16 MAI 2021 IRITZIA Hasierak Amaia Uribe Bi hasiera mota daude bizitzan: hasiera alaiak eta hasiera tristeak. Eta hori argi ikusten da txikiak garenetik. Eskolako lehen eguna iristen denean ume batzuk pozarren egoten dira eta beste batzuk, negar batean. Gogoan dut New Yorkera etortzeko hegaldia hartu nuen unea. Negarrez esan nien agur gurasoei, senarrari eta bi urteko semeari. Malko artean igaro nuen segurtasuneko kontrola. Neska bat hurbildu zitzaidan ea ondo nengoen galdetuz eta ezezagun haren aurrean hustu nuen barrua. «Ez nago ondo. Lan erronka berri bat hasiko dut etxetik oso urrun». Nora nindoan galdetu zidan aireportuko neskak. «New Yorkera», erantzun nion. Baina ez ninduen epaitu. «Badakit zer den hori. Sevillan lana aurkitu nuenean, negarrez atera nintzen Bilbotik eta negarrez iritsi nintzen Sevillara. Baina badakizu zer? Gauean ilargira begira jarri eta pentsatu nuen nire senide eta lagunak ere ilargi bera ikusten egongo zirela». Amak kontatzen du hiru urterekin koilara bat hartu eta ispiluaren aurrean berbetan hasten nintzela: «New Yorketik berriemaile, Amaia Uribe». Eta txikitako amets hori betetzeko unea iritsi zenean, ni neu ere harritu nintzen izan nuen erreakzioarekin. «Munduko hiririk ederrenera zoaz», esaten zidaten lagunek. «New Yorkeko korrespontsala izango zara», esaten zidaten lankideek. Baina dena kontrolpean izan nahi duten pertsona horietakoa naiz eta izua ematen zidan errealitate ezezagun batera salto egiteak. Eta kontzientzia ez neukan batere lasai, senarra eta hiru urteko semea munduko beste puntaraino eramango nituelako. Gogorrak izan ziren lehenengo egunak, gogorra baita New York. Negu betean iritsi nintzen eta hezurretaraino sartzen den hotza zer den ikasi nuen. Eta ametsetako hiriaren alde iluna ikusten hasi nintzen. Turista moduan ikusten ez den hori. Handik aste batzuetara, senarra eta semea etorri ziren eta indibidualismoz eta lehiaz beteriko hirian apurka-apurka familia bat aurkitu dugu. Badugu ikerlariz beteriko kuadrilla bat. Baditugu etxe azpiko parkean ezagutu ditugun jatorri eta azal kolore guztietako lagunak. Eta konpetentzia diren hedabideetako kazetariekin lehiarik gabeko erredakzio bat sortu dugu. Hiru urte eta erdi igaro dira eta, oraindik ere, gau batzuetan ilargira begira egoten naiz, baina ez naiz pauso hau eman izanaz damutzen. Estatu Batuetara etorri izanak ateak ireki dizkit eta, ziurrenik, hemen egon izan ez banintz, ez nukeen Zazpikako zutabe hau idazteko aukera izango. Hamabostero, New Yorkeko, Estatu Batuetako edota munduko kontuak ekarriko dizkizuet. Beste hasiera bat da hau. Baina lasai. Oraingo honetan, irribarre batekin eta ilusio handiz hasten dut abentura berri hau. Hamabostero, New Yorkeko, Estatu Batuetako edota munduko kontuak ekarriko dizkizuet. Beste hasiera bat da hau. Baina lasai. Oraingo honetan, irribarre batekin eta ilusio handiz hasten dut abentura berri hau.