7K - zazpika astekaria
IRITZIA

«Birprogramatu»


Danimarkak esperimentu sozial bat egin zuen Groenlandiako kolonian 1951. urtean. Bertako 22 haur aukeratu, beren ingurunetik atera eta Danimarkara eraman zituzten, ‘daniar erara’ hezteko. Sei eta hamar urte bitarteko haurrak ziren eta irakasleei eta apaizei eskatu zieten «haur bizkorrenak» aukeratzeko. Egoera ahul samarrean zeuden familiak hartu zituzten begietan, asko alargun geratutako ama gazteak. Hartara, beren seme-alabek goi mailako hezkuntza jasoko zutela egin zieten promes, Danimarkako hizkuntza eta jakintza jasoko zituztela, bizimodu ona eskainiko zietela.

Eta horrela atera zituzten beren etxeetatik, herrietatik, hizkuntzatik, ohituretatik, sustraietatik, 22 haur inuitak. Danimarkaren plana ez zen txantxetakoa: Haur horiek bere hizkuntzan eta moduetan «berriz hezi» eta bueltan Groenlandiara bidaltzea, hango jendartea astindu eta alda zezaten. Haur horietan erein nahi zuten Danimarkaren hazia, gero Groenlandiara bueltan hazi hori zabal zezaten eta jendartea moldatu. Latza plana.

Badira tartean detaile interesgarriak. Familia horiek engainatu egin zituzten eta haur horiek ere ez zuten beren jatorriaren berri izan helduak izan arte. Haurrak Danimarkara iritsi zirenean, berrogeialdian izan zituzten tarte batean. Ustez, udalekuetan. Egiatan, badaezpadako itxialdian, danimarkarrak beldur baitziren Groenlandiatik eritasun kutsakorrak ekarriko ote zituzten. ‘Danimarkartutako’ haur inuitak Groenlandiara itzuli zirenean, ez zen gertatu esperimentu sozialaren bultzatzaileek espero zuten ezer. Esperimentura behartutako pertsona gehienek bizimodu eskasa izan zuten; tristura, depresioa, mendekotasuna... sustrairik gabe eta noraezean sentitu ziren, etxekoekin harremana etenda eta hizkuntza galduta. Bizirautea lortu zutenak haserre eta amorratuta, esperimentuaren bidegabekeriaz jabetuta.

Mende erdi pasatu eta gero barkamena eskatu zien Danimarkak. Duela gutxi jakinarazi dute haur talde horretako sei inuitek salaketa jarriko dutela Danimarkako Estatuaren kontra, «familia, kultura eta hizkuntza» lapurtu zizkietelako.

Penagarria da kultura eta hizkuntza handiek txikiagoak zapaltzeko, isilarazteko eta aldatzeko egiten duten ahalegina. Hain arriskutsuak al gara? Zein nezesidade dago bere hizkuntzan eta kulturan hazia dena «berriz hezteko?». Zein da ba balio duen hizkuntza? Zein onetsitako kultura?

Latzena da gure haurrak ez dituztela inora eraman, hemen daude gure ondoan. Baina urrutiko agintearekin ari dira “birprogramatzen”, suabe-suabe, orain bideo tuntun bat, gero abesti zimel bat, tik-tok-tik-tok. Eta gu seko aztoratuta Danimarkako esperimentuarekin!