7K - zazpika astekaria
Irundik Baionarako bidaiA klandestino baten kronika

Erre gabeko bideetan

Aden mendian gora, arroka artean. Argazkiak: Gari Garaialde

Mendi-bidean lau mutil doaz ilaran, azkar, pauso arinez. Azkarregi, mendi buelta ematen ari den lagun taldea izateko eta geldoegi, mendira lasterka egitera joandako kirolariak izateko. Oinetan ez dute mendiko botarik, ez daramate kamiseta termikorik eta euritik babesteko ez dute gore-texik jantzi. Kaleko jantziz doaz, zapatila garbiak eta bakeroak dituzte soinean; beltza dute azala. Atzean utzi berri dugun gauaren kolorekoa. Aden, Abdoulaye, Ibrahima eta Oumar dira, Gineako Errepublikako lau gaztetxo.

Goizeko seietan atera dira lau lagunak Gurutze Gorriak, Irunen, migranteak artatzeko duen aterpetxetik, oinez, hiri erdialderantz. Bertan taxi bat hartu eta gidariari papertxo bat eman diote, eskuz idatzitako helbide batekin. Autoa martxan ipini eta hiri osoa zeharkatuz, Behobia auzorantz abiatu da taxilaria. Lo dago Irun oraindik; ia inor ez dabil kalean. Bidasoa ibaiaren ibilbideari jarraituz, Endarlatsako zubi zaharrera eraman du laukotea. Bidaia ordaindu eta bide estu batetik mendi aldera sartu dira, muga zeharkatu eta Baionara iristeko asmoz. Hura dute hurrengo babes puntua, etorkinak artatzeko Baionako Pausa harrera zentroa. Ez diote deus esaten elkarri, isilik doaz, agudo, atzetik norbait jarraika balute bezala. Ez dabil beste inor inguruan, baina denbora neurtua dute. Badakite zer ordutan pasatzen den Baionara eramango dituen autobusa eta hori hartzea da asmoa. Bada autobus gehiago, noski, baina autobusa galtzeak hurrengoaren zain egotea esan nahi du, eta hori da haien ahulgunea; beste ahulgune bat, zain dauden bitartean Poliziak atzeman baititzake eta berriro Irunera itzuli.

Gazte baten eskua eroritako enbor baten gainean.

 

Lau gazteak, basoan aurrera doazela, galdu egin direla ohartu dira: «Hemen ez da markarik». Aurrera jarraitu dute, lurrera begira, ea zer edo zer topatzen duten, baina ez da seinalerik ageri. Atzera egitea ez zaie burutik pasatu ere egin; aurrera eta gora egin dute, eroritako zuhaitz eta sasi artean, errekari jarraituz. Basoko argigune batean geratu dira atseden hartzera, bakoitza bere baitan bilduta. Adenek erretako sastrakaz eta iratzez betetako aldapan gora egin du, ea markarik ikusten duen. Ez du arrastorik aurkitu, baina errekastoa utzi eta mendian gora joz gero goitik hobeto ikusiko dutela otu zaie. Ez dute bidea ezagutzen, ingurua arrotz zaie, aurrera egiteko inon ageri ez diren marka batzuk besterik ez dituzte lagun, eta aurretik norbaitek emandako jarraibideak, deus gehiago ez; baina han goitik jakingo omen dute nora jo. «On est on-time» esan du Adenek, ez gabiltza berandu, eta mendixkan gora jo du lagun taldeak. Denbora dute ia kezka bakar.

Oraingoan Oumar, Ibrahima, Aden eta Abdoulaye dira, baina Mamadou, Youssuf, Boubakar eta Seydouk ere egina dute bidea. Eta Moussak, Coulibalyk eta kazetariari izenik eman ez dion beste askok. Azken hilabeteetan asko zaildu dira Irundik Hendaiara pasatzeko bideak, baina muga baimenik gabe zeharkatzeko beharra dutenek, ohiko bideak erre ahala, bide berriak topatzen dituzte, eta bide hau segurua izan da tarte batez; poliziak zaindu gabekoa zen.

Oumar iratze artean, akituta, lagunek aurrera jarraitzeko esaten dioten bitartean.

 

Schengengo Ituna dela eta, 1995ean desagertu ziren Irun eta Hendaia arteko muga zaintzen zuten polizia kontrolak. Bi herri elkartzen dituen pasabide soila izan da Santiago zubia, urte luzez, eta oraindik hala da azal zuria dugunontzat.

2015. urtetik aurrera noizbehinkako kontrolak ezarri izan ditu Frantziako Poliziak Gipuzkoatik Lapurdirako pasabideetan, paperik gabeko migrazioa zailtzeko asmoz. A-63 autobideko ordainlekuan ohikoa izan da mugazainak topatzea, auto eta furgoneta batzuk gerarazi eta miatzen. Santiago eta Pausuko zubietan ere kamerak jarri zituzten eta polizia-etxetik zaindu izan dituzte bi pasabideak, baina paperik gabeko migranteek bide horiek erabili dituzte muga isilean igarotzeko; kontuz, baina buruhauste handirik gabe. Behe Bidasoko inguru hau ez da izan Saharaz hegoaldeko migratzaileek Europarako bidea egiteko sarrien erabilitako bidea.

Goian, Ibrahima, Oumar, Aden eta Abdoulaye Bidasoa ibaiaren bazterretik oinez.

 

Muga hertsia. Frantziako Estatuak gogortu egin ditu mugetan ezarritako kontrolak, Irun eta Hendaia arteko pasabidea ohiko pasabide bihurtzen joan den heinean, eta Schengen eremua arautzen duen hitzarmenak salbuespentzat duen ‘ezohiko’ egoera arrunt bilakatzen joan da poliki-poliki, 2020ko martxoan, pandemia dela eta, Europa osoan hartu ziren neurrien testuinguruan –estatuarteko mugikortasuna mugatzeko helburuarekin– Frantziak muga administratiboak itxi zituen arte.

2019ko martxoan, Europako Justizia Auzitegiak argitu zuen terrorismoaren aurka ezarritako kontrolak ezin zirela erabili legez kanpoko migranteak ondoko herrialdeetara itzultzeko, baina mehatxu terrorista aitzakia, eguneko 24 orduetan kontrolak ezarri eta mugako 19 pasabide itxi zituen iaz Frantziako Estatuak; horien artean Santiago eta Behobiako zubiak. Gaur-gaurkoz, pandemiaren aurka hartutako neurri gehienak kendu dituzte bi estatuek, baina mugak itxita jarraitzen du azal beltza dutenentzat. Polizia frantziarra gau eta egun izaten da bi zubiak zaintzen. Gero eta zailago gertatzen da paperik gabekoentzat bertatik igarotzea. Ia-ia ezinezko bihurtu da. Ia-ia.

Aden errekatxo bat zeharkatzen.

Migrante baten zapatila gorriak, Bidasoa bazterretik oinez doala.

 

Pasabide historikoetan zehar. Sasi artean doazen lau lagunek ez dakiten arren, ez dira bide hauek muga klandestinoki pasatzeko erabili dituzten lehenak. Bigarren Mundu Gerrako pilotu britainiarrek, jornala estraperloan ateratzen zutenek, frankismotik ihesi zihoazenek eta migrante portugesek ibili dituzte bide hauek berek baino lehen. Aurreko mendearen bigarren erdian, Salazar diktadoreak Portugalen agintzen zuen garaian, milioi erdi portugaldarrek pasatu omen zuten Espainiako eta Frantziako estatuen arteko muga, ezkutuan. Xalbadorrek 1973an, mendian hildako hiru gizon beltzi idatzitako bertsoei esker, badakigu Salazarren diktaduratik ihesi zihoazenez gain, afrikarrak ere ibiltzen zirela menditik muga isilean pasatzen. Asko eta asko paraje hauetatik, Aden, Abdoulaye, Ibrahima eta Oumar zapaltzen ari diren bidexka berberak erabiliz. Bidasoa ibaiaren bazterreko garita zaharrak eta Ziburuko mendibideetako seinaleak dira horren adibide. Behin eta berriz erretako bideak dira, garai ezberdinetan poliziek oso ongi zaindutako bazterrak; baina behin eta berriz muga zeharkatzeko berreskuratu direnak. Erretako bideari denbora eman behar zaio, ahanzturan jausten utzi... halako batean loratu egingo da eta norbaiti muga zeharkatzeko balio dezakeela otuko zaio. Berriro erre arte.

Abdoulaye, Aden eta Ibrahima jarraitu beharreko bideari buruz eztabaidan.

 

Duela hilabete batzuk su hartu zuen paraje honek, eta iratze berria dago non-nahi, fresko, eta estalki berde bizi horren gainean kiskalitako zuhaitzak ikusten dira, hostorik gabeko adar beltzak eta lurrera jausitako enbor hilak. Ia metro bete duen iratzeak zaildu egiten du ibiltzea; gerriraino ailegatzen zaie eta ezin dute ikusi oina non jartzen duten, ez da erraza bidea. Aldapan gora doaz, poliki, norantz doazen argi izan gabe. Ibrahimak fresko dirudi, ez zaio neke keinurik sumatzen. 18 urte dituen mutil argal luzea da, taldeko gazteena. Oinetako gorri-gorriak dauzka jantzita eta kolore bereko polo mauka-motza; txano urdin ilun bat du burua estaltzeko. Metro batzuk atzerago ditu Aden eta Abdoulaye, izerditan biak, baina martxa onean. Oumar da besteen pausoari jarraitzeko zailtasun handienak dituena eta atzean geratzen hasia da jada; arnasestuka doa, ezin aurrera egin.

-«Eri naiz, ezin dut gehiago!»

Gehiegi erretzearen ondorio dela erantzun diote kideek. Iratze artean eseri da, leher eginda dago, akituta. Patrikatik parazetamol pilula atera eta irensteko ur botilari tragoa eman dio, berriro. Berak bakarrik amaitu du lau lagunei bidaia osorako geratzen zitzaien ur botila txikia. Ez daramate bestelako jakirik. Zorroa hartu dio Ibrahimak eta aurrera egiteko esan dio, berandu egingo zaiela eta azkarrago ibiltzeko. Oumar atzean geratzen bada ere, taldea ez da desegiten. Orduak kezkatzen ditu, gero eta gehiago.

Goian, Ibrahima, Abdoulaye eta Oumar atseden hartzen, iratze artean bi ordu baino gehiago ibili ondoren.

 

Mendiz muga zeharkatzen ari den gazte maliar bat atseden hartzen.

 

Pendiza amaigabea egin zaie. Gora iritsi eta atseden txiki bat hartu dute; minutu pare bat, ez gehiago. Oumar lurrean etzan da, bertan geratuko dela dio, betiko, ezin duela gehiago; baina altxatu eta aurrera jarraitu du, besteekin batera. Topatu dituzte markak; «ikusten, ondo goaz!». Berandu da jada.

Goizerdia da eta mendiko bizikletan jende askotxo dabil, eta oinez ere bai, lau gazteek nahi baino gehiago. Zuhaixka artean ezkutatzen dira jendea sumatzen badute. Kezkatuta daude, norbaitek Poliziari deitu eta atzera bidaliko dituzten beldur dira. Basoan sartu eta bertan gorde dira behin eta berriz jendeak ikusi ez ditzan. Ordubete daramate sasi artean ezkutatuta, hitzik egin gabe, ia-ia mugitu gabe, elkarri begira. Bertan geratzea erabaki dute, ahotsik aditzen ez duten arte, edo jendea urrundu arte... edo haiek seguru sentitu arte. Sasi artetik atera eta aurrera egitea erabaki dute, jende gutxiago dabilela ikusita. Uste baino luzeago egiten ari zaie bidea. Jada erlojuari begiratu ere ez diote egiten. Helburua iristea da.

Lerro hauen gainean, Tourre basoan oinez.

 

Ez dakigu askorik aurreko mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan, bide hauek erabiliz, muga zeharkatu nahi izan zuten haiei buruz. Ez zen askorik idatzi orduko prentsan, baina badira artikulu batzuk, badira aipuak eta badira berri latzak. Aurreko urtean 150 lagun hil zirela aipatzen da 1973ko maiatzean argitaratutako berri batean; orduan, Hendaian, migratzaileei harrera egiteko eta laguntzeko zegoen komiteak emaniko datuak dira. Komite bat zegoen, beraz; jendeari harrera egiteko prestasuna zuen jende multzo bat. Errepikatu egiten da historia muga honen inguruan: jende asko dabil muga isilean zeharkatu nahirik, etorkizun hobe baten bila, baina jendea dabil ere, beraiei laguntzen Bidasoan, bide osoan.

Eguerdia da lau ginearrak autobusetik jaitsi direnerako; sei ordu luze pasatu dira taldetxoa Gurutze Gorriaren aterpetxetik irten zenetik. Santizpirita zubia gurutzatu eta ezkerrera jo dute, oinez, Lesseps kaian barrena. Bertan dira. 300 bat metro oinez egin eta eskuinaldean duten etxe ilarako azken-azkenera ailegatu direnean, ate zuriaren ondoan dagoen txirrina jo du esku beltz batek. Pausa aterpetxeko atea da. Mezua bidali dute atzera Whatsapp bidez: «Ailegatu gara, Baionan gaude» eta lasaitua hartu dute. Lau gehiago.

Ibrahma, Oumarren motxila eskuan, erretako sasi artean.