03 JAN. 2021 IRITZIA Inor ez begira GALDER PEREZ Estreinatu berri dugun urtea inor begira izango ez bagenu bezala hasi nahi genuke. Libreago gara inor begira ez daukagunean. Ahazteko moduko urte zaharra eman dugu, denok elkarri begira. Mamu handi eta iluna izan dugu denoi so eta, aldi berean, bata bestea kontrolatzen bezala pasatu genituen egunak eta asteak. Etxean, inoiz baino denbora gehiago eman arren, zelatatze giroa sentitu dugu egunerokoan. Ez gara libre izan, ez gara aske sentitu, ezin izan dugu hainbeste maite eta behar dugun gauza mordoa egin. Has dezagun urtea, beraz, inor begira izango ez bagenu bezala. Sekretupean eta intimitatean egin ohi ditugu barrenetik ateratzen zaizkigun gauzarik ederrenak, beste inork kontrolatzen ez gaituela, inoren epairik gabeko akzio askeez gozatuz. Ilunpean gertatzen dira askotan gure akziorik libreenak; pentsamendurik ederrenak begiak itxita etor daitezke. Baina izan ditzagun begiak zabalik eta atera gaitezen argitara gure mugimenduak erreprimitu gabe. Musukoaren azpitik, ezkutuan, kaletik abesten joaten garen bezala, dantzan hasiko dugu urte berria. Hankak moztu izan balizkigute lez, urte zaharrean dantza gutxi egin dugu. Plaza publikoan behintzat ez dugu egin dantzan. Gutako askok etxean egin dugu dantzan ezkutuan, inor begira ez geneukala. Gure koreografia trakets bezain askeei kaleak betetzeko unea iritsi zaie. Besteek esan eta pentsatuko dutenak bost axola; kritika eta beldurrei kasurik egin gabe, dantzari joango gara kaletik. Urte berrian gure gorputzekin itzalita izan dugun konexioa berpizteko garaia da, espektatibarik gabe adierazi eta dibertitu gaitezen dantzan, horrek egingo gaitu berriz ere libre. Ausardiaz ekingo diogu urteari dantza garaikideko pauso berriak asmatuz, balsean galduz zein jota, tango, cumbia, swing, klake, zazpi jauzi, sagar dantza edo dena delakoarekin. Baina dantzan. Norentzat eta gure buruarentzat ezinbesteko bihurtuko ditugu dantzaldi berriak. Inor guri begira egongo ez balitz bezala jolasean biziko gara. Hainbeste hitz eta pentsamenduren ostean, norberak bere buruari dantza egitea ezinbestekoa da. Beharbada horrela jasoko ditugu hain beharrezkoak ditugun erantzunak. Eta trukean ezer jaso ezean ere, lasaialdia lortuko dugu, barrenak hustuta. Baina ziur naiz gorputzek badutela esateko asko. Urtea gorputzari entzuten hasiko bagenu, sendoagoak bihurtuko genituzke gure pauso ahulak. Baina batez ere, hau dena eginez gero, gure gorputza dantzaldi propioetan libre utzita, inor begira ez dagoela, mugimenduaz gain, protagonista izango ginateke, gure mugimenduen gauzatzaile, gure arnasaren eta bizitzaren egile, ahaztuta genuen gure bizitzako benetako protagonista. Ilunpean gertatzen dira askotan gure akziorik libreenak; pentsamendurik ederrenak begiak itxita etor daitezke. Baina izan ditzagun begiak zabalik eta atera gaitezen argitara gure mugimenduak erreprimitu gabe.