06 SEPT. 2020 IRITZIA Ezina JOKIN URAIN Ezina ekinez egiten dela dio esaerak eta egia izango da, gezurra ez bada, neurri batean behintzat. Esaera errepikatu ere askotan egin digute, zerbaiti ekiteko orduan xaxatu nahian. Xaxatu, animatu baino. Erronkara ere emanak baikara, eta xaxatzea hobeto doakio apustuari, jokoari, lehia gabeko jardun saiatuari baino. Baina ezinak baditu hamaika ertz, eta ez denak leun-leunak. Beharraren ifrentzua da gehienetan, eta bizitzako edozein bidetan jartzen zaigu parean; inora ez doanak, ezeren beharrik ez duenak, ezertarako ezinik ez. Neure ezinen parean, hitz egiteko eta gauzak azaltzeko batzuek duten argitasuna miresten dut. Hitzaren dohaina dugu geureak edo besterenak esateko, egiak eta alegiak ereiteko purra-purraka. Lagunartearen eta elkarbizitzaren beharra dugu eta atsegin zaigu elkartzea, berriketan aritzea, gauzak kontatzea eta entzutea. Hitz egitearen eta entzutearen arteko orekan, hala ere, ezintasun handiak izaten ditugu sarri. Izurritearen ondorioz ezarritako itxialdiak giza harremanei egin dien kaltea aipatzen zuen lagun batek kafetan izotza urtu bitartean. Adin handikoei itxialdiak uzkurtasuna eragin diela, baina haurren sozializazioan ekarri duen kaltea ez dela nolanahikoa. Hilabeteetan ikusi ez dituzten aitona-amonekin berriro elkartzean nabarmena dela harreman etena, arrotzei legez begiratzen dietela ia, hitzik ere ez dietela egiten kasu batzuetan. Haurrak ez hitz egitea arazoren baten adierazle eta ezintasuntzat hartzen dugu, eta batzuetan horrela izango da. Gehienetan, baina, inguruan dutena ikusita, igoal ez dute esatekorik eta agian horregatik geratzen dira isilik, harriduraz beharbada, edo indiferentziaz. Negarra, irribarrea, behinolako dialekto ulergaitzen bat… aski dute. Bizitza guztian zehar jarraitzen dugu, bekozko ilunek salbu, negar eta irribarre egiten. Batzuetan ezin bereiziz bata eta bestea, inoiz hala-holako erabilerarekin, mainak eta tranpak eginez. Behinolako dialektoa apur bat eguneratzen saiatzen gara, baina ulertarazi ezina sekularra izango da gure artean. Hala ematen du. Eta, zenbat eta ulertezinago aritu, hainbat gehiago hitz egin beharra; adierazi nahi duguna azaltzea baino ezinago zaigu isiltasuna zein ederra den ulertzea. Dirudienez berezkotasuna baitugu ezina, Txus; batzuek esan ezina izaten dute, beste batzuek isildu ezina, eta ez dakit zein den okerrago. Haurrak ez hitz egitea arazoren baten adierazle eta ezintasuntzat hartzen dugu, eta batzuetan horrela izango da. Gehienetan, baina, inguruan dutena ikusita, igoal ez dute esatekorik eta agian horregatik geratzen dira isilik, harriduraz beharbada, edo indiferentziaz.