26 JUIL. 2020 IRITZIA Musuak JOKIN URAIN Entzuten genuen, esaten genuen, bazebilen zurrumurrua, hauteskundeen ondoren neurri murriztaile berriak iragarriko zituztela izurriaren eraginagatik. Harreman murrizketak alegia, harreman arauak eta moduak. Hauteskundeen emaitzak irakurtzen eta begiratzen ari ginen lehen asteak aurrera egin ahala, iragarri zituzten han eta hemen agertzen ari ziren kasuen berriak, kutsatze kopuruak. Probak egiteko deiak etorri ziren, edonon musukoa erabiltzeko agindua... Ez dakit arriskurik dagoen musukoa mozal bilakatzeko. Batzuei ezartzea mesedegarri litzatekeela ez daukat dudarik, baldin eta mozalak balio badu erakusten duten joera horzkaria apaltzeko. Egia da izurri berriak ez duela nahitaez zuzeneko zerikusirik joera horretan, lehenagotik zekarrela askok, eta musukorik herskarienak ere agian ez lieke gaitza konponduko, baina esperimentua egin liteke. Halako kasuak konpondu baino, iruditzen zait musuko kirurgikoak erabiltzeak ebakuntza egiten duela harremanetan. Norbaitek kontatzen zidan duela ehun urte Ameriketara artzain joaten ziren euskaldun haiei, bertan mende laurden igaro ondoren itzultzen zirenean, “Kaixo; etorri al haiz?!” esan eta sorbaldan zaplada abegikor bat ematea izango zela semeari edo anaiari jaiotetxean egiten zioten ongietorri beroa. Garaiak ere beste batzuk zirela esan liteke, denetik zegoela urri eta besarkadak eta musuak ere ezin purra-purraka banatu. Noizbait iritsi ziren garai hobeak, besarkada eta musuen oparotasuna, eta nolabait konturatu ginen harremanen osasungarri ere bazirela besarkada eta musu horiek, eta gustatzen zitzaizkigula, eta besarkatu eta musukatu egiten genuen sorbaldan zaplada abegitsu baina murritza eman ordez. Eta orain, hara nola, hara zelako abelera narrasean, musukoa ezartzen digute legez, isunen mehatxuarekin, hurbiltasunari ordez tarteari leku eman diezaiogun. Esango digute neurri beharrezko baina iragankorrak direla, eta luzera gabe asmatuko dituzte txertoak covid-19arentzat, baina ez dakit elkarrenganako erreparoarentzat erremedioa ez ote den asmatzen zailagoa izango. Eta aitortzen dizut, Antton, etxekoekin eta lagunekin elkartzean zer egin ez dakidala geratzen naizela, ezbai zalantzati horretan, badirelako besarkada eta musu sendatzaileak, eta horiei uko egin beharrak mesede baino kalte gehiago egiten duela iruditzen zaidalako. Eta aitortzen dizut, Antton, etxekoekin eta lagunekin elkartzean zer egin ez dakidala geratzen naizela, ezbai zalantzati horretan, badirelako besarkada eta musu sendatzaileak, eta horiei uko egin beharrak mesede baino kalte gehiago egiten duela iruditzen zaidalako.