23 MAI 2021 Basarmortu musikal pandemikoa Musika aretoak, lur mortuan Zuzeneko musika ekitaldiak zuloaren zuloan daude, burua altxatu ezinik. Ez dirudi, gainera, datozen hilabeteotan susperraldi handirik izan dezaketenik. Areto pribatu gehienek itxita jarraitzen dute edo, kasurik onenean, kontzertu solteak programatzen dituzte erakundeek antolatutako zikloei esker. Argazkiak: Raul Bogajo | Foku Jon Pagola Basamortu bat ari dira igarotzen. Haien egoera jasanezina bihurtu da eta instituzioek ez dizkiete areto pribatuei inolako laguntza zuzenik eskaini. Egoera kroniko bihurtzen bada, batzuk bidean geldi daitezke betiko. Pandemiak eztanda egin zuenetik, kontzertuak erregulartasunez programatzen ari diren bakarrak antzoki publikoak dira. Hots, Victoria Eugenia, Kursaal, Arriaga, Euskalduna, Baluarte, Gasteizko Principal antzokia… Iparraldean egoera latzak bizi izan dituzte, eta leku publiko guztiak –zinemak, antzokiak, museoak…– itxita egon dira. Biarrizko Atabal aretoaren programazioaren egituran eragina izan dezaketen aldaketak aurreikusita, pixkanaka eskainiko dituzte kontzertuak datozen hilabeteetan. Ekainaren 3an Madball hardcore taldea oholtzaratuko da eta uztailaren 3an, berriz, Sebastien Tellier izarraren pop elektronikoa ikusgai izango da. Oraingoz musikaren festak itxaron egin beharko du. Kultura Live zuzeneko musika eskaintzen duten Euskal Herriko areto pribatuen elkartea da. Egiten duten erradiografia gordina da oso. «Konturatzen al da administrazio publikoa Euskal Herrian sortu, eratu eta sendotutako musika eszenan areto pribatuak ezinbesteko aktoreak direla? Gure ekosistema musikalaren motorraren ezinbesteko pieza dira. Ba al dago laguntzeko borondaterik? Ezinezkoa da dirulaguntza publiko gabe kontzertu bat antolatzea. Ondorioz, kontzertu areto pribatuak desagertzeko zorian daude. Antolatzaileon energiak irauten duen bitartean iraungo dute zabalik aretoek», salatu du elkarteak. Zehar kalteak ugariak dira. Hasteko, talde txiki eta independenteek ez dute euren burua ezagutzera ematerik. Kultur Liven esanetan, «eraikin sare bat galtzeaz gain, talentu berria bultzatzeko sarea ere galduko dugu. Urteen poderioz nazioarteko taldeen biren zirkuituan egotea lortu ostean, hori ere galduko dugu». Elkarteko ordezkariek azpimarratu dutenez, «kultur plan bat ezinbestekoa da kontzertu aretoak babestu ahal izateko». Juancar Garcia, Irungo Bloody Maryn. Gauza asko bateratzen dira bertan; denda, zigilua eta underground topagune garrantzitsua da besteak beste. Argazkia: Andoni Canellada | Foku Irungo Bloody Mary gauza asko da. Denda bat. Zigilu bat. Underground topagune bat. Eta nola ez, Juancar Garcia. 30 urte bete zituen Bloody Mary dendak urrian eta ospakizuneko kontzertua Andoaingo Bastero aretoan egin zuten. Joseba Irazoki eta Granadako Pelomonok jo zuten Irungo Amaia antzokian urte hasieran. Rock festa handia izan zen. Egoera ikusita, nahikoa egin du Garciak. «Tokiko artistek kanpokoekin oholtzara igotzeko aukera izatea bermatu nahi izan dugu beti. Urtebete baino gehiago daramagu pandemiarekin eta tamalez atzerriko artistek ezin izan dute etorri». Bloody Maryko buruak erakundeen inplikazioa premiazkoa dela dio. «Ezinezkoa da laguntzarik gabe kontzertuak antolatzea. Erakundeen babesa lehen unetik aldarrikatzen ari naiz, ez kontzertu bat ikusi eta gozatze hutsagatik, artistei lagundu ahal izateagatik baizik, pandemiak egoera ekonomiko kritiko batera eta etsipenera eraman baititu. Uste dut udalek askoz gehiago inplikatu beharko luketela». Euskal Herriko gaztetxe, areto txiki eta ertainen egungo egoera nolakoa den ere aztertu nahi izan dugu, eta haiekin kontaktuan jarri gara. Ondorio nagusietakoa argia da: goibela da panorama. Getariako gaztetxea. Zarauzko Putzuzulo gaztetxea eraisten ari dira, kili-kolo dabil Hondarribikoa, Oñatiko Antixenan mobilizazioak egon dira poliziaren jazarpena jasan ondoren… Egungoak, beraz, ez dira garai onenak Gipuzkoako gaztetxeentzat. Getarian badago bat herriaren sarreran, non, bestelako ekimen ugariz aparte, pandemia aurreko aroan kontzertu mordoa ere antolatzen ziren. 2003az geroztik, 800 talde igo dira Eskualtxea kultur gunean kokatutako agertokira, asko nazioarteko izen potenteak. Meritu propioz irabazi du fama Getariako gaztetxeak. Musika alternatiboaren erromesaldi gune bihurtu da Garmen Arrese, Juanma Dagger eta Ion Arakistainen lanari esker, besteak beste. Madrilgo Rata Negra post-punk taldeak eman zuen azken kontzertua. Karratu forma duen Gaztetxea lepo bete zen. «Garai zaharrari agur esateko azken gau gogoangarria izan zen», adierazi du Arakistainek. «90 pertsona inguru bildu ziren. Azkenaldian jende dezente animatu izan da, batez ere proposamenak interesgarriak suertatu zaizkiolako publikoari». Gaur egun oso bestelakoak dira kontuak eta garai berrietara egokitzen ari dira. Gauzak nola dauden jakitun, Udalarekin duten harremana «ona» dela azaldu dute: «Protokolo guztiak betetzen badira, udala ados agertzen da gaztetxearen jardunak aurrera egiteko». Abenduaren 29an Hondarribiko Dut taldeari buruzko liburu baten aurkezpena egin zuten. Hura izan zen gune autogestionatuaren azken jarduera. 90eko hamarkadan post-hardcore doinuak zabaldu zituen kultuzko hirukoteak eragina izaten jarraitzen du. Guztira 25 bat lagun gerturatu ziren taldearen historia hobeto ezagutzeko helburuz. Gaztetxearen esanetan, «proba ona izan zen garaiotan egin daitekeena ikusteko». Laster ohiko jarduna berriro martxan jarri nahi dutela iragarri dute arduradunek. «Datozen hilabeteetan gauzak antolatzeko prest da jendea», diote esperantzari leiho bat irekiz. Udarari begira, gaztetxeak «barruko eta kanpoko ekintzak» tartekatuko ditu. Azken gogoeta bat luzatu dute. «Gaztetxearen etorkizuna, jakina, ez da lehen bezalakoa izango. Urteen poderioz murriztu egin da kontzertu kopurua eta momentuz belaunaldi berriek ez dute erreleboa hartu. Hori bai, herri mailan aritzea da gehien motibatzen gaituena eta, neurri apalago batean bada ere, aurrera egiteko gai izango gara etorkizunean». Juan Uriarte, Hell Dorado aretoaren atarian. Hogeigarren urteurrena betetzen du aurten aretoak, baina egoera ez dago ez ospakizunetarako. Argazkia: Raul Bogajo | Foku Gasteizko Hell Dorado aretoa. Juan Uriarte da Gasteizko musika zirkuituaren arkitekto nagusietakoa. 2000. urtean Hell Dorado elkartea sortzea erabaki zuen beste lagun batzuekin batera. Zerotik hasi ziren, deus ere jakin gabe. Garai hartan, gezurra dirudien arren, ez zegoen kontzertu aretorik Gasteizen. 2001eko urtarrilaren 26an, Sex Museum talde madrildarraren kontzertuarekin estreinatu zuten aretoa. Rock-and-rollaren erroak barne-barnean eraman dituzte, eta Hell Doradoren marka fidagarria zabaltzen joan da, baita Euskal Herritik kanpo ere. Berez, 2021 madarikatu honetan rockaren tenpluaren hogeigarren urteurrena ospatzen da. Zerbait egingo ote duten galdetua, Juanek argi erantzun du: «Ez dago ezer ospatzeko, ezta pentsatu ere». Zailena egin dute: bizirik irautea. «Bizirik bagaude Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta INAEM Espainiako Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutuak emandako laguntzengatik da. Vital Fundazioarekin kolaborazio puntualak ere izan ditugu. Ez dago borrokatzeko modurik ateak itxita dituzunean: laguntzetara jo eta otoitz egitera behartuta gaude. Benetako infernua izan da, eta bidea ez da ez urre kolorekoa izan». Segidan, instituzio publiko eta politikariei mandatu bat igorri die: «Botina eman eta behingoz desegin daitezela». Hainbat kontzertu atzeratu behar izan dira Hell Doradon, osasun egoera dela eta. Zerrenda luzea da: The Soulbreaker Company, Vulk, Pela Cobra… Udaberria hasi zenetik ez dute kontzerturik antolatu eta, are okerragoa dena, «ez dakigu noiz izango den hurrengoa. Ezinezkoa da gureak bezalako ezaugarriak dituen areto batean kontzertu bat programatzea egungo murrizketekin», salatu du Uriartek. Hell Doradoren terraza arnasbidea izan da eta, eguraldi ona egiten duen egunetan –«Gasteizen ekainean elurra egin dezake», dio txantxetan–, jendez betetzen da. Momentuz neurriak malgutzeko modurik ez dagoenez, instituzioen «laguntza zuzenak» eskatu ditu aretoaren arduradunak, «haiek baitira itxita egotera behartzen gaituztenak». Bere burua «errealista» gisa definitu du Juan Uriartek. «Errealista naiz, eta, kasurik onenean, espero dut 2022an egin ahal izango dugula lan baldintza onargarrietan, eta, %100ean, 2023an». Zilia Heredia. Donibane-Ziburuko gaztetxea. Lafitenia hondartzatik gertu dago Donibane-Ziburuko gaztetxea. 1991n ireki zituen ateak eta antolatzen dituzten kultur ekitaldiek harrera ona dutela esan daiteke biltzen duten jendetza ikusita. Zuzenekoen bidez irabazi dute merezitako ospea. Ipar Euskal Herrian neurri zorrotzak ezarri zituzten udazkenean eta Donibane Lohizuneko eta Ziburuko gazteak biltzen dituen espazio autogestionatua itxita dago. Bertako kide da Zilia Heredia. Ipar Euskal Herriko errealitatea krudela da. «Gaztetxeak udan ez du aktibitaterik, beraz ez genuen aldaketa handirik nabarmendu. Baina urrian konfinatuak izan ginen, eta hainbat gune ixteko agindua heldu zen. Geroztik, ostalaritza sektoreko eta kultur arloko establezimenduek itxita jarraitzen dute. Nahiz eta bizitzak aurrera segitzen duen, kontzertu, antzerki eta ikusgarririk gabe bizitza ez da hain alaia. Kultura gure ongizaterako ezinbesteko giltza da». Gaztetxearen 30. urteurrena ospatzeko irailean egitekoa zen jaialdi berezia bertan behera utzi dute. Asko jota, egitarau xume bat eskaini ahalko diete herritarrei. «Ea zeozer antolatzeko baimena dugun», dio Herediak. «Egoera zaila da, eta kultur arloko establezimenduek itxita egon behar dute legez. Beraz, zerbait antolatuz gero arriskua beti hor da, are gehiago kontuan hartuta lokala Herriko Etxearena dela». Iruñeko Melenas eta Lapurdiko Daudene taldeek jo zuten gaztetxeko azken kontzertua, iazko martxoan. «Sekulako gaualdia izan zen eta jende anitz gerturatu zen». Herediak nabarmendu bezala, «musika ona» entzuteko aukera izan zuten bildutakoek. Gaztetxearen jarrera positiboa da eta espero dute «momentu batean edo bestean aktibitateak berriz martxan jartzea, garaian bezala eta beharbada beste modu batera ere bai. Seguruenik, egokituz joan beharko dugu». Behin-behineko aterabidea, kanpoalde zabala aprobetxatzea izan daiteke. Paisaia eta naturaz gozatzeko leku ederra da Donibane Lohizuneko Akotze auzoan kokatuta dagoen gaztetxea. «Ekimen politak antolatzeko aproposa da. Beraz, jarrera positiboa mantenduko dugu. Geroak zer dakarren ez dakigu, baina hausnarketak segituko ditugu leku miresgarri horretan dugun gure gaztetxea xutik eta bizirik mantentzeko». Bermeoko Kafe Antzokia. 1995eko abenduan abiatu zen Kafe Antzokiaren proiektua Bilbon eta hark egindako bideari jarraituz antzeko proiektuak sortu ziren Euskal Herriko hainbat lekutan. Bermeok badu bere Kafe Antzokia, 2008tik. Euskalgintza, kultura eta ostalaritza dute ardatz. Bermeo musikaz blai egon da beti, edonon izan dute estilo orotako musika entzuteko aukera. Pandemiaren aurretik zuen martxa berbera hartzeko hilabeteak pasako dira, urteak seguruenik. Covid-19aren aurreko garaiak atzean geratu dira; orain egoera oso bestelakoa da. Bizirik dago Bermeoko Kafe Antzokia, baina, hala ere, ez da betikoa. “Beste bat!” zuzeneko arteen zirkuituaren eskutik zortzi kontzertu eta antzerki antolatu dituzte pasa den otsailaren amaierara bitarte. Musika Bulegoak jarri du martxan, EAEko Antzokien Sarearekin elkarlanean, eta Lakuako Gobernuak diruz lagundu du ekimena. Esperientzia «positiboa» izan dela diote Bermeoko Kafe Antzokiko arduradunek, baina euren ikuspegitik ez dira betetzen aretoa behin betiko berriro irekitzeko baldintzak. Dirulaguntzarik gabe etorkizuna ez dago bermatuta eta ezinezkoa egiten zaie indarrean dauden neurriekin ekitaldi kulturalak antolatzea. «Ez dakigu kontzertuak noiz bueltatuko diren. Sarreren salmentak ez gaitu salbatzen. Edozein negozio bezala, irekitzea dirua kostatzen da. Musika teknikariei ordaindu behar zaie, taldearen katxea ordaindu behar da… Bai egoera ekonomikoa bai animikoa ere oso txarrak dira», adierazi dute. Bahituta sentitzen dira. Abandonatuta. «Osasun neurriak zuzen betetzen ditugu», azpimarratu du Bermeoko Kafe Antzokiak. Mota guztietako maskarak ikusten dira kontzertuetan, gel hidroalkoholikoa dago nonahi eta eserlekuen arteko segurtasun distantzia errespetatzen da. «Laguntza gehiago? Ez, benetako laguntzak dira behar ditugunak. Orain arte propinak eman dizkigute. Ez dugu tranpa horretan etengabe erori nahi». Gobernu espainolak zenbait funts sortu ditu enpresen porrota eragozteko. Horietako bat ICO maileguak dira, baina kredituak bueltatu egin behar dira. Hor dago koxka. Eta buruhaustea. «Ulertzen dugu osasun aldetik negozioak itxi behar dituztela, baina erabaki horren truke laguntza zuzenak behar ditugu. Diruarekin ordaindu behar da».Pedro Marques, Iruñeko Nebula tabernan. Zenbait berrikuntza lan egiten ari dira eta bere asmoa goiko partean kontzertu txikiak egiten hastea da, betiere, noski, egoerak ahalbidetzen duenean. Argazkia: Idoia Zabaleta | Foku Iruñeko Nebula taberna. Lehendabizi, tabernako barran erosi behar da sarrera. Behin ordainduta, eranskailu bat emango dizute, salbokonduktoa beharrezkoa baita Nebulako sotora joateko. Eskailerak jaitsi, komunak albo batean utzi eta gela txiki batean agertuko zara. Agertokia apaintzen duten koloretako bonbillek emango dizute ongi etorria. Nebulako sotoan laurogei lagun inguru bil zitezkeen lehen, aretoa sardina lata handia bilakatzeraino. Pandemia heldu aurretik, xarma berezia zuten Alde Zaharreko San Frantzisko kalean egiten ziren kontzertuek. Musika independentearen izen handiak izan dira Nebulako sotoan. Besteak beste, The Shivas, Les Grys-Grys, Holy Wave, The Sadies, The Telescopes, Craig Brown eta Zebra Hunt. Iazko martxoaz geroztik, baina, Euskal Herriko rock-and-roll tabernarik maitatuenetako eta aktiboenetako bat itxita dago. «Hiruzpalau egunetan ireki nuen sanferminetan, baina arazo asko izan genituen. Denboraldiren bat ireki dugu. Edukiera barregarria zen eta ordutegiak ere ez zuen laguntzen, beraz, ez zuen merezi irekitzeak», dio Pedro Marques Nebula tabernaren jabeak. Bidea ez da erraza izan. «Ahal dudan moduan bizirauten dut. Laguntzaren bat jaso dut, baina, egia esan, ez da nahikoa». Tabernaren barrualdea atondu du. Gustura dago emaitzarekin, pozik. Ostrazismotik ateratzeko animoak eman dizkio. «Dena ondo badoa, espero dut irailean berriro irekitzea. Bezeroek hobekuntza handia nabarituko dute. Udazkenean nolabaiteko normaltasunarekin ireki nahi dut taberna. Edukiera handiagoa izango dut ordurako», adierazi du esperantza izpi batekin. Orain arte ez du izan terraza jartzeko aukerarik. Horretarako, San Frantzisko kalea oinezkoentzat prestatu beharko lukete. Agian, egunen batean... Ez du militantzia musikala alboratu Marquesek. Sotora itzultzeko «denbora asko» pasa beharko da oraindik, baina bere pasioari segidan helduko dio. Erreforma gauzatu ondoren, tamaina txikiko kontzertuak lehen solairuan antolatzea gustatuko litzaioke. Pim Pam Ville jaialdiaren buru ere bada eta bosgarren edizioa aurrera doala aurreratu du.