27 FéV. 2022 IRITZIA Hobeto isilik Galder Perez Horren berri ez diren, baina oraindik berri esaten zaien zenbait teknologiari esker, badirudi edonoren esku dagoela gauza asko egitea. Lehen Munduko edonoren esku, jakina, edo Lehen Mundu honetako askoren esku, hobeto esanda. Antza denez, denetik egitea posiblea da. Beste kontu bat da nola egin, aldez aurreko ezagutzak eta esperientziak gero eta balio gutxiago duela baitirudi. Onarpen orokor batean bizi gara. Edonork grabatu eta sareratu dezake podcast izenarekin audioren bat edo beste. Argazkigintzan trebea da sakelakoa duen edonor, eskaintzen diren filtro eta efektuei esker. Sare sozialek ematen duten atrebentziarekin, zenbat ustezko idazle eta filosofo agertzen diren hor zehar. Eta horrela, hamaikatxo adibide. Tira, modu baikorrean ikusi nahi izanez gero, txarto ez dago. Bizitza bakarra da eta denetik probatu beharra dago, bai, baina ez, ordea, aguantatu. Zorionez, eta momentuz behintzat, pertsonak ez gara teknologia, ez dugu sare sozialekin arnasten eta ez dituzte gure ezinbesteko eta oinarrizko beharrizanak bermatzen. Internetek eta teknologiek guztiz kutsatuta dute gure egiteko edozein modu eta, okerrena, baita jarrerak ere. Horren ondorioz, hiperaktibitatea eta antsietate soziala eta intelektuala gure izateko eta egiteko parte bilakatu dira. Horrekin kutsatuta, batzuek harreman sozial eta afektiboetan berehalako erantzunak ematen dituzte edota emateko beharra sentitzen dute, ezin isilik egon. Denetarako, edozertarako eta edonorentzat erantzun eta errekurtso psikologikoak, sozialak, politikoak, historikoak, filosofikoak, sexologikoak eta zientifikoak dituzte. Filtratu, pentsatu eta prozesatu gabeko zenbat gauza entzun behar den. Hausnarketarik gabeko hitzak sententzia bezala jaurtitzen dira erraztasun handiz. Isilik geratzeak koldarkeria dirudi edo lotsa ematen die. Esate baterako, pertsona batek, arrazoia edozein dela medio, barrenak husteko sekulako beharra dauka, norbaitek entzuteko nahia. Baina entzuna izan beharrean, bat-bateko edozein erantzun jasotzen du. Gure aitita-amamek bazuten gauza askotarako esaera zaharren bat. Baina isilik egoten ere bazekiten. Entzunaz ikasi zituzten esaera eta erantzun guztiak. Baina beti ez gaude erantzunen bila. Batzuetan botatzeko behar naturala dugu soilik, barrena hustu, izan purrustaka, negarrez edo algaraka. Kito. Gure hitzak eta, zergatik ez, emozioak jaurti. Besterik gabe. Horregatik, batzuetan, hobe isilik egon. Teknologiek ez digute irakatsi entzuten, antza denez. Entzuteak erritmoa moteltzea eskatzen du eta gure abiadura “espidikoa” geratzen baldin badugu beharbada pentsatzera kondenatuak egongo gara. Horregatik, ezer hausnartu barik, askorentzat hobe da teknologia sentitzea, eta arin batean edozer erantzutea, klik azkar batean bezala. Zorionez, eta momentuz behintzat, pertsonak ez gara teknologia, ez dugu sare sozialekin arnasten eta ez dituzte gure ezinbesteko eta oinarrizko beharrizanak bermatzen. Internetek eta teknologiek guztiz kutsatuta dute gure egiteko edozein modu eta, okerrena, baita jarrerak ere.