13 JUIN 2021 IRITZIA Armen herrialdea Amaia Uribe Gure 5 urteko semea eskolan hasiko da irailean. Estatu Batuetan sistema ezberdina da eta orain arte haurtzaindegian egon da (bai, Euskal Herriko soldata bat baino gehiago kostatzen den haurtzaindegi horietako batean). Orain, baina, etxe alboko eskolara joateko sasoia heldu zaio. Eskola guztietan bezala, ikasgelak, jantokia eta patioa ditu, baina baita segurtasuna zaintzen duen polizia bat ere. Ez dauka armarik, baina New Yorkeko Polizia Saileko langilea da. Gogoan dut eskola horretara sartu nintzen lehenengo eguna. New Yorkera iritsi berritan, nire aurretik egon zen korrespontsalak eraman ninduen bere semeen ikastetxea zena eta gerora nire semearen ikastetxea izango zena ikustera. «Polita da, e?», esan zidan. Baina niri barrua astindu zidan ateko gizon uniformatua ikusteak. Banekien institutuetan-eta poliziak zeudela. Baina semearen eskolan agente bat egongo zela ikusteak Estatu Batuen errealitateaz ohartarazi ninduen. Hiru urte eta erdi daramatzat New Yorken, eta dagoeneko ez dakit zenbat tiroketaren berri eman dudan. Egunero egoten dira tiroketak eta urtean 30.000 lagunetik gora hiltzen dira armen ondorioz. Baina lau hildakotik gora ez badaude, ez dira tiroketa masibotzat hartzen eta, hortaz, ez dira komunikabideetan agertzen. Eta askotan, gai politikoak edo ekonomikoak baldin badaude, tiroketak kontatu ere ez dira egiten. Mundu mailan arma gehien dauden herrialdea da hau, biztanleak baino arma gehiago baitaude. Azken hilabeteotan, gainera, marka guztiak hautsi dira eta 17 milioi lagunek lehenengoz erosi dute pistola bat. Eta aitortu behar dizuet honek guztiak izutu egiten nauela. Kotxe bat alokatu eta familian bidaia bat egitera joaten garenean senarrari esaten diot inori klaxonik ez jotzeko eta inorekin eztabaidan ez hasteko, inoiz ez baitakizu nork izan dezakeen pistola bat kotxean. Eta Texasen edo Floridan supermerkatu handi horietako batean sartzen naizenean, ahalik eta denbora gutxien igarotzen dut barruan. 1986an hasi ziren agenteak eskoletara bideratzen eta New Yorken, adibidez, Eskola Segurtasunerako 5.511 agente daude une honetan. Baina zer nahi duzue esatea, estatubatuarrentzat ohikoa dena, niretzat arrotza da. Eta semearen eskola atarian ustez gurasoak lasaiago egoteko jarri duten agente horrek urduri sentiarazten nau. Egunero izaten dira tiroketak eta urtean 30.000 lagunetik gora hiltzen dira armen ondorioz. Baina lau hildakotik gora ez badaude, ez dira tiroketa masibotzat hartzen eta, hortaz, ez dira komunikabideetan agertzen. Eta askotan, gai politikoak edo ekonomikoak badaude, tiroketak kontatu ere ez dira egiten.