03 AVR. 2022 IRITZIA Migratzaileak Amaia Uribe Texasen bada Roma izeneko herri bat eta han ere bide guztiek eramaten dute (Er)Romara. Mexikorekin muga egiten duen herria migrazioaren dramaren epizentro bihurtu da azken urteotan, eta gau batzuetan 5.000 migratzaile iristen dira 11.000 biztanle dituen Romara. Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuak banantzen dituen Rio Grande ibaia zeharkatzen dute, etorkizun hobe baten bila. Iazko apirilean tokatu zitzaidan bertara joatea eta oraindik ere barruak astintzen dizkit ordukoa gogoratzeak. Erreka bazterrean ordu pare bat zain egon ostean, gaueko iluntasunean mugimendu bat nabaritu genuen errekan. «‘Migra’ zarete?», galdetu zigun migratzaileak txalupan zekartzan trafikatzaileak. Mugako poliziari deitzen diote “migra” eta ezetz, lasai egoteko esan genion. Gomazko txalupa guregana hurbildu ahala, beldur, etsipen, neke eta poz aurpegiak ikusten hasi ginen. Hamaika lagun zetozen guztira: hiru ama, seme-alaba banarekin, alaba besoetan hartuta zetorren aita bat eta muga bakarrik gurutzatu zuten hiru adin txikiko. Beraien istorioak kontatu zizkiguten. Guatemalatik eta El Salvadorretik zetozen, pobreziatik eta indarkeriatik ihesi. Gehienek senideak zituzten Estatu Batuetan, baina muga bakarrik igaro zuen mutikoetako batek kontatu zigun bere osabaren lagun batengana zetorrela. «Ez gatoz nahi dugulako, behartuta gatoz. Nahiago nuke nire herrian geratu, baina edozer egiteko prest nago nire umearengatik», esan zidan nire adina zeukan emakumeak. Eta errudun sentitu nintzen, etorkin batzuei alfonbra gorria jartzen digutelako eta beste batzuei ez. Bisa batekin iritsi nintzen Estatu Batuetara, hegazkinez, bi maletarekin eta lana eta soldata izango nituen lasaitasunarekin. Ni ez nintzen miseriatik edo “pandillen” indarkeriatik ihesi iritsi. Lan aukera batengatik etorri nintzen, nik neuk hala erabaki nuelako. Eta sarritan pentsatu dut Euskal Herrian jaio izan ez banintz, ez nituela aukera berak izango. Ukrainaren kasuan ere ikusi dugu hori. Europak ateak zabaldu ditu. Gobernuak mobilizatu egin dira. Errefuxiatuak hartzeko “airbnb” bat sortu dute. Elkartasun oldea sortu da egoerari erantzuteko. Eta gauza normalena iruditzen zait, ukrainarrek dena utzi behar izan dutelako eta ezer gabe geratu direlako. Baina gogoeta egin behar genuke, ez dagoelako ondo migratzaileen edo errefuxiatuen eskala bat egitea. Ahal den neurrian, denei lagundu behar genieke, jatorriari eta azalaren koloreari begiratu barik. Izan ere, alde handiak daude oraindik. Romara txalupan iritsi ziren 11 migratzaileetatik 6 deportatu egin zituzten; nik, ordea, New Yorken jarraitzen dut. Errefuxiatuak hartzeko «airbnb» bat sortu dute. Elkartasun oldea sortu da egoerari erantzuteko. Eta gauza normalena iruditzen zait, ukrainarrek dena utzi behar izan dutelako eta ezer gabe geratu direlako. Baina gogoeta egin behar genuke, ez dagoelako ondo migratzaileen edo errefuxiatuen eskala bat egitea.