14 JUIN 2020 IRITZIA Antzerkia JOKIN URAIN Handienera jotzen dugu zerbait esaten hasita ere, gorenera, erdipurdika eta batez bestekoan ibili gabe. Definizioetan goiena harrapatu nahi horretan, egundokoak botatzen ditugu batzuetan, eta lasai geratu gainera. Bilboko Arriaga antzokia “koroaren harribitxia” dela esan ei zuen, duela zenbait denbora, hiriko alkate Juan Mari Aburtok. Ez dakit zer behar zeukan, zer nezesidade, hori esateko, beste handikeria txoro bat gehitze aldera ez bazen. Denok esan ditzakegu ergelkeriak, ez dago alkate izan beharrik horretarako. Hain zuzen, neurritsua izatea da alkateei eta edozein karguduni eskatuko geniekeena, guztiontzat hitz egiten ari direnean bederen. Baina ematen du guztiontzat ari direnerako gordetzen dituztela halakoxe perlak. Asko entzun eta irakurri ditugu azken hilabete hauetan, eta egingo nuke oraindik entzuteko dauzkagula handiak. Itxialdia egin ondoren, datorren astean zabaltzekoa ei dute Arriaga antzokia. Egoitzaren edertasuna eta galak zehaztuko dizkizute erruz. Baina, edertasunetik harago, istorioak, historiak, kritika soziala edo adorazio soziala… imajina dezakezuna antzezteko eta ikusteko –entzuteko ere bai– lekua da antzokia. Antzerkirik ez zuen inork asmatuko antzokietatik kanpo gertatzen zenari erreparatu izan ez balio norbaitek. Antzokia leku bat baizik ez da azken batean, zerbait islatzeko ispilua nahi baduzu, eta izan liteke izen handirik gabeko txoko bat, edo izan liteke “koroaren harribitxia”. Iragan hurbil honi begiratuta, batzuetan ez nago seguru antzezpen global batean ez ote garen aritu, eta ez ote garen ari oraindik. Ez ote diguten pertsonaiaren bat ezarri bakoitzak antzez dezagun, ikuskizun bitxi bat eskain dezagun palkoan ezkutatuta daudenen entretenigarri. Pertsonaiaren papera batzuek hobekiago landu eta barneratu dute besteek baino. Ozenago errezitatzen dute, irmoago, definizioetan goienera joz beti. Agian guztiok dugu, gutxi edo asko, une batean ez bada bestean, zerbaiten edo norbaiten interprete izateko gogoa. Giza izaera izango da hori ere, norbaitek esan zuen moduan esateko. Eta giza izaera da zer den oraindik zehatz ez dakigun gauza, misterio edo zeretako bat. Arriaga antzokia eskaintzen digute hiriburuan, Marixol, “koroaren harribitxia” miretsi dezagun, eta ez dakit haientzat harribitxi ez ote den guri begira ikusten duten antzerkia. Agian guztiok dugu, gutxi edo asko, une batean ez bada bestean, zerbaiten edo norbaiten interprete izateko gogoa. Giza izaera izango da hori ere, norbaitek esan zuen moduan esateko. Eta giza izaera da zer den oraindik zehatz ez dakigun gauza, misterio edo zeretako bat.