24 AVR. 2022 SurfA denontzat «Amets bat da, baina ikusgarria da pertsona batzuei zer nolako onura egiten dien» Jaiki surf eskolan surf klaseak ematen dizkiete, asteburuetan, aniztasun funtzionala duten 17 ikasleri. Ikasle bakoitzaren behar espezifikora egokitzeko xedez, material pertsonalizatua erabiltzen dute. Iraide Ibarrondo Udaberriko igande eguzkitsuetan giro lasaia arnasten da Sopelako Arrieta hondartzan. Herritarrak zein bisitariak txakurrak paseatzera, ibiltzera edota eguzkia hartzera hurbildu ohi dira hareatzara. Itsasoa bare dago, eta uraren parean kokatutako paseoan Jaiki surf eskolaren lonja diskretu bat dago. Itxuraz behintzat, ezer berezirik ez duen lonja horren aurrean 8 eta 50 urte bitarteko 30 pertsona inguruko talde bat elkartu da. Aniztasun funtzionala, urritasun intelektuala eta bestelako ezaugarri bereziak dituzten surf ikasleak, beraien senideak eta irakasleak dira bertan elkartutakoak. Lehen begiratuan, ez dute surflari estereotipatuaren antzik: ez dira beltzaranak, ez ilehoriak, ezta bereziki zaluak ere fisikoki. Are gehiago, taldekide batzuek mugikortasun murriztua dute, eta elbarrituen aulkian iritsi denik ere egon da. Hala ere, gorputzaren mugek ez diete galarazi 17 ikasle hauei, beren senide eta irakasleen laguntzarekin, noski, Kantauri itsasoko uretara olatu bila sartzea. Haatik, ez da lan makala, Lurta Nicolasek zuzendutako surf klasea hasi denetik ordu erdi pasatxo igaro baitute neoprenoak janzten. Izan ere, Nicolasek berak azaldu duenez, klaseak dituen berezitasunen artean «denborak eta prozesuak desberdinak» direla nabarmentzen da, besteak beste. Hasierako musu, bosteko eta agurrak amaitu, eta neoprenoak jantzi ostean, kirolariak itsasertzerantz joan dira; binaka eraman dituzte taulak, elkarri lagunduz. Taula guztiak lerro zuzen batean kokatu ostean, borobil batean jarri dira, guztiak gogotsu, beroketak egin eta irakasle berriak ezagutzeko. Izan ere, egun berezia da; surf inklusiboaren alorreko nazioarteko hiru aditu batu dira ikastarora Getxon egin den surf inklusiboari buruzko lehen biltzarra aprobetxatuz: Hans Hagen, Mauli Ola Foundation-etik (Kalifornia); Cisco Araña, Santos School-etik (Brasil) eta Antonio Vasconcelos, Santos School-etik, dira saiora batu diren irakasleak. Behin uretan sartuta, tarteka txaloak eta txistuak entzuten dira hondarretik; norbaitek zutik jartzea lortu duen seinale. Irune Romero izan da zutik jartzea lortu duenetako bat. Irunek 16 urte ditu, aniztasun intelektual, bisual eta lokomotorra du eta 13 urte zituenetik jarduten da kirol honetan. Berak azaldu du ikastarotik «guztia» gustatzen zaiola, ezin izan baitu gauza zehatz bat aukeratu. Hala ere, ikastaroaren abantailen artean nabarmendu du «ondo pasatzen» eta «kirola egiten» duela. Ikasleetako askok irakasle baten laguntza behar izaten dute zutik edo belauniko jartzeko. Nicolasekin batera, Xabier Urbina “Urbi” da lan horretaz arduratzen den begiraleetako bat. Bere ustez, edozein ikaslek aurrerapauso bat ematen duen bakoitzean irakasleentzako pozik egoteko arrazoi bat den arren, aniztasun funtzionala duten ikasleen kasuan «kristoren aurrerapena» da. «Beraiekin ikusi dudana da sekulako gogoa dutela parte hartzeko, elkarrekin egoteko, konpartitzeko eta aurrera joateko. Agian gutako norbait nagiarekin etor daiteke ura hotz dagoelako edo dena delakoagatik. Baina eurak ez; olatu txikietan, handietan…beti daude prest edozertarako», aipatu du Urbinak. «Eliteko» kirola? Uraren tenperatura edozein dela ere, taulara igotzeko irrikan dauden ikasleen artean –urte osoan zehar ematen baitituzte klaseak– Yolanda Garagorri nabarmendu dute irakasleek. Yolandari Arnold Chiari-ren gaitza delako gaixotasun arraroa diagnostikatu zioten duela 20 urte, eta gurpil-aulki bat erabiltzera behartzen du horrek. Yolandak kontatu du duela urtebete inguru egin zuela topo surfaren munduarekin: «Surfa eliteko kirola zela pentsatzen nuen, baina iaz surf irekia probatzeko aukera suertatu zitzaidan eta saiatu egin nintzen, probatzeagatik bakarrik, baina hasi nintzenean ikaragarri gustatu zitzaidan. Itzela da». Surfak zer eskaintzen dion galdetuta, besteak beste, «lasaitasuna, lagun berriak eta naturan egotea» aipatu du bilbotarrak. Horretaz gain, adrenalina eta ezjakintasuna ere azpimarratu ditu Yolandak, egiatan ez baitago aurretiaz jakiterik itsasoa nola egongo den edota olatuak nondik etorriko diren: «Bestelako hobby batzuetan egun guztiak berdinak dira. Hemen ez. Itsasoak nahi duena ematen dizu eta hori hartu behar duzu. Batzuetan ez dago olaturik, besteetan ez dago sasoi onik uretara sartzeko… beti da desberdina eta horrek badu bere puntua». Sergio Calderonek, ostera, garapenaren nahasmendu orokortua eta garuneko lesio bat du eta, ondorioz, baita mugikortasun arazoak ere. Bere esanetan, «surfa bizitza da». «Ongizatea, segurtasuna nire buruarengan konfiantza eta autoestimua opatzen dit surfak», aitortu du. Material egokituaren garrantzia. Bai Yolandak bai Sergiok, mugikortasun murriztua dutela-eta, material bereziak erabiltzen dituzte surferako. Alde batetik, janzten duten neoprenoa belkroz osatutakoa da; hau da, lurrean zabaltzen da eta, ohiko lepoko kremailera izan beharrean, dozenaka belkro ditu gorputz-adar bakoitza inguratu eta ixteko. Bestetik, taula egokitu bat erabiltzen dute: orain arte paddle taula baten gainean torlojututako aulki batean txandaka esertzen ziren olatu bila joateko. Hala ere, ohiko taula bere gurdian utzita, Sergio eta Yolanda bi aditu brasildarrek dohaintzan ekarritako taula berriak probatzen ibili dira. Taula horiek belkrozko geruza bat dute surflariak sabela jarri ohi duen tokian. Geruza horren gainean goma-aparrezko material desberdinak daude. Beraz, belkroari eta bertan izan den Naia Montelio fisioterapeutaren aholkuei esker, taularen morfologia gorputz eta pertsona bakoitzaren behar espezifikoetara egokitzen ibili dira. Cisco Arañak, taularen sortzaileetako batek, adibide baten bidez azaldu ditu honen xehetasunak: «Demagun aniztasun funtzionala dudala, hemiplegia batekin. Taula anatomikoki nire gorputzera egokitzen da seguruagoa izan dadin eta lesioak ekidin ditzan. Gainera, taula hibridoa da: itsuek, Down sindromea dutenek, hemiplegikoek, tetraplegikoek…guztiek erabil dezakete eta, gainera, oso merkea da. Merkatuan bilatzen duzun hori aurkitzen ez duzunean, irudimentsua izan behar duzu; oso taula sinplea da, eta erraza dirudi, baina heltzea kosta zitzaion». Izan ere, hori da ikastaro honen gakoa: egokitzapena, bai neoprenoak bai taulak ikasle bakoitzaren beharretara egokituta baitaude. Ez da erraza izan, senideak arduratu baitira, ahal izan duten moduan, materiala diseinatu eta sortzeaz. Esaterako, orain arte Yolandak eta Sergiok erabili izan duten taula biltegi moduan erabiltzen duten lonjatik ur-ertzera garraiatzeko erabili izan duten gurdia beste taldekide baten aitak sortutakoa da. Izan ere, ekainetik irailera arteko hondartza denboralditik at, nahiz eta eskaera formala behin baino gehiagotan egin duten, ikasleei ez diete aulki anfibioak erabiltzen uzten paseotik uretara heltzeko. Horregatik, beharrak bultzatuta, senideek parte hartze handia izan dute material espezifikoaren sorkuntzan. Ezohiko gorputz atalen lanketa. Aski ezagunak dira kirolak giza gorputzean dituen onurak. Hala ere, aniztasun funtzionala duten pertsonen kasuan eta, batik bat, mugikortasun arazoak badituzte, surfa tresna egokia da normalean erabiltzen ez dituzten gorputz atalak eta giharrak lantzeko. Naia Montelio, Jaiki surf eskolako fisioterapeuta, arduratzen da ikasle bakoitzaren egoera fisikoa aztertzeaz eta gehien komeni zaion surf modalitatea gomendatzeaz: «Familiak eta kirolariak ezagutzen ditugu eta zer modalitate erabiliko duten erabakitzen dugu; etzanda, eserita, zutik… oso desberdina da bata edo bestea erabiltzea; aulkian, esaterako, gorputza birak egiteko erabiltzen dute. Etzanda doazenean, ostera, gehiago erabiltzen dituzte hanken mugimendua eta begirada. Hau da, pisu aldaketen bidez gorputz atal bat edo bestea lantzen da». «Ikasleek gorputz atal guztiak lantzen dituzte hondartzan ibiliz, taulara igota, uretan sartuz eta arraun eginez. Gainera, ikasleek normalean lantzen ez dituzten posturak landu eta beste batzuk zuzentzen dituzte», azaldu du fisioterapeutak. Monteliorekin bat eginez, Nicolasek zehaztu du surfean hasten direnetik ikasleek hobera egiten dutela: hobeto lo egin, sozializatu, barre gehiago egin... ia ohartu gabe kirola praktikatu eta nekatu, ahalduntze prozesuan murgildu eta autoestimua hobetzen dutela, besteak beste. Kliniketan eskaintzen diren tratamenduekin edota fisioterapia saio tradizionalekin alderatuta, ur kirol honek ikasleei eskaintzen dizkien abantailak azaldu ditu Monteliok: «Askoz estimulazio eta motibazio handiagoa lortzen dugu hemen, terapiara joan eta jolasen bidez luzaketak eginda baino». Fisioterapeutak zehaztu du klinika batean egiten den lana «beharrezkoa» dela, baina ikastaroan bilatzen diren onurak «desberdinak» direla. Horien artean «onura sozialak» eta «hondartzako jendea ezagutzea» aipatu ditu osasun profesionalak. «Surfa bakarkako kirola kontsideratzen da, baina, nire ustez, ez da horrela, zeren eta taldea oso garrantzitsua da», ondorioztatu du Monteliok. Jaikiko surf inklusiboaren hastapenak. Lurta Nicolas duela lau urte inguru jabetu zen aniztasun funtzionala zuten pertsonentzako surfaren mundua egokitzeko beharraz, ikasle autista batek Jaikin izena eman zuenean, zehazki. Nicolasek eman zizkion klaseak eta, handik denbora gutxira, surflari itsu batekin egin zuen topo Hawaiin, Sunset Beach-eko hondartzan, non kilometro baterainoko olatuak dauden. Une hartan hasi zen kontzientzia hartzen eta surfaren munduan aniztasun funtzionala duten pertsona gehiago daudela konturatzen, hala nola, Clay Marzo eta Aitor Francesena zarauztarra. Gaur egun, Gertu Surfa Denontzat elkartearen bitartez, surf inklusiboa lantzen duten ikastaroak ematen dituzte Jaiki surf eskolan. Hala ere, elkartearen laguntzaz gain, Nicolasek ohartarazi du ikastaroa burutzea ez litzatekeela posible izango Laboral Kutxak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Susana Monsma Fundazioak eta Plentzia, Sopela eta Getxoko udalek emandako laguntza eta finantzaketarik gabe. Hala ere, Nicolasek ikastaroa bideratzeak bere zailtasunak ere badituela azaldu du: «Azken finean, zailtasunak izaten dira ikasle bakoitzak irakasle bat behar izaten duela, irakasle gutxi daudela prestatuta lan hau egiteko eta soldatak mantentzea ez dela batere erraza… Baina guztion artean lortzen ari gara. Hau amets bat da, baina ikusgarria da pertsona batzuei zer nolako onura egiten dien». «Honek badu alde dibertigarri bat. Ez dira konturatzen, baina denbora guztian zaude olatuaren menpe, olatuaren zain edo olatuari adi. Oso denbora gutxi gaude olatuaren gainean, baina momentu horiek asko disfrutatzen ditugu», azaldu du Nicolasek. Etorkizuneko proiektuei dagokienez, Nicolasek aurreratu du surf inklusiboari buruzko dokumental bat duela martxan, “Surfing Therapy”. Brasildarrak aitzindari. Brasilgo Santos School aitzindaria da mundu mailan surf inklusiboaren alorrean. Hogeita hamar urte igaro dira jada herrialde amazonikoko lehen surf eskola publikoa ireki zutenetik eta orain dela bi urte lortu zuten aniztasun funtzioanala zuten ikasleentzako eskola berezi bat martxan jartzea. Orotara, aniztasun funtzionala duten 250 ikasle dituztela baieztatu du, harro, Cisco Arañak, surflari eta Brasilgo Santos School eskolako koordinatzaileak. Arañak nabarmendu du aniztasun funtzionala duten ikasleentzako surf eskola bat irekitzeko proiektua askoz lehenagotik datorrela baina, burokrazia eta erakundeen oztopoak zirela-eta, azkenean duela bi urte jarri zutela abian. Hala ere, azaldu du behin martxan jarrita, terapeutak, fisioterapeutak eta mota guztietako baliabideak lortu zituztela eta ikasleek ikastaroak erabat doan jasotzea eskuratu zutela. Dena den, Santos Schoolen proiektua ez da hor amaitzen, aniztasun funtzionala duten pertsonei surfa irakasteaz gain, adindunei ere erakusten baitiete. Ciscok zehaztu du pertsona nagusiekin ere lan egiten dutela eta, egun, 50 urtetik gorako 180 ikasle dituztela, zaharrenak 80 urtekoak izanik.