05 JUIN 2022 IRITZIA Futbola Amagoia Mujika Futbola. Izugarri gustatzen zait futbola. Bai, serio. Herriko emakumeen lehen futbol taldea sortu genuen eta gozamena izan zen. Ez genuen bitrinarik bete kopaz eta dominaz. Ez genuen kirol balentriarik lortu eta ez genuen ikasi irabazten. Galtzen ondo ikasi genuen, baita ondo galtzen ere. Baina, horrez gain, gauza asko ikasi genituen, betirako azalean geratu zaizkigunak. Aldageletako barre, laineza, tontakeriak. «Digan lo que digan, los pelos del sobaco abrigan». Inposatutako depilazioaren kontrako aldarriak, hori iraultzailea izan zitekeela jakin aurretik. Talde baten parte izateak ematen duen magala sentitu genuen; batzuekin besteekin baino hobeto moldatzeko malgutasuna; haserretu eta adiskidetzeko artea; gorputz desberdinak begirada gardenez ikusteko lasaitasuna; emakume kirolari izatearen lana... Parrandatxoak, maitasun istorioak, moskeoak, penak eta pozak, guztiak taldean. Futbol zelai lokaztu hartako ibilerak ederrak izan ziren. Begiak itxita ia sentitu egin dezaket Mikasa markako harrizko baloi haren zaplada izter hotzetan. Eta hori ere irribarrez gogoratzen dut. Niretzat hori izan da futbola urte askoan; lagunartea eta gozamena. Egia da sekula ez genuela amestu futbolari izar izatearekin. Hankak lokatzetan genituen. Gerora etorri dira Espainiako futbol ligako jokalari guztien izenak eta ezaugarriak buruz dakizkiten haurrak, futboleko kromoak, sabelean “tableta” duten futbolari sonatuak, herrikideak diren futbol taldeen arteko kontrakotasun gordinak, telebistan ikusten dituzten futbolarien orrazkerak eta plantak imitatzen dituzten haurrak, haurren futbol ibilbidearekin amesten duten gurasoak, barrua futbol zelaietan eta oihuka askatzen duten herritarrak... Hori omen futbola. Eta niri hori, gustatu ez. Baina, tarteka, loretxo bat agertzen da zementuaren zartaduretan. Oier Sanjurjo Osasunako kapitainak futbol ibilbidea amaitu du. Ez dut asko jarraitu, baina beti gustatu zaizkit bere umiltasuna eta bere herriarekiko eta hizkuntzarekiko agertu duen lotura. Mesede handia egin dio euskarari. Eliteko futbolaren eromen horretan, hainbesteko oihartzuna daukaten bozgorailu horien aurrean, euskara sekulako errespetuz eta duintasunez tratatu du. Eta horrek gure hizkuntza txiki honi arnasa ematen dio, futbola bezalako «gauza serio» baterako ere balio baitu euskarak. Euskal Herriko futbol talde txiki guztiek euskara horrelako errespetuz eta duintasunez tratatuko balute, indartsuago legoke. Pentsa zenbat eta zenbat neska-mutiko beren aisialdiaren parte handi bat futbolaren bueltan egiten dutenak. Laguntasuna, euskara, konplizitatea, gozamena, enpatia, umiltasuna. Hori ere bada futbola. Gure idoloak ondo aukeratu beharko genituzke. Talde baten parte izateak ematen duen magala; haserretu eta adiskidetzeko artea; gorputz desberdinak begirada gardenez ikusteko lasaitasuna; emakume kirolari izatearen lana... Parrandatxoak, maitasun istorioak, moskeoak, penak eta pozak. Niretzat hori izan da futbola urte askoan, baina egia da ez genuela amesten futbolari izar izatearekin.