16 JAN. 2022 IRITZIA Autobusak amagoia mujika Autobusak jendartearen puskak izan daitezke. Ibilbideak irauten duen bitartean adin, kolore, ikuskera, umore askotariko pertsonek espazio eta denbora hori partekatu behar dute. Eta, nolabait, autobusak denok berdintzen gaitu. Bidaiari guztiak dira eskubide eta betebehar bereko pertsonak kilometro eta minutu horietan. Hogei bat minutuko ibilbidea. Egun euritsua, jende gutxi, espazioa soberan segurtasun distantziak mantentzeko, bidaiari guztiak musukoarekin –batzuk musuko bikoitzarekin portzierto–, dezenteko isiltasuna... Bidaia lasaia begitantzen da. Neska txiki batek hiruzpalau aldiz esan dio amari urruti dagoela doazen toki hori eta lehenago jakin balu lo kuluxka egingo lukeela. Amak lo egiteko lasai. Eta berak ezetz, lo egin ahal izateko lehenago bere buruari esan behar diola eta ahaztu egin zaiola esatea. Batzuetan autobusetan ematen du bakoitza berera doala, besteen elkarrizketak ez dituela jarraitzen, baina iruditu zait bidaiari guztiek barre egin dugula musukoaren azpian neskatoaren okurrentzia entzundakoan. Haurren ahotsak ez dauka bolumena jaisteko botoirik. Eta irri gozo horrekin geundela piztu da aurreko parteko liskartxoa. Emakume bat autobusaren leihotxo altuaren azpiko aulkian. Bere atzean justu, adineko gizonezko bat. Emakumea autobusera sartu da, itxita zegoen leihotxoa ireki eta eseri egin da, gizonezkoari bizkarra emanda. Gizonezkoa berehala kexu, leihotxoa ixteko, euria ari duela eta ura sartzen zaiola. Emakumeak ez duela itxiko, aireztapena. Gizonezkoak ezjakin hutsa dela, autobus berri horiek aireztatzeko berezko sistema daukatela eta ez dela leihorik zabaldu behar, sistema automatiko hori nahikoa dela. Emakumeak berdin zaiola, berak leihoa irekita egingo duela bidaia. Gizonezkoak igartzen dela ez duela askotan bidaiatzen autobus horretan, ondo informatua egon behar dela edozein erabaki hartu baino lehen. Emakumeak baietz, bihar begiratuko dituela autobuseko arauak, baina gaur bidaia leihoa irekita egingo duela. Gizonezkoak ez dagoela eskubiderik, gidariarena joan daitezkeela galdetzera. (Autobuseko gainontzeko guztiak isil-isil-isilik “gidari koitadua” pentsatzen). Emakumeak ezetz. Gizona marmarka. Egoera deserosoa izan da. Uste dut ez diotela elkarri aurpegirik ikusi. Autobusetik jaitsi eta aterkiarekin borrokan ari naizela burutik pasatu zait pandemiak eta bizi dugun muturreko egoerak usteldu egin dituela pertsonen arteko harremanak eta gerra txikietan bizi garela. Ze pena. Aterkia irekitzerako konturatu naiz pandemia aurretik ere izango zutela liskarra, batek hotza eta besteak beroa zuelako-edo. Pandemiak ez gaitu hobeak egin. Baina akaso lehen ere ez ginen hain onak. Autobusak jendartearen puskak izan daitezke. Ibilbideak irauten duen bitartean adin, kolore, ikuskera eta umore askotariko pertsonek espazio eta denbora hori partekatu behar dute. Autobusak nolabait denok berdintzen gaitu eta hor sortzen diren liskarrak kanpoan gertatzen denaren ispilu izan daitezke.