7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Absurdoaren logika


Leku txikian kabitu ezin den idazgaia aukeratzen duzu batzuetan. Beste batzuetan, ostera, bi-hiru lerrotan idatzi duzu esatekoa, handiegi egiten ari zaizu leku txikitxo hori, eta betelanean jardun beharra izaten da, han-hemenka izan dezakezun irakurleria murriztua aspertu eta are gehiago murrizteko beldurrez. «Honetarako ere ez ginen jaio», esan dezakezu halakoetan zeure artean, eta amaitzen saiatu nola edo hala.

• Noiznahi topo egiten dugu bere zeran ez dagoen zerbaitekin, lekuz kanpokoa dirudienarekin, ongi ez datorrenarekin; gutxien uste duzunean topa dezakezu logikarik atzematen ez diozun arrazoiketaren bat, susmagarri iruditu arren itxuraz normala den pertsona batek emana.

• Herri txiki honetan jende kopuru handiak daki atxilotu eta komisariara eramanda ziegara sartzean kendu egiten dizkizutela gerrikoa, oinetakoen lokarriak, poltsikoan eraman ditzakezun gauzak... Ziegara iritsi aurretik horiek eta gehiago kendu ez badizkizute behintzat. Absurdoa irudituta, oinetakoen lokarriak kentzearen arrazoiak eskatuz gero, horiekin zeure buruari kalteren bat egin diezaiokezulako dela esango dizute, horretaraino konfiantzarik lortzen baduzu elkarrizketan.

• Ziegazainaren arrazoiari erreparatuta, pentsa dezakezu agian oinetakoen lokarriak kendu ez zizkietelako hil zirela kalabozoan Joxe Arregi, Gurutze Iantzi, Xabier Kalparsoro...

• Errefuxiatu baten arrebak kontatzen zigun aurreko batean Estatu frantseseko Angers herrian atxilotu zutela bere anaia 1991n. Komisariara eramanda, aldean zeramatzan gauzak kendu zizkioten. Baina berak abokatuari edo etxekoei jakinarazi nahi zien non eta zer egoeratan zegoen. Boligrafoa eta papera eskatu zituen mezua idazteko. Eta, papera tira, baina boligrafoa ezetz; boligrafoa gauza arriskutsuen zerrendan daukate, nonbait, komisariak gobernatzen dituztenek.

• Atxilotuak ez zuen etsi lehen ezezkoarekin; mezua igorri behar zuela eta igorri behar zuela, eta emateko mezua idazteko zerbait. Araudian begiratuko zuten poliziek, eta boligrafoa agertuko zen gauza arriskutsu eta debekatuen zerrendan. Borondate onena izanda ere ezin eman, beraz, boligraforik.

• Baina absurdoaren logika polita izan daiteke batzuetan, Mikel. Debekatutako gauzen zerrendari begira, zaindaririk argiena ohartu zen han aipatzen ez zen tresnaren batekin idatz zezakeela atxilotuak, eta idazmakina handia eman zioten mezua presta zezan.