7K - zazpika astekaria
Dantza esperimentu gisa
Entrevue

Martxel Rodriguez Etxabide, Silueten gidaria

Argazkiak: Idoia Zabaleta | Foku

Dantzari aparta izateaz gain, Martxel Rodriguez Etxabidek (Lesaka, 1990) Led Silhouette konpainia zuzentzen du Nafarroako periferian, Jon Lopez bikotekidearekin batera. Apirilaren 17an, Aste Santuko igandean, “Los Perros” obra estreinatuko dute jaioterrian, Marcos Morau koreografo ospetsuarekin egina. Hagitz kontent daude bi dantzariak. «Interesgarri, hunkigarri» gelditzen ari da sorkuntza. Morau lantaldean izanik, egunetik egunera handitzen ari da jendearen jakin mina, bai Euskal Herrian eta bai gure mugetatik kanpo.

«Emanaldi dexente lotzen ari gara eta hori ez da ohikoa dantzan. Honetaz bizi gara, beti ibiltzen gara zintzilik, eta lasaitzen du lana luzerako izanen dugula jakiteak», aitortu du lesakarrak. Estreinaldi berezia espero dute, talde guztiarekin. Bizia emanen diote herriari eta hori inportantea da Led Silhouette konpainiako kideentzat; sumatu dadila hemen bizi eta lan egiten dutela.

Eguerdi argitsu eta freskoa da. Ederra dago Lesaka. Zialdo Ostatuan egin dugu hitzordua, Rodriguezen jaiotetxean. Ondoko ganbara batean bizi da Lopez bikotekidearekin. Bertan dago Led Silhouette bi sortzaile eta zuzendari gazteen dantza konpainia ere. Agertoki bat dagoen edozein herritara mugitzen diren arren, herrian dute zentroa.

Solasean bezala mugimendu bidez transmititu dizkigu errateko dituenak. Poliki hasi da, argazkilariaren aginduak fin betez: zaharberritutako garbitoki xarmantean egin ditu lehendabiziko poseak. Ezagun du dantzaria dela. Itzuli bat eginez Harriondoa kultur etxera ailegatu gara. Hara bidean txandalarekin ikusten dituztenean herrikideek badakite lanera doazela. Han egiten dituzte entseguak, egonaldi teknikoak eta sorkuntzen aurreneko urratsak.

«Orain bildu aurpegia zure eskuen artean, marko bat osatuz». Argazkilaria gozatzen ari da. Sortzailea inprobisatzen hasi da, gorputz atalak aktibatuz. Hipnotizatu gaitu.

«Los perros». Egunotan buru-belarri ari dira “Los Perros”-en estreinaldia prestatzen. Irrikatzen daude, urduri ere bai. Aste Santuko igandean, apirilaren 17an, Lesakan eman ondotik, Iruñeko Gayarren izanen dute hurrengo boloa, apirilaren 29an, Dantzaren Nazioarteko Egunean. Euskal Herrian bakarrik ez, nazioartean ere interesa agertzen ari da jendea. Jon Lopez eta Martxel Rodriguezek dantzatuko dute, eta kanpotik koreografiatzen eta zuzentzen Marcos Morau koreografo ezaguna ariko da, La Veronal konpainiakoa. Europa eta mundu mailan hagitz ospetsua da konpainia. Bartzelonan du egoitza. Jonek bertan dantzatzen du eta Martxel ere sartu da ekoizpen laguntzaile bezala.

«Marcosekin laguntasun handia dugu eta elkarrekin zerbait egitea pentsatu genuen. Guri duo bat egiteko ideia sortu zitzaion berari, maitasunean, fideltasunean, gure erlazioan oinarritua; ez bakarrik Jon eta nirean, berarekin dugun laguntasunean ere bai. Fideltasuna erraten dugunean ez gara bikote harreman batean adarrak ez jartzeaz ari, baizik eta norbera bere ideiekin leiala izateaz».

Nazioartean ezagutarazteko aukera aparta izanen dute, Morauren sinadura duen edozein lan aunitz mugitzen delako. “Los perros” izenburuak ez du, a priori, oihala irekitzean ikusiko denarekin sobera ikustekorik, baina, aldi berean, badu. «Zakurrak fidelak dira, eta zaunka egiten diote beraien errealitateari. Gure artearekin egiten saiatzen garena ere hori da. Gure belaunaldikook heldutasuna hasi genuenean, bizitzan aukera inportanteak egitea tokatzen zitzaigularik, krisi ekonomikoa etorri zen, eta, 30 urte ingururekin, bertze fase batera pasatzea tokatzen zenean, koronabirusa. Krisi horiek ez digute erabat garatzen utzi. Obra zaunka egin eta bizi ditugun krisiei buelta emateko modu bat da. Bisualki hagitz erakargarria izanen da. Koreografikoki, hagitz exijentea eta birtuosoa. Gure gorputzek sufrituko dute, seguru. Baina benetan polita izanen da».

Arte Talentua Sustatzeko Saria. Arte Talentua Sustatzeko Nafarroako Saria irabazi zuen Martxel Rodriguezek 2021ean. «Nafarroan dantza garaikidea anitza baina minoritarioa da, eta sektoreari egindako aitorpen gisa ere hartu genuen. Ez zaigu gustatzen gobernuak sobera goraipatzea, baina Nafarroakoan aldaketa gertatu zenetik dantza garaikidearekin sentsibilitate berezi bat dago eta hein batean euren babesa jasotzen ari gara. Poztekoa da, eskertzekoa ere bai».

Sorterrian dantza garaikidea bizibide izatea lortu du. «Duela urte batzuk kimera hutsa izanen zen. Gaur egun ez da lorpen bat bakarrik, baizik eta guretzat aukera onena, bakarra kasik. Hiri handietan burutan duguna bezalako konpainia baten egitura sortzea aunitzez zailagoa da. Aldiz, Nafarroako periferian, apustua ongi atera zaigula uste dugu».

Dantzari bikoteak nahiko bizi estilo nomada du. Jon Lopez madrildarra da. Bartzelonan bizi izan ziren, baina alokairuarekin eta autonomo kuotarekin ez zitzaizkien kontuak ateratzen. Lesakan, minutu batera eta erabiltzeko libre dute antzokia. «Gozamena da. Denbora ere eskaintzen digu: pentsatzeko, birplanteatzeko eta sorkuntzak borobiltzeko».

Nafarroa iparraldean badago zerbait. Dantzariak erranen luke herrian txertatu direla. «Lesakako dantza taldeak daraman norabidearekin, proposatu ditugun emanaldi, tailer eta kale ikuskizunekin, publikoa ohitzen ari dela uste dugu. Ez duzu erran beharrik zer dantza mota egiten duzun, ez duzu hainbertze beldur hori: ‘Jendea hurbilduko da?’. Lehendik, urte aunitzetan sorkuntzaren inguruan lanean ari den jendeari esker lortu da hori. Gaizka Sarasola, adibidez. Lesakak tradizio pila bat ditu mantendu direnak eta jendeak aunitz borrokatzen du horien alde. Zer pasatzen da orduan sorkuntzarekin? Gaizkak herritar talde bat eratu zuen horretaz gogoeta egiteko. Testuinguru horretan agertu ginen gu».

Lesakako zein Berako kulturgintzarekin lotuta daude. «Nafarroa iparraldean badago zerbait. Niño de Elche eta halako izenak Beran egon dira, txikiak eta minoritarioak ziren tokietan. Sarri gauza puntako edo modernoenak ez dira hiriburuetakoak».

Rodriguez eta Lopezen ibilbidean bi momentu klabe daude. «Bata 2016a da, Jonek eta biok elkar ezagutu genuen unea. Hor hasi ginen esperimentatzen. Bakoitzak gure lana genuen bertze konpainiekin. Hori ere mantentzen dugu oraindik».

Non ezagutu zenuten elkar?

Parisen [irriz]. Berak La Veronal konpainiarekin dantzatzen zuen eta ni publiko bezala joan nintzen. Morau zuzendariak dantzariak ezagutzera gonbidatu ninduen. Ordutik sare sozialetan eta bertze lan batzuetan kointziditu genuen. Hor sortu zen maitasuna ere. Hilabete bat eman genuen elkarrekin lanean eta lagun minak egin ginen. Gero, zerbait gehiago pasatu zen.

Dantzan hagitz barneratua dute elkar ukitzea, izerdia konpartitzea. «Agian lurrean dantzan ari zara eta ileak daude. Kontaktu pila bat du dantzak eta horrek izateko moduan eragiten du. Niretzat jendea besarkatzea hagitz-hagitz inportantea da».

2016az ari ginen…

Bai, gauzak probatzen hasi ginen orduan, lagun gehiagorekin. Baina ezin genuen fakturatu, kudeaketan hagitz galduak geunden.

Orduan sortu zenuten konpainia?

Ez dakigu ongi noiz sortzen den konpainia bat. Izen bat erabakitzen duzu, gauzak egiten hasten zara eta hor badago data bat. 2019ko urtarrila izan zen Lesakan egoitza ezarri genuen unea. Hor gauza serioago jartzen da. Notario-eskriturak idazten dituzu eta jada enpresa bat zara. Urte bat lehenago kultur kudeaketako masterra ikasi nuen. Produkzioa hagitz inportantea da eta hori ikasi egiten da. Dirulaguntzak nola eskatu ere bai. Gure laneko puntu hagitz inportante bat da hori.

«Lys». Dagoeneko produkzio ertainak planteatzen ahal dituzte, eszenografia eta musika konposizio batekin eta dantzariekin. “Lys” lana da lehendabizikoa haiek kanpoan zuzentzen daudena eta hiru dantzari eszenan. Joan den urriaren 29an Zizurren estreinatu zuten eta apirilean bolo bat dute Porton.

Lys hitzak “argia” erran nahi du danieraz. «Guggenheimen egon ginen Olafur Eliasson Danimarkako artistaren lana ikusten eta pila bat ukitu gintuen bere instalazioak: argiaren trataera, ispiluak eta gorputzak biderkatzeko aukerak, naturarekin erlazioa… Hortik, natur paisaiak barneratzen dituen dantza pieza bat egitea bururatu zitzaigun, argiarekin atmosferak sortuz, publikoa ahalik eta gehien sartuz eszenatokian, eta gorputzaren ikerketan eboluzionatuz».

Erreminta kutxa. Lan baten edukia, kontzeptua, bisualki nondik nora joanen den, euren erreferenteetatik jasotzen dute aunitz. Arte plastikoak izaten ahal dira, zinea, musika, kontakizun bat…

Badute bertze ildo bat: «Nola nahi dugun gorputzak mugitzea, eszenan eta estudioan. Badago ikerketa bat mugimenduen ezaugarriekin. Metodologia propio bat dela erratea pretentziosoa iruditzen zait, baina gure erreminta kutxa osatzen ari gara interesatzen zaigunarekin eta modu bat sortzen ari gara, hiztegi bat, elkar ulertzeko eta mugimenduak nolakoak izatea nahi dugun ikusteko».

Mugimenduaren bi nolakotasun gustatzen zaizkie batez ere. «Bata akuosoagoa da, organikoagoa, lurrarekin konektatuagoa, fluidoagoa. Bertzea, berriz, inorganikoagoa da, idorra, teknikoagoa, mentalagoa». Biak uztartzea maite dute.

«Honen denaren atzean Fisika ikasi izanagatik eta zientziarekin dudan txundiduragatik dudan frikismo puntu bat dagoela uste dut», onartu du irribarrez. Bi dimentsiotako grafiko batzuk erabiltzen dituzte. «X ardatzean denbora dago eta, Y ardatzean, espazioa. X ardatzean zerotik infiniturako bidea dago, ez mugitzetik ahalik eta agudoen mugitzera. Espazioan, zero lurra izanen litzateke eta hortik zutik izaten ahal duzun gehienezko altuerara arteko bidea egiten ahal duzu».

Puntu desberdinak planteatzen dituzte eta horiek lotzeko modua lerro zuzena edo etena izaten ahal da. Lerro zuzena mugimendu fluidoa da eta, etena, idorra. «Metodologia hau ulertzen duen dantzari batek grafikoa ikusten du eta erraten du: ‘Ados, nahi duzuna da lurretik hastea mugimendu fluido batekin eta mantso, eta pixkanaka garatzea bertikalki bidaia bat, gero eta tonikoago eta agudoago, eta gero buelta beheiti’. Dantza idazteko modu bat da, eta lan tresna bat».

Gorputzaren aukerak ikertzen dituzte. Mugak arakatu. «Batez ere artikulazio aldetik. Emaitza nahiko birtuosoa da. Malgutasuna ikusten duzu mugara ailegatzen. Abiadura ere bai. Mantsotasunak ere badu bere muga».

Esperimentuak. Sortzaile lesakarraren arabera, dantzan zentroa beti da gorputza eta a priori ez du bertze deusen beharrik. Hortik aitzinera bilatzen diren erlazioek hori aberasten dute. Zuzeneko musikarekin lotzen ahal da, ikus-entzunezkoekin, edo eszenografiak izaten ahal duen konplexutasun guztiarekin, arte plastikoak ere sartuz. Lan bakoitza unibertso bat da eta kontzeptua eskatzen duenak eta formalki bilatu nahi denak baldintzatzen du.

«Guretzat hagitz inportantea da ikusaraztea egiten ari garena ikastea dela. Gure produkzioetan ez dago egiarik. Produkzio bakoitza esperimentu bat da. Ondorio batera ailegatzen gara, hurrengoan aplikatzen duguna. Agian publikoarentzat bi lanek ez dute batere ikustekorik. ‘Cóncavo conexo’ gure aitzineko lanean eskultura bat mugitzen genuen. Gaizka Sarasola zegoen zuzeneko musikarekin eta Jon eta biok dantzatzen genuen eskultura harekin. Ikasi genuena ‘Lys’-en aplikatzen ari gara: eszena bakoitzak zenbat irauten ahal duen, noiz hasten den aspertzen begia, aspertze hori bilatzen den edo ez…».

Esperimentuak egiten dituztela ulertzeak antsietatea kentzen die, sorkuntzak baduelako bertigoa, beldurra, noraeza eta duda. «Batzuetan galduak sentitzen gara orokorrean bizitzan, eta Nafarroako Gobernuaren sariak balio izan digu apustuak zentzua zuela baieztatzeko».

Nondik heldu da Led Silhouette izena?

Silhouette hitzak frantses ukitu bat du gustatzen zaiguna. Gure formazio nagusia balleta izan da, eta esperimentu hauetan balleta desikasten ari gara gorputz desartikulatze horrekin. Agertokian, dantzariak mugitzen diren silueta gisakoak dira. Led hitzak badu etorkizunarekin, argiarekin, ideiarekin lotura. Lidergoa ere adierazten ahal du. Orduan, silueta gidatuak izaten ahal dira. Azkenean, koreografiatzea silueta batzuk gidatzea da, eta denbora eta espazioa gestionatzea gorputz horiekin. Guretzat apasionantea da.

Honek denak bertigo pixka bat ere ematen diola aitortu du: zuzentzea, kudeatzea, ekoiztea, koreografiatzea… Baina, aldi berean, barrenean zerbait pizten dio, baita orain kontatzen ari digun bitartean ere. Azken helburua hori da, emozionatzea.

«Gure izaera, erreferente eta gustuengatik bilatzen dugun emozio hori nahiko estetikoa da. Forma abstraktua izaten ahal da; ez ditugu egunerokotasunetik abiatzen diren keinuak egiten. Baina eduki aldetik kontzeptuak izaten ahal du nondik tiratu. Estetikoki gustatzen zaigu ordena bat izatea eta begiarentzat gustagarria izatea».

Publikoarengana nerbio optikotik ailegatzen dira, lys edo “argia”-ren bitartez. «Argiak gu jotzen gaitu, guk islatzen dugu eta begietara ailegatzen dena da garunak prozesatzen duena eta ikusten dena». Tripetara ere iritsi nahi dute, dudarik gabe. Baina lanak nahiko hotzetik abiatzen dira.

Erraterako, “Cóncavo conexo” eurentzat hagitz hotza zen, marrazketa tekniko eta perspektiba lan bat bezala planteatzen zen kasik. Bukaerako besarkada bi gorputzen arteko osagarritasuna eta zuloak bilatzea zen, «hagitz oteizatarra», baina jendeak maitasuna, etorkizuna, indarra… gauza desberdinak ikusi zituen. «Hori gustatzen zaigu. Agertokian emozio bat bilatzen hasten bazara, kanpotik sobera antzezten ari zarela ematen ahal du. Aldiz, hotzetik hasten bazara beti dago aukera berotzeko».

«RGB». Abuztuan eta irailean esperientzia zoragarria bizitu zuten Portugalen. «Lehendabiziko aukera izan zen atzerrian sortzeko, eta bertze konpainia batentzat gure lana erakusteko. Hilabete eta erdiz egon ginen han. Zazpi dantzari genituen, ez guk aukeratuak, agertoki erraldoi batean. Sekulako erronka zen: nola mugitu zazpi gorputz, toki horretan, denbora horrekin. Ordubeteko dantza emanaldia eskatzen zen. Kontzeptua guk aukeratu genuen, musika eta arropa ere bai. Gure burua gai ikusi dugu, eta emaitzarekin hagitz kontent gaude».

“RGB” izena du sorkuntzak. Red, Green eta Blue, hau da, “gorria”, “berdea” eta “urdina”, argiaren oinarrizko koloreak. Argi diseinu guztia hiru kolore horiekin egin zuten. Horien nahasketarekin sortzen dira kolore guztiak. Fokuak jarri zituzten kaleetan, eta oinarrizko koloreak agertoki erdian gurutzatzen ziren. Dantzariak pareta eta lur zuri batean zeuden eta mugimenduen arabera gorputzetan koloreak sortzen ziren. Emaitza ikusgarria izan zen.

Sarasolaren testuek kontzeptua eman zioten obrari. Zazpi pertsona lehendabiziko aldiz elkartzen dira, bakoitza bere motxilarekin, toki zuri batean. Elkarbizitza bat eta jendarte berri bat sortu behar dute. «Zer ikasi dugu? Zer egin dugu gaizki? Nola planteatuko genuke hasiera berri bat?», egiten dute gogoeta. Portugesez egin zen obra eta piezaren hiru zatitan dantzariek zuzenean erraten zuten testua.

Portugalen hasiko dira ematen orain, eta ilusio berezia eginen lieke honat etortzeak.

Biran. Obra bat sortzeko prozesuan energia pila bat egoten da kondentsatua ideia eta forma batzuetan, kontzeptu batean, kudeaketa aunitzetan, eta momentu bat ailegatzen da hori egina dagoena. Behin lana ateratzen denean bere bidea segitzen du. «Bi bolo edo 200 izaten ahal dira, Nafarroan bakarrik edo nazioartean; inoiz ez dakizu. Pieza bakoitzak duen bizia gerora ikusiko da. Gu hagitz kontent gaude orain arteko esperimentuek izan duten bizitzarekin».

«Gorputzak bizirik daude eta agertokian gorputz bat jartzen duzun aldiro zerbait berria da». Aunitzetan bere buruari oroitarazi behar dio hori. Adibidez, Kukairekin pieza bat dantzatu izan du, Marcos Morauk egina, “Oskara”, hagitz-hagitz ezaguna. Aunitz mugitu da eta oraindik mugitzen ari da. 2022an ere emanaldiak dituzte. «2016an sortu zen eta bira luze horretan puntu bat ailegatu zen, hainbertze bolo zeudenez, fabrikan fitxatzen bezala ari ginela sentitzen genuena: ‘Bat gehiago’. Arrisku hori badago».

Baina gorputzak muga bat du, eta iraungitze data bat, bai profesionalki bai bizitzan. «Egiten dugun dantza mota hagitz exijentea da fisikoki eta inoiz ez dakizu belaun batek noiz egiten ahal dizun klak. 2022ko agenda betetzen ari da, 2023rako gauzak ditugu burutan… Baina gure gorputzarekin bizi gara, gaur eta orain».

Martxel Rodriguez Dantzaz konpainian hasi zen eta han ari zelarik Danimarkako konpainia batek fitxatu zuen. Urte bat lan egin zuen han eta justu joan baino astebete lehenago, etxean alfonbra batekin irristatu, erori eta bi zaintiratu egin zituen, orkatilan eta behatz lodian. «Hala aurkeztu nuen nire burua lan berrian. Barrenetik aunitz sufritzen da eta kanpotik egin beharko ez zenituen gauzak ere egiten saiatzen zara, errate baterako lesionatuta dantzatzen».

Gorputzak infinitu aukera ditu. Mendebaldeko bizi estilo eta hezkuntzak hagitz mentala den norabide batean eramaten gaitu. «Sedentarioak gara, eta kirol bat egiten dugunean ere keinu bera errepikatzen dugu. Jendea erotzen da korrika, baina anatomikoki pauso bat errepikatzea da beti. Gorputzak dituen infinitu aukerak ez ditugu esploratzen bizitzak irauten duen denboran, ezta guk ere, muga horiek bilatzen saiatu arren».

Azpimarratu duenez, gorputzarekin konektatzea osasuna da. Fisika ikasten zuenean ere hala ikusten zuen jendea: burua hagitz landua, baina gorputz jarrera txarrekin eta atrofia puntu batzuekin.

Dantza «baltsamo» bat da sarri. «Gorputzarekin zenbat eta gehiago konektatu, orduan eta gehiago deskonektatzen da, zentzu onean, burutik. Batzuetan burua itzaltzea ere komeni zaigu. Pandemiarekin ikusi da. Hori dena jaistea, tripetara, gerrira… Justu Euskal Herrian hagitz zurrunak gara. Agian klixe bat da sinistu izan duguna, egia dena, eta egia izaten segiarazten duguna. Klixe hori hausten saiatu behar dugu».

Lesakarrak euskal dantzak egin zituen eta zurruntasun hori ere aprobetxatzen du, esploratzen duen zurruntasun hori ere dantza garaikidea izaten ahal delako. «Kontziente naiz eta muturrera eramaten dut». Ez dio bere formazioari uko egiten. Horren ordez, dituen tresnak baliatzen saiatzen da. Yoga egin izan du eta erreminta kutxan du hori ere.

Bihotz taupadekin hasten da dantza. Dioenez, gorputz bat mugimenduan dantza da, nahiz eta ez dugun horrela hartzen. «Pila bat izorratzen nau ‘noiz hasi zinen dantzatzen?’ galderak. Klabea bertze bat da: ‘Noiz ez zenion utzi dantzatzeari?’ Sei urterekin dantza klaseetara joaten hasi nintzen, baina etxean zero urte nituenetik dantzatu dut. Haur guziek eta aniztasun guzietako gorputzek dantzatzen dute zero urtetatik. Bihotz taupada hasten denetik hasten da dantza».

Euskal Herrian adin bat ailegatzen da mutilek dantzatzeari uzten diotena, 8 urtetatik 13 urtetarako tarte horretan. «Heteropatriarkatua sartzen da eta horrek gorputzetan eragiten du. Mutilek dantzatzea ez dago ongi ikusia, orientazio batekin eta identitate batzuekin lotzen da. Zenbat guraso etorri diren erratera ‘ez dakizu zer pena dudan, nire semea dantzatik desapuntatu da, baina etxean ez da geldi izaten!’. Euskal Herrian zurrunak garela erraten da, baina zurrunak etxetik kanpo gara, ez diogulako espazio bat utzi gure intimitatea konpartitzeari eta ez dugulako ulertu gorputza zenbat norabidetan mugitzen ahal den. Estereotipoetan erortzen garelako beti. Adin bat ailegatzen da neskek dantza eta mutilek futbola egiten dutena, eta hori ez dugu hausten».

«Ez naiz deusen eredu kontsideratzen, baina herrian gazteek ikusten dute, hasteko, diziplina artistiko batetik bizitzen ahal dela, eta diziplina hori gorputzarekin erlazionatua izaten ahal dela, dantza garaikidea adibidez», adierazi du.

Inporta duena bidea da. Gauzak auzitan jartzea atsegin du: «Zergatik egiten ditugu gauzak egiten ditugun bezala? Zergatik jaten dugu jaten duguna? Zergatik erlazionatzen gara erlazionatzen garen bezala? Zer puntutaraino xehatu daitezke ditugun atabismo horiek? Komeni da? Xehatuta zertan gelditzen dira?».

Galderek eraman zuten Fisika ikastera. Nondik heldu garen eta unibertsoak nola funtzionatzen duen ulertu nahi zuen; handienak eta txikienak. «Konturatzen zara galdera interesgarri baten erantzuna lortzean galdera gehiago sortzen direla. Artean eta sorkuntzan hori pasatzen da. Emaitza batera ailegatuta aukera gehiago irekitzen dira, dena esplorazioa da. Ohartzen zara inporta zuena bidea dela». Ez dakite azken pieza zein izanen den, baina badakite bertara heltzeko prozesu hori izanen dela euren bizitza.