7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Euskara labaindu


Euskara hauspoa galtzen ari da lehen arnasa bapo hartzen zuen tokietan. Euskararen arnasguneetan, gero eta estuago gure hizkuntza. Kezka sortzen du horrek, nahiz eta lehendik badakigun euskara ezin dela arnasguneetan bakarrik bizi; lur zabalagoak zapaldu behar ditu indarrez bizirauteko.

Herri txiki euskaldun bateko jangelan lan egiten duen lagunak esan dit kezkatuta dagoela. Gero eta gaztelera gehiago entzuten du egunero ondoan dituen haurren artean. «Nola ari zarete hizketan?», «zein hizkuntza da hori?», «ez al dakizue euskaraz?», aritzen da haurrei kargu hartzen. «Neroni nekatzen naiz nire abisuak entzuten», esan dit lagunak. Eta aurrekoan sei urteko haurra matxinatu zitzaion. «Zein hizkuntzatan ari zarete hizketan?», galdetu zien hezitzaileak beste askotan bezala. «Japonieraz», bota zion haurrak amorratuta.

Herri handiago eta erdaldunago bateko institutuko zuzendariak esaten du askotan bere bulegora deitzen dituen nerabeek gazteleraz erantzuten diotela; zirikatzeko, amorrarazteko, bere agintea zalantzan jartzeko. «Badakigu euskaraz, baina ez dugu hitz egin nahi». Nerabezaroa garai zoragarria bezain katramilatsua izan daiteke.

Kasu batean zein bestean atentzioa ematen du euskara ez dela natural darabilten komunikaziorako erreminta, nolabait kontzienteki jantzi behar duten soinekoa da, ez konturatu gabe berez azalean itsatsita daukatena. Euskara, ikasgelako hizkuntza; jolaserako, parrandarako, matxinadarako balio ez diena.

Baina beraiek, haurrek, nerabeek, gazteek ez daukate errurik. Gainera, datuak zintzoki begiratuz, haurrak eta gazteak dira euskara gehien darabiltenak. Baina akaso ez zaie euskara azalean itsasten inguruko helduei ere labaindu egiten zaielako euskara azalean. Sare sozialetan jarraitzen dituzten modako hitzontziek ez dute euskaraz egiten; futboleko entrenatzaileak gauza garrantzitsuak ez ditu euskaraz esaten; guraso askok ez dute euskaraz egiten haien artean; auzoko tabernariak haurrei bakarrik egiten die euskaraz...

Eskoletan euskara batzordeetan gurasoak falta dira eta gero eta haur gehiago dabil ingeles akademietan. Hori ez da txarra, noski, baina gurasoen kezken zerrendei buruzko pistak ematen ditu. Zerk daukan balioa, zer beharko duten haurrek etorkizunean...

Ez dut uste gaur egun jende asko egongo denik euskararen kontra. Gehienak, euskararen alde noski. «Ika, ika, ika, hemen dator Korrika». Bihotza bizkortuko zaigu Korrikarekin. Bihotz horren gaineko pegatina, euskararen aldekoa, josi dezagun azalera, ez dadin hain aise labaindu egunero.