30 JAN. 2022 IRITZIA Ezjakintasuna Amagoia Mujika Ezjakintasuna gurtzeko joera bat dago. Intelektualismoaren aurkako presioa gure bizitza politiko eta kulturalean zehar zabaltzen joan da, demokrazia nire ezjakintasuna zure ezagutza bezain baliozkoa dela dioen ideia faltsua dela elikatuz». Isaac Asimov zientzialari eta idazleak duela berrogei urte idatzitako iritzia da, baina gaur egungo mundu honi ere balio dio soineko horrek. Bada telebista espainol bat euskal herritar askoren orduak eta orduak okupatzen dituena. Astelehenetik igandera, telebista horretan “bizi” den jendilajearen berri izan dezake edonork. Eta begira-begira egotearen ondorioz, iruditzen zait askorentzat etxeko bihurtzen direla. Seguru egon inguruko pertsona askoren bizitzaren berri hain zehatza ez daukagula. Sentsazioa daukat bakarrik sentitzen den jende askok –bakardadea, gure garaiko gaitz latzenetakoa– “konpainia” dela arratsaldez arratsalde telebista saio builoso horietan topatzen duena, etxe bakarti eta isilean zarata jartzea. Horrela esanda, ez dirudi arriskutsua. Baina bada, askok uste baino arriskutsuagoa. Programa horretan agertzen direnen merituak zailak dira definitzen. Ez dira ezertan adituak, besteen bizitza pribatuetan miatzen duten karraskariak dira, besteen miseriak plazaratzen dituztenak. Ezjakinak ere badira eta hori goraipatzen dute, «herriaren printzesak» direla, ezjakintasuna ez dela lotsatzekoa, aldrebes, harrotzekoa dela. (Hona iritsita, zehaztu nahiko nuke niretzat jakinduria ez dagoela liburuetan edo ikasketetan. Eskolara justu-justu joandako jende jakintsu ugari ezagutzen dut, inoren bizitzan sartzeko gogo gutxi eta elegantzia handia izaten duena normalean). Ezjakintasunaren gorazarrea egiten duten telebistako pertsonaia horien berritsukeria ez da kaltegabea. Patxada ederrarekin hitz egiten dute zientziaz, medikuntzaz, matxismoaz, feminismoaz, depresioaz, mendekotasunaz... Arazoa da ezjakintasunetik aritzen direla, ardura gutxirekin. Baina telebistaren bestaldean dagoenarentzat egunero ikusten dituen pertsonaia horiek “konfiantzazkoak” dira, fidatzekoak, eta haiek esaten dutena, eztabaidaezina. Tonto-tonto, txutxu-mutxua joan eta etorri, jendartea hezten ari dira. Aurrekoan pertsonaia horietako bati entzun nion erasotzailea eta erasoa jasan duena gela berean sartu behar direla eta konpondu arte bertan utzi, giltzapetuta, “maitasunak” dena konpontzen duela. Erasotzen duenaren zein tolesturatan dago maitasuna? Hori ez da maitasuna eta mugimendu feminista lan ikaragarria egiten ari da ideia horiek deseraikitzeko. Ez da justua audientzia handiko programa txatxu batean mozola batek bozgorailu bat izatea horrelako kaikukeriak esateko. Azaleko berriketak dirudite, tontakeriak. Kontua serioagoa delakoan nago. Ezjakintasunaren gorazarrea egiten duten telebista espainoleko pertsonaia batzuen berritsukeria ez da kaltegabea. Patxada ederrarekin hitz egiten dute zientziaz, medikuntzaz, matxismoaz, feminismoaz, depresioaz, mendekotasunaz...