7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Txupinak eta pregoiak


San Fermin aurreko egun hauetan, zenbat buelta gure herri, auzo eta hirietako jaiekin. Ofizialki Iruñea izan zen aurrenekoa gure hiriburuetako jaiak bertan behera uzten. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiriburuetako alkateek, berriz, erantzun bateratua eman nahi izan zuten. Dagoeneko ahaztuta dugu, beharbada, baina horrela ibili ziren. Pandemiaren ondorioz hildakoak ehunka ziren bitartean, hiriburuetako jaiak egin ala ez egin, edota nola egin, halakoekin jokatu zuten pare bat astez; hiriburuak pandemiak bultzatutako egoera berri honetara moldatu beharrean, jaien gaineko adierazpenak ezinbesteko bihurtu zituzten. Baina jaien kontuari garrantzia nork eman zien argi eduki behar da, nor eta “jaietan jai” defendatzen duten horiek izan baitira.

Jaiak gure izaeraren parte izateaz gain, eraikuntza sozial eta ludikoaren ezinbesteko osagaia dira. Jaia eta borroka eskutik helduta ibili dira gure herrian. Ospakizunerako ez ezik, aldarrikapenerako, indarrak biltzeko, antolaketan ikasi eta esperimentatzeko, oraina eta etorkizuna irudimenez lantzeko eta beste hainbeste gauzatarako baliatzen ditugu jaiak. Betiere parranda eta dantza ahaztu gabe, dena ahazteko moduko hegaldiak ere badirelako gure jaiak. Aurtengo jaiak, aldiz, beste guztia bezalaxe, ez dira nahi genukeen bezalakoak izango. Ez dira izango. Nerabe eta gazteek pertsonen ustezko pantailetatik kanpoko bizipenetarako aukera potoloa galduko dute jairik gabe. Ezin ederragoak baitziren herriz herri, gauza berri eta lagun berri piloa ezagutzen ibiltzen ginen garai horiek. Baina galdu, denok galduko dugu. Jaiak ere badirelako kaleak hartzeko momentua. Herriari herriarena den hori emateko eta ospatzeko. Hemendik aurrera, berriz, taberna eta jatetxeetako terrazek irentsiko dituzte txosnen espazioak. Udal agintariak pozik, haien ametsetako hiriak pixkanaka gauzatuz baitoaz. Turista oldeak bueltatzen direnerako dena prest izango dute, zoritxarrez, gertatzen ari den honek guztiak atzerapausorik ez baitauka.

Galduko ditugu jai batzordeak, txupin eta pregoi herritarrak. Ez, ordea, politikariak pregoilari bihurtuta. Hortxe agertzen zaizkigu egunero irribarre behartuekin eta graziarik gabeko berbaldietan, zer eta etengabeko jaia salduz. Hiriak, herriak eta auzoak, eguneroko jai bihurtu nahi dituzte, ez bizileku. Eta bizi-bizi, musikariek edo antzerkilariek egin ezin ditzaketen emanaldietarako plazak beraiek betetzen dituzte, euren pregoi hustu eta puztuekin. Hortxe, herriz herri, kanpainako pregoi hutsak ozen botatzen. Zer eta jai erraldoia saldu nahian, gainera. Izan ere, hain oinarrizkoa den eskubide bati, bozkatzeari, “demokraziaren jaia” deitzeak gure gabeziez hainbeste esaten du... Tira, beharbada, jaien beharra daukat, hamahiruari beldurra baitiot. Ez superstiziosoa naizelako, martxoaren 13 batean etxean konfinatu ginelako baizik, haiek agindu aurretik, eurena baino ardura handiagoarekin jokatuz. Lau hilabete beranduago, uztailaren 13an, “jaietan jai” horretan sinesten jarraituz gero, ez ditugu gure kaleak berriz ere zapaldu nahiko. Nahiago izango dugu berriz etxean geratu auzo-lotsak edo sumindurak jota, zer eta txupin eder batek dena erre dezakeela amets egiten.