16 JAN. 2022 IRITZIA Palermotik Euskal Herrira Galder Perez Mafiaren istorioek zirrara sortzen digute fikzioan. Talde ilun horiek aberastasunaren alde eragiten duten indarkeria basatiak atrakzio itzela du. Ondo eraikitako tragedietako osagai guztiak izan ohi dituzte mafien kontakizunek: hilketak eta bidegabekeriak, traizioak, mendekuak zein ustezko heroi eta biktimak. Bizitzaren eta heriotzaren arteko alderik ilunenak agertzen dituzte mafiaren kontuek, zer eta kontrolaren izenean, talde txiki bakar baten lukurreriaren alde. Gure inguruan agintean dauden gobernu askok mafien antzeko jokaera dute: jabetzen lapurretan eta lurralde ezberdinen konkistetan eraikitako estamentuak dira. Historian pixkatxo bat atzera begiratzea besterik ez dago zapalkuntzen gainean eraikitako erreinuak nolakoak diren ikusteko. Baina ez da horren handira jokatu edo begiratu beharrik, izan ere, txikira ere irabazi zuten hordago hori. Euskal mafiaren edota euskal mafien filmak sortzeko daude oraindik. Baina bizitzak fikzioa gainditzen duenez, abiapuntua bertan dugu, urrunera joateko beharrik gabe, egunero pairatzen baitugu mafiak eragindako mina eta xantaia. Gobernu eta estamentu handiez aritu gintezke hain agerikoak diren adibideak agertzeko. Baina jarrai dezagun txikira jokatzen, izan ere, gehiegi baitira oraindik mafiak bezala jokatzen duten taldeak. Herri edo auzo txikietara joanda, oso erraz aurkitzen dira gutxi batzuen aginte eta kontrolpean jarduten duten talde diruzaleak. Lurrak lapurtzeko gai dira, esklabotza praktikatzeko kapaz eta siziliar filmetako protagonistek adina odol isurtzen ez badute ere, indarkeria dute ohiko modus operandi-a. Mikrofonoetan esango dute, gainera, kanpotik datozenak direla mafiak, bertakoek beti jokatu izan dutela garbi. Eta horrela, ustezko normaltasun batean jarduten dira mafiak gurean, enpresetan, banketxeetan edota aginte publikoetan. Jokatzeko modu hori beti izan da bidegabea, betiko izango da mingarria, baina azken hamarkada luze honetan pairatzen ari garen krisialdi ekonomiko eta sozial erraldoi honetan, are izugarriagoa suertatzen da jarduteko modu horien naturaltasuna. Enpleguaren datuak ematen dizkigute, baina haien gaineko kontrola ezkutatzeko mafiak kosmetikoki apaindutako zenbakiak baino ez dira. Eta bitartean jarraituko dute langileei eta herriari xantaia egiten, mehatxuka. Ohartzen ez garela badirudi ere, egunero sartzen digute ohean hildako zaldiaren burua. Ustez irabazia dute errespetua. Baina hori barik, beldurra da oraindik nagusi. Ogi papurren truke jarraitzen du langileak men egiten. Eta esango digute berriz kanpokoak direla mafia, baina gurera etorritako horiek guztiak gabe ezinezkoa lukete gaur egun bizi diren palazioak mantentzea. Ez dira lorategi erraldoia eta igerilekua duten jauregietan bizi, gure aldamenean baizik. Uste baino errazagoa izan daiteke euskal mafien filmak egiten hastea. Pertsonaia txikienetik hasita, film horien kredituetarako izenak apuntatzen has gaitezke. Begira dezagun aldamenera, normalean, urrezko haginekin irribarre egiten duten pertsona horiek izan daitezke protagonista nagusiak. Gure inguruan agintean dauden gobernu askok mafien antzeko jokaera dute: jabetzen lapurretan eta lurralde ezberdinen konkistetan eraikitako estamentuak dira. Historian pixkatxo bat atzera begiratzea besterik ez dago zapalkuntzen gainean eraikitako erreinuak nolakoak diren ikusteko. Baina ez da horren handira jokatu edo begiratu beharrik, izan ere, txikira ere irabazi zuten hordago hori.