7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Aktore zipaioak!


Aktore lana ikusgaia, ikusgarria da, izan ere, horretarako egiten da, ikusleek ikus dezaten, ikus dezagun, baloratu eta epaitu dezagun. Batzuetan nabarmenegia da, eta, beste batzuetan, aldiz, nabarmendu gabe pasatzen da. Aurtengo Donostiako Zinemaldian euskal aktoreak inoiz baino ikusgarriagoak izan dira, ordea. Kanpoko izar handien faltan, gure artekoak izan dira alfonbra gorriko protagonista nagusiak. Etxekotzat ditugu gure aktoreak. Herri txikia izanik, oso erraza da hain gertuko sentitzea. Baina batzuetan, bertakotasun hori ia-ia jabetza bihurtzen da, aktoreei leialtasuna, fideltasuna exijitzera iritsi arte. Telebistan lan asko egiten duten aktoreekin gertatzen da bereziki, langile horiek gure etxeetan sartuta bizi direnez, sofakide edota ohekide sentitzen dituzte zenbaitek.

“Patria” telesailaren harira, bertan parte hartu duten aktoreekin asaldatuta agertu dira batzuk sare sozialetan. Jakin badakigu sare sozialak arriskuz betetako zulo beltzak direla. Baina zer-nolako ostia txarra duten… Jakin badakigu ere Aranbururen nobelan oinarritutako kondairak, errelato bakarra egiten duela, ez duela herri oso baten egia erakusten. Telesail honetako zenbait euskal aktorek Donostian egindako argazkiari “Zipaioak!” gehitu diote, duintasuna salgai ez dagoela esanez, denak ez duela balio. Duintasuna salgai ez dago, ados; denak ez du balio, jakina.

Aktoreen lana interpretatzean datza, antzeztean, pertsonaiak gorpuztean, asmatutako izakiak, fikziozkoak. Oso lan duina da. Izan ere, duintasunarekin eta koherentziarekin zalantzan hasiko bagina, gutako oso gutxik lan egingo genuke. Lanbide gehienek egiten dute, zuzenean ala zeharka, bidezkoak ez diren interesen alde. Farmazietan, tabernetan, merkataritza zentroetan, telefonia enpresetan, eraikuntzan, eta baita administrazio publikoaren alor askotan ere. Baina iritzi publiko horren aburuz, beharbada, langile horiek ez dira errudun izango, enpresak edo gobernuak izango dira deabru, eta, besteak, biktima. Zergatik demonizatu orduan aktore lana? Koherentziaren izenean ezin da lan bat zigortu, epaitu. Zer eta etengabeko prekaritatean dagoen lanbide bat, gainera, Hego Euskal Herrian bereziki.

Hizkuntza eta kultura zapaldua da gurea. Zanpatua. Asko dugu eraikitzeko, sortzeko eta aldarrikatzeko. Aktoreak, beste hainbeste sortzaile bezala, ezin dira militantziaz soilik bizi. Beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, gure herriaren gaineko bestelako errelatoak kontatzen dituzten telesailak eta filmak. Ikusiko dugu telebistan Altsasuko telesailak zer ekarriko duen, esaterako. Fikziotik kanpo, baditugu ezinbesteko diren ikus-entzunezko lanak, “Non dago Mikel?” dokumentala, esaterako.

Baina ez ditzagun antzezleak barazki eta porruen artean ezkutatzera bidali, zer eta haien lana egiteagatik. Ez gaitezen horren patriarkal izan, denaren jabe, “patria-karlistak”. A, noski, eta bihar aktore zipaio hauetako bat Espainiako lekurik ilunenetan boikotatzen dutenean, orduan bai, adierazpen askatasunaren alde egingo dugu, ofizioaren alde, nor bere lana egiteko aske dela aldarrikatuko dugu.