13 FéV. 2022 IRITZIA Hainbeste Tartufo Galder Perez Aurten Moliere antzerkigilea jaio zeneko laugarren mendeurrena ospatzen da. Frantziako komediaren aita esaten zaio egile horri. Antzerkigitzari bizitza eman zion gizonari buruz ezin hobeto idatzi zuen duela aste pare bat, GARAn, Amaia Ereñagak. Bertan esaten zuenez, “Tartufo” lana izan liteke aurten Europan antzeztuenetakoa. Gurera etorrita, hizkuntzaren logikari jarraituz eta antzoki handiei dagokienez, Iparraldean Hegoaldean baino gehiago antzeztuko da, jakina. Gasteizen duela gutxi moldaketa bat egon bada ere, udaberrian Baionan beste moldaketa potolo bat izango da. Baina sentsazioa dut gurean Moliere, asko antzezten bada ere, ekoizpen handietan baino, herri antzerkian edota amateur esaten zaion horretan egiten dela, batez ere. Antzeko zerbait gertatzen da Dario Foren lanekin. Badirudi diru publiko mordoaz babestutako antzerki ekoizpenek nahiago dutela Shakespeare eta baita William Shakespeare ere. Aztertzeko moduko kontua da, egile italiar eta frantsesak guztiz komikoak eta lotsagabeak baitira, eta gure gizartearen eta gizakion erretratu paregabeak egiten dituzte. Gaur egunera ekarri eta moldatzeko lehengai paregabeak agertzen dituzte biek. Baina ziurrenik hor egongo da koska. Benetako eguneratzeak egiteko alferkeria dago eta, kasurik okerrenean, interes jakin batzuei jarraitzen dien arduragabekeria. Gutxi dira azken boladan ikusi ditugun klasikoen moldaketa interesgarriak. Barrena ukitzeaz gain, gaur egungo kritika egiten duten klasiko gutxi dago oholtzan. Intereseko bi aipatzearren, biak Espainiako testuak, “Lazarillo de Tormes” eta “Yerma”, Roberto Hoyos hip-hop kulturatik datorren antzerkigileak egindakoa, lehena, eta Maria Goiricelayak moldatutakoa, bestea. Biek komunean dute jatorrizko testua abiapuntu huts gisa soilik hartzeko aukera; pertsonaia bakoitzaren atzean ezkutatzen diren dramak gurera ekartzeko aitzakia dira, gaur eta hemen. Halako salbuespenak kenduta, ohituegi gaude estetikoki txukun eta aparteko agertu nahi duten antzerki klasikoen moldaketetara. Baina bihotzik eta arimarik gabekoak izan ohi dira, min gutxi emateko gai direnak, itsuak eta gorrak. Horrela bizi gara, errealitateari bizkarra emanez. Bizi garen lekutik eta momentutik aldentzea baino gauza okerragorik ezin baita egon artean eta kulturan. Tamalez, ordea, gero eta gehiago dira egiari bizkar ematen dioten sorkuntzak. Azken finean, sorkuntzan gertatzen dena errealitatearen isla baino ez da. Ez zaio bizi dugunari begiratu nahi, antza denez, ez dugu errealitatea ziztatu gura edota, okerrago izan daitekeena, beharbada ez da horretarako beharrik sentitzen, itxura ponposoa agertzearekin bapo. Medio-erakustaldi txalogarriak egitearekin konformatzen da sortzailea eta ikuslea. Taula gainean eta paperean ez zaio inguruari begiratzen ari. Birtuosismoa eta ego handiak dira protagonista, kalean, eszenatokietan eta testuetan oro har. Elkarri bizkarra emanda bizi eta sortzen dugu; ondokoa ahalik eta gehien xurgatuz bizi dira benetako eta gaur egungo hainbeste Tartufo. Horrela bizi gara, errealitateari bizkarra emanez. Bizi garen lekutik eta momentutik aldentzea baino gauza okerragorik ezin baita egon artean eta kulturan. Tamalez, ordea, gero eta gehiago dira egiari bizkar ematen dioten sorkuntzak. Azken finean, sorkuntzan gertatzen dena errealitatearen isla baino ez da.