeleroaren giltzaren kolpeak, beste moduluan arabiarrak otoitzerako egin duen deia… Kartzelan ingurua gutxitan egoten baita isiltasun osoan, eta hala den uneetan isiltasuna bera egiten da asaldagarri; kartzelako isiltasuna gehienetan ez baita baretasun, mehatxu baizik. Oroimena ere beste edozein zentzuren moduan garatzen da beharbada, edo bizipenekin betetzen doan eta beti eskura dagoen kutxa da agian, kutxa nahaspilatsua batzuen kasuan, ordenatua eta ongi tolestua besteenean. Zerbait gogora ekarri nahi dugunean askotan aritzen gara memoriaren kutxa horretan bila, ia modu obsesiboan, ezin topatuz; beste batzuetan ezin ahaztuz izaten dugu gauzaren bat buruan bueltaka, errotarriak artalea legez gure pazientzia ehotzeraino. Aste honetan zuen eguna, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna, izan dela oroitu naiz, Liher. Eta zuen artean badirela 30 urtez konfinamenduan itxita dauden kideak, badirela espetxean jaio eta bizi diren haurrak, badirela gaixoak, badirela, bazaudetela, hor zaudetela. Zerbait gogora ekarri nahi dugunean askotan aritzen gara memoriaren kutxa horretan bila, ia modu obsesiboan, ezin topatuz; beste batzuetan ezin ahaztuz izaten dugu gauzaren bat buruan bueltaka, errotarriak artalea legez gure pazientzia ehotzeraino.