25 JUIL. 2021 Udako irakurraldiak Zenbait gomendio erabat pertsonal Ezer baino lehenago, jakinaren gainean jarri nahi zaituztegu: jarraian Miren Artetxek (“Liburuen txokoa”) eta biok gomendatuko dugun zerrenda osatzeko erabilitako irizpidea erabat subjektiboa izan da, pertsonala oso. Hau da, gure zaletasunetik edaten du, inolako lotsarik gabe. 2021ean argitaratu diren eta gustukoen izan ditugun edo irakurri nahi ditugun zenbait libururen –asko kanpoan geratu dira– orrialdeen artean gal gaitezen! Amaia Ereñaga Familiako lexikoa Natalia Ginzburg • Igela • Eleberria Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak ekarri dute euskarara klasiko eder hau. Intimoa oso, sustrai autobiografikoa duen arren, eleberri gisara irakurri behar da. Ez da familia italiar judu baten biografia soilik, anekdota eta oroitzapenei tiraka, II. Mundu Gerraren bueltako Italiako testuinguru politiko-soziala marrazten baita bertan, faxismoaren gorakada eta nazien okupazioa arte. Familiaren memoriaren matazatik tiraka, gizartearen memoria eraiki du. De piedra y hueso Bérengère Cournut • Errata naturae • Eleberria Aurretik hopi natiboekin egin zuen legez, Berengere Cournut idazle frantsesaren nobela liluragarri eta eder honek inuit kulturaren atea zabaltzen digu. Protagonista Uqsuralit neskatoa da. Arrakala baten erruz, bat-batean bakarrik geldituko da, etxekoak izotz plaka baten alde batean; bera, bestean. Bizirik irauteko egingo duen ibilbidean lagunduko diogu. “De pierre et d’os” (Le Tripode) liburuak 2019ko Estatu frantseseko Fnac saria jaso zuen. Aupa Pou! Eneko eta Iker Pou • Sua edizioak • Abentura liburua Pou anaia arabar eskalatzaileen nondik norakoak biltzen dituen biografia tankerako lan hau euskaraz nahiz gaztelaniaz irakur daiteke. Hasi zirenetik gaur egunera bitarteko ibilbidea errepasatzen du, baina ez da soilik kirola maite dutenen gustukoa izango, kirolaz harago pertsonalki “biluztu” egiten direlako. Hainbat bitxikeria eta aitorpen egiten dituzte... esaterako, mendia nola aldatu den adierazteko: lehengo erromantizismotik, egungo muturreko lehiara. X ha muerto Alaine Agirre • Consonni • Narratiba Alaine Agirreren bigarren eleberri bizi, berezi eta kitzikagarria gaztelaniara pasatu du Bilboko Consonni argitaletxeak... aukera bat opari egiteko edo, bide batez, euskarazko oinarrizko bertsioa berreskuratzeko. Heriotza abiapuntu hartuta, erritmo zuzenarekin sabelean kolpatzen dizu hastapenetik Bermeoko idazleak, eta ez zaitu askatzen. 2016an Zilarrezko Luma irabazi zuen ipuin sorta bikain hau obsesio bati buruzkoa da, modu obsesiboan kontatua. Territorios improbables Pedro Torrijos • Kailas • Arkitektura eta bidaiak Laugarren edizioa du jada, eta argitaratu berria da. Egileak sare sozialetan duen oihartzuna ikusirik, ez da harritzekoa. Pedro Torrijos arkitektoak ostegunero #LaBrakanTorrijo traolarekin bere Twitterreko kontuan –gaztelaniaz eta ingelesezko orrialde dexenteri lotura eginez– kultura dibulgazioa egiten du modu dibertigarri eta interesgarrian. Honen adierazle hauxe, bidaia liburu bezala irakur daitekeela, askotan gidaliburuetan ere agertzen ez diren leku zoragarri eta arraroen istorioak ekarri dituelako paperera. Euri zitalari esker Itxaro Borda • Susa • Nobela beltza Behin eta berriz gomendatuko ditugu arauzkoaz kanpoko Amaia Ezpeldoi detektibearen istorioak. Sei liburuz osatutako bildumaren azkena ei da, erretiroa hartzear baitago Ezpeldoi. Alta, dei bat jasoko du ezustean: Maddiren ama da, Landetara ezkondu zen alabaren berri ez duelako izan aspaldi. 4x4a hartuta, kasuari helduko dio. Susaren web orrialdean, ohi denez, ebook formatuan ere eskuragarri dago. Altxor baten aurkikuntzaren inguruko sei ataleko telesail laburra grabatu berri du Alejandro Amenabarrek, Paco Rocaren komikian oinarrituta. Pasaian ibili ziren filmatzen. Argazkia: Maialen Andres / Foku El tesoro del cisne negro Paco Roca eta Guillermo Corral van Damme • Astiberri • KomikiaAlejandro Amenabar zinemagilea komiki honetan oinarritu da Movistar+ek eta AMC Studios-ek ekoitzi eta irailean estreinatuko duten “La Fortuna” telesailerako. Paco Roca valentziarraren istorio honen hirugarren edizioa kaleratu berri du Astiberri bilbotarrak eta ez da harritzekoa, Guillermo Corral diplomatikoak idatzitako gidoia Salgari eta Titin bezalako klasikoen tankerakoa da bete-betean. Benetako gertakarietan oinarritzen da: 2007ko maiatzean, altxorrak bilatzen dituen enpresa batek Atlantikoko uretan itsasontzi bat aurkitu duela iragarriko du. Hortik aurrera, nahastea.Perversas criaturas Lawrence Osborne • Gatopardo ediciones • Eleberria Lawrence Osborneri joan den mendeko britainiar bidaiari eta idazle nomaden itxura hartzen diogu. Egun Bangkoken bizi da, eta kaleratu duen azken lan hau nazioarteko kritikak txalotu du. Mediterraneoko uharte batean bi udatiar pribilegiaturen eta siriar errefuxiatu baten arteko topaketan oinarritzen da thriller moral moduko bat osatzeko. Katuaren eta saguaren arteko jokoa da. Fahrenheit 451 Ray Bradbury • Txalaparta • Zientzia-fikzioaMcCarthyismo garaian idatzita, George Orwell-en “1984” edo Aldous Huxleyren “Mundu zoriontsu”-aren bidetik jotzen du klasiko honek. Komunikabideen, lasaigarrien eta konformismoaren esklabotzaren mendeko Mendebaldeko zibilizazio bat deskribatzen du. Protagonista, Guy Montag suhiltzailea. XX. mendeko distopiarik ezagunenetako bat ekarri du euskarara Nagore Tolosak. Trilogie du Baztan Dolores Redondo • Editions Folio • Nobela beltza Editions Folio argitatu berri du frantsesez Dolores Redondo idazle donostiarraren Baztango Trilogia arrakastatsua, “Le gardien invisible”, “De chair eta d’os” eta “Une offrande à la tempête” izenburupean. Polar edo nobela beltzaren izen garrantzitsutzat jotzen dute, Fred Vargasen pareko. Protagonista Amaia Salazar polizia forala da, hilketa misteriotsu batzuk ikertuko dituena Elizondo inguruan. Saga honekin pozarren egongo da Redondo, Ediciones Destinok argitaratu baitu ere ekainean “La cara norte del corazón” liburuaren poltsikoko bertsioa. Diario de un viejo cabezota Pedro Martín Sánchez • Acantilado • Eleberri distopikoaIdazle kataluniarrak “El anarquista que se llamaba como yo” (2012) eta “Tuyo es el mañana” (2016) liburuekin batera osatutako trilogia itxi du. Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugetan jolasten, lehen orrialdetik harrapatzen zaituen era magistralean idatzitako istorioa da. Reus, 2066 urtea: erresistente talde txiki bainuetxe zahar batean bizi da. Erreferenduma izan dute Katalunian, hirugarren Mundu Gerra eta pandemia bat. Egileak dioen bezala, «distopia apokaliptikoa idatzi nuen, baina eleberri kostunbrista bilakatzeko arriskuan dago».Berak bidali digun argazki honetan, Ander Izagirre kazetari eta idazlea lanean, Zuberoako Ahüzki igotzen. Argazkia: Ander Izagirre Cómo ganar el Giro bebiendo sangre de buey Ander Izagirre • Libros del K.O. • NarratibaAurreko “Plomo en los bolsillos” liburuaren ondoren –Frantziako Tourrari buruzkoa–, Ander Izagirre donostiar kazetariak Giroan “sartu” gaitu lan honekin. Dagoeneko bigarren edizioa atera da, bertan bildu dituen istorioak ez baitira edonolakoak. Imajinatu ezazue: Bottecchia, bere altzairuzko bizikletarekin, Alpeetan metrailagailu bat garraiatzen austriar-hungariarrak geldiarazteko; Charly Gaul eta Johan Van der Velde txirrindulariak, ekaitz polar baten erdian, biluzik eta burua galduta; Luigi Malabrocca, beti azkena iristea ofizioa bihurtu zuen ziklista; Gimondi Merckx-en aurka, Fuente Merckx-en kontra eta Merckx bere buruaren aurkako norgehiagoka izugarrian... Txirrindularitza maite dutenentzat, liburu aproposa oso; besteentzat ere, dibertigarria eta bitxia erabat. Kronika moduko honetan, gainera, Italiako Giroak, 1909an sortu zenetik, herrialde honen bateratze prozesuan zer garrantzia izan zuen eta duen gaur egun ere islatzen da. Ez dakit zertaz ari zaren Ana Malagon • Elkar • Narrazioa Luma finarekin idatzitako hamabost mikroipuinez osaturiko lan hau aurrez idazle donostiarrak argitaratutako “Lasai, ez da ezer gertatzen” (2014) eta “Gelditu zaitezte gurekin” (2017) ipuin liburuen ildotik doa. Xabier Mendiguren editoreak aipatu bezala, «gin-tonic estilokoak, aditiboak dira». Drama txiki hauek dira protagonistak: guraso dibortziatu baten etxetik bestearenera dabilen nerabea; aita enpresaria hil ondoren zer egin ez dakiten seme-alabak; ahizpa atxilotu dutela-eta, haren kargu egitera doan klausurako moja... El reino Jo Nesbo • Reservoir Books • Nobela beltza Harry Hole polizia atsekabetuaren bildumaren sortzaileak (hamabi titulu 1997an kaleratu zuen lehen “The Bat”-etik), bere pertsonaia baztertu eta eleberri independente bat idatzi du. Norvegiako landa eremu batean girotua, klaustrofobikoa da, ia biblikoa. Bertan, eleberri beltzaren klixeetatik urruntzen da, thrillerra baztertu gabe, eta hainbat osagai gehitzen dizkio: indarkeria, bekaizkeria, gorrotoa... protagonista polizia da ere, desagertutako aitaren bila abiatuko dena. Gaua esna pasatzeko, ezin hobea. Llamadas de mamá Carole Fives • Sexto Piso • Eleberria Kritika eta irakurleak txunditu ditu Carole Fives frantsesaren eleberri honek, zahartzaroa eta gaixotasuna umorez eta bizitasunez islatzen dituelako. 63 urteko Charlene da eleberri inteligente, tragikomiko eta ahaztezin honen protagonista. Alabari egunero egiten dizkion deien bidez ohikoa ez den ama baten erretratua osatuko da. «Charlenek garrasi egin nahi du, bere istorioa birkokatu nahi du. Guri entzutea egokitu zaigu, hori da bere mendekua», Eider Rodriguezen hitzetan. Euskal idazleak egin dio hitzaurrea gaztelaniazko bertsioari. Suaren froga Patri Urkizu • Erein • Nobela historikoa Oraindik ez dugu irakurtzeko betarik izan, inprimategitik ateratzekotan zegoelako hau idazten ari ginen bitartean, baina desiratzen gaude Joanes Lopezen abenturak eta gertakari tragikoak irakurtzeko: Zerainen jaio zen 1488an, eta Granadan bukatu ziren haren egunak, 1530ean, Inkisizioaren suan erreta, luterano kutsuko liburu batzuk idazteagatik. Pertsonaia erreala da, baina Patri Urkizuk, Joanes Lopez Zeraingoaren bizitzaren gorabeherak ikertu ondoren, beste pasarte batzuk asmatu ditu garai hartan txertatuak. Catedrales Claudia Piñeiro • Alfaguara • Nobela beltza Claudia Piñeiro argentinarrak abortu eta erlijioari buruzko eleberri koral eta gordina idatzi du. Hauxe abiapuntua: Anaren beilatokian, Liak jainkoarengan ez duela sinesten aitortzen du. Ahizparen gorpua zatikatuta eta erreta agertu zen, hori arrazoia. Handik hogeita hamar urtera, hilketaren erantzulerik ez du poliziak aurkitu. Baina hau da ez eleberri poliziako bat, nobela beltz korala baizik, zazpi ahotsetara kontatuta. Eta gai nagusien artean, abortua, Argentinan aspaldi arte debekatutako hitza, eta idazle feminista honen gai errepikakorra.