23 MAI 2021 IRITZIA Jolasaren larria Amagoia Mujika Dublingo tren geltoki batean gertatu da. Trenetik jaitsi berri da mutil kuadrilla bat, gehienak bizikletaren gainean. Trena abiatzear da eta adin paretsuko neska talde bat korrika dator, presaka. Denak nerabeak dira, mutilak zein neskak. Geltokiko nasaren parte handiena mutilek okupatuta dago. Neskak bazterretatik eta zirrikituetatik pasatzen dira. Bitartean, mutilek traba eta oihu egiten diete. Pasaeran, mutiletako batek ostiko bat ematen dio nesketako bati aurpegian bete-betean. Neskek ez dute atzera begiratzen, ahalik azkarren saiatzen dira trenera sartzen. Baina horietako bat, larriaren larriaz erasoari iskin egin nahian, trabatu eta nasaren eta bagoiaren arteko zulotik erortzen da. Lazgarria. Sekulako inpresioa egin dit bideoak. Ikara handiena eragin dit ez nauela harritu. Ikara handiena sortu dit edozein tokitako edozein espazio publikotan gerta zitekeela. Umetako jolasgaraiekin akordatu naiz. Micasa markako baloi zuri-beltz gogor haiek etorri zaizkit gogora. Jolastokia mutilena zen, mutilen futbolarena. Eta baloikada bat jasotzen bagenuen errua gurea zen, ez zegokigun tokian geundelako. Ausartenak mutilekin futbolean jolastera ausartu ginen noizbait. Ez zen ondo atera, orduan jokoaren helburua baloiarekin gu astintzea bihurtzen baitzen. Indar erakustaldi hartan, gero eta astindu gogorragoa jaso, orduan eta interes handiagoa sortzen zenuen mutil harengan. «Los que se pegan se aman», kantatzen zuten ingurukoek. Eta denak pozik; mutila baloiarekin bere helburua markatu zuelako eta neska aukeratua izan zelako. Izterrean sekulako ubelduarekin, baina aukeratua. Nerabezaroko parrandekin ere akordatu naiz. Pentsa, pixagura zenuela eta tabernara bakarrik sartzen zinela. Mutil kuadrilla baten tartetik pasatu beharra sufrikarioa bihur zitekeen. «Nora hoa rubia?». Ez dakit zergatik gizonezko batzuentzat ehizaki guztiak «rubia» diren, nahiz ilearen kolorea beste bat izan. Komuneko atera iristerako kasik pixagura ahaztuta zenuen, bestelako larritasunek hartzen zuten pisua. Eta gure amonarekin ere akordatu naiz. Behin esan zidan ez zela sekula taberna batean bakarrik sartu, espazio hori gizonena zela eta ez zegoela ondo ikusia emakume bat tabernara bera bakarrik sartzea. Ikastolan irakaslearen galdera bat erantzuteko inoiz besorik altxatzen ez duten neskatoekin ere gogoratu naiz. Galderaren erantzuna zuzen jakin arren, beren ahotsa ezkutatzea nahiago dutenekin. Eta familia bazkarietan sekula txisterik kontatu ez duten emakumeekin ere akordatu naiz. Eta tristatu egin naiz, neskato bat ikaratzea eta neskato bati traba egitea jolas bezala bizi duten mutikoak sortzen segitzen dugulako. Dublingo tren geltoki batean pasatu da: mutil kuadrilla batek oihukatu, trabatu eta ikaratu egin du neska kuadrilla bat, jolas bat balitz bezala. Sekulako inpresioa egin. Ikara handiena eman dit ez nauela harritu eta edozein tokitako edozein espazio publiko izan zitekeela.