24 AVR. 2022 IRITZIA Ikusgarritasuna GALDER PEREZ Aspaldikoa da ultraeskuinaren uholdea Europan; benetan ikusgarria, itotzen gaituen lokatza. Baita gurean ere. Ikusteko dago zenbatekoa izan den gaur Frantziako hauteskundeetako bigarren itzulian Marine Le Penen alderdiak jasoko duen babesa. Espainian alderdi ultraeskuindarra dagoeneko gobernuetan ere badago. Eta zer esanik ez, zahar esaten zaion gure kontinentean itzela izaten ari da eskuin kontserbadoreenaren aurrerakada. Apirila Hungariako hauteskundeekin hasi zen. Orban ultrakontserbadoreak laugarren aldiz jarraian hauteskundeak irabazi zituen. Boterera iritsi eta lehen hilabeteetan sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak debekatu zituen. Azken hauteskunde hauetan, hautagaien bozketa egiteaz gain, erreferendum moduko bat egiteko baliatu ziren hautetsontziak. Nahiko ikusgarritasun txikia izan zuen galdeketa horrek. Galderaren zioa LGTBI komunitatearen edukiek eskoletan debeku izaten jarraitu behar duten ala ez zen, baina oso modu anbiguoan planteatuta. Quorum faltaren ondorioz, baliorik gabe geratu zen. Hatter Hungariako LGTBI eskubideen alde lan egiten duen erakundeak boto baliogabeak ematera deitu zuen, bozketak legitimaziorik izan ez zezan. Eta horrela gertatu zen, botoen %44 soilik onartu ziren baleko bezala. Baina ez du axola galdetu ala ez, erabakigarria izan edo ez izan; demokraziaren jaiaren boto-ontziekin mozorrotu eta makillatuta nahikoa dute nahi dutena agindu edo debekatzeko. Herrialde horretan aplikatutako hainbat arauk diskriminatzaileak eta homofoboak izaten jarraitzen dute, Europan dena delako posible, eta injustiziarik handienak onartuak izan daitezke hain dotore apaindutako mahai kontserbadore ikusgarrietan. Asteartean, apirilaren 26an, ikusgarritasun lesbikoaren eguna izango da. Aldarrikapenek ikusgarritasunarekin bat egitea ezinbestekoa dugu. Oraindik ere, ikusi nahi ez duen jende gehiegik inguratzen gaitu; pertsona jakin batzuek besteak, ezberdinak direnak, existituko ez balira bezala jokatzen dute, haiek bezalakoak ez direnak isilaraziz, ezkutatuz, ezabatuz. Ez ikusiarena egitea biolentzia modu bat da, lesbiana askok jasotzen duten beste biolentzia modu bat. Ultraeskuindarrek, berriz, oso ondo dakite ikusgarritasuna lantzen, irudi eta orrialde nagusietako protagonista izaten. Horrela lortzen dituzte garaipenak eta jendeak eurei sinistea, bozkatzea eta fede itsu hutsa izatea. Berdintasunaren eta justiziaren alde zerbait lortzeko, ikusgarritasuna landu eta praktikatu beharra dago; izenik ez duena bezala, ikusten ez dena ez baita. Modu asko dago ikusgarritasuna lantzeko eta egun guztiek balio dute, garena erakusteko edota izan nahi dugunaren alde borrokatzeko. Baina indartsuago dirudi egunotan ilunak, borragomak edota “delete” teklak. Izana eta izena klik azkar batekin deuseztatzea errazegia da. Erakuts dezagun harrotasunez gure barreneko dena, ikusten ez dena ez baitago inon, existituko ez balitz bezala. Jakin badakigu ez dagoela ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik. Baina ikusteko aukerarik ez baldin badago, zaila du inork horren aurrean begiak estaltzea. Egin dezatela ezabatzeko ariketa. Har dezatela ez ikusiarena egiteko molestia. Horrek ere izango du bukaera. Ikusi nahi duenarentzat behintzat. Erakuts dezagun harrotasunez gure barreneko dena, ikusten ez dena ez baitago inon, existituko ez balitz bezala. Jakin badakigu ez dagoela ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik. Baina ikusteko aukerarik ez baldin badago, zaila du inork horren aurrean begiak estaltzea.