09 JAN. 2022 IRITZIA Positibo Amaia Uribe Antigenoen proba egin eta emaitza irten arteko unea baino txarragorik ez dago. Urduritasuna, kezka eta izerdi hotza nahasten zaizkizu eta azken egunotan egin duzun guztia igarotzen zaizu burutik. Likidoa gorantz joan eta bi marrak agertzen hasten direnean, berriz, bihotza ia gelditu egiten zaizu. Bi marra ez, mesedez. Behekoa arrosa argia da. Ezabatu egingo da agian. Mesedez, ezabatu dadila. Baina ez. Orduak diruditen segundoak aurrera joan ahala, argi ikusten duzu bi marra gorri agertu direla eta hortaz, zuk ere positibo eman duzula. Horixe gertatu zitzaidan niri abenduaren 20an. New Yorketik Euskal Herrira joateko maleta prest neukala, antigenoen proban bi marra gorriak agertu zitzaizkidan. Hasiera batean ez nuen emaitza sinetsi gura eta kutsatuta nengoela baieztatzeko PCRa egitea erabaki nuen. Hemen, Estatu Batuetan, doakoa da PCRak egitea eta nonahi aurki daitezke koronabirus probak egiteko karpak. Baina kutsatzeen gorakadak eta senideekin elkartzeko kezkak psikosia eragin zuten eta New York osoa hurbildu zen PCRak egitera. Hiru orduko ilara egin behar izan nuen zero azpitik hiru gradura eta laborategiak gainezka zeudenez, bi egun beranduago oraindik ez neukan PCRaren berririk. Positiboa nintzela ziurtatu behar nuen hegaldiak bertan behera uzteko eta lagun batek esan zidan badaudela emaitzak egun berean ematen dituzten laborategiak. Espero ez nuena zen, PCRa egiteagatik 250 dolar kobratzea. 220 euro lapurtu zizkidaten, kutsatuta nengoela baieztatzeagatik. Izan ere, negozio bihurtu da pandemia. Antigeno testak ia agortuta daudela eta, farmazietan bikoiztu edo hirukoiztu egin dituzte prezioak. FFP2 musukoak erabiltzeko gomendatzen digute, baina ohiko musukoengatik baino gehiago ordaindu behar dugu FFP2ak erosteko. Eta enpresa farmazeutikoek dirutza irabazten jarraitzen dute txertoekin. Adituek behin eta berriz diote, pandemia kontrolpean izateko ezinbestekoa dela txertoa mundu osora iristea. Baina Nigerian, adibidez, herritarren %3 pasatxo bakarrik dago txertatuta. Ia bi urte igaro dira lehen kasua atzeman zenetik eta bost milioi lagunetik gora hil dira. Eta ez dut ulertzen nola jartzen duten dirua osasunaren gainetik. 2021ean Pfizerrek, Modernak, AstraZenecak eta Johnson & Johnsonek 65.600 milioi dolar irabazi zituzten. Ez al duzue uste nahikoa dela? Aska ditzatela patenteak behingoz eta irits dadila txertoa munduko txoko guztietara. Bestela, geroz eta garestiagoak diren antigeno probetan positiboak ikusten jarraituko dugu. En 2021, Pfizer, Modern, AstraZeneca et Johnson & Johnson ont gagné 65,6 milliards de dollars.