10 JUIL. 2022 IRITZIA Inutilak JOKIN URAIN Osakidetza enkantera eramateko keinuak erakutsi bazituen Sagardui sailburu jeltzaleak, eta ordutik hor ari da bazterrik bazter kaka esplikatzen. Eneko Andueza sozialistak, berriz, argi dauka mediku izateko ez dagoela hizkuntza eskakizunekin nahasmena sortu beharrik. Gauzak konplikatu besterik ez dugula egiten sendagileari, apetatsu samar jarrita gainera, sendagile izateaz gain, gure hizkuntza honetan hitz egitea eskatzen hasten garenean. Sendagilearengana doan gaixoak sendatzea nahi duela, eta ez euskararen edertasunaz jardutea. Egundo ez zait aurrean tokatu, baina pentsatzekoa da mutua ere izan daitekeela mediku; hiztunik berriketarienak bezain adi —adiago beharbada—entzungo lituzke zure kexak eta aieneak. Zerbait adierazi behar badizu, berriz, idatziz egin dezake. Gorra izateak ere ez du esan nahi mediku ezin denik izan; entzun ez lituzke entzungo gaixoaren kexak eta azalpenak, baina, idatziz ematen bazaio, irakurriz jaso ahalko luke diagnostikoa egiteko behar duen informazioa. Eta zeinuz elkar ulertzeko aukera hor dago, munduan aski erabilia eta edozeinek praktikatu izan duena momentu batean edo bestean. Mediku itsuen kasuaz ez dut asko pentsatu, baina pentsatzen dut bista ona izan arren ezer ikusi nahi ez duen asko dagoela bazterretan. Edo gauzak bere erara soilik ikusi nahi dituena. Horietakoa izango da Andueza jauna eta zail egiten zaio sendagile euskaldunez osatutako Osakidetza imajinatu edo ikustea. Andueza eta bere konpainiakoei ohore egiteko, esan daiteke itsu ilustratuak ere egon izan direla euskarari eta bere ahalmenei begira. Oinordetzan zetorkion gaitzagatik geratu omen zen itsu Jorge Luis Borges idazle argentinarra; argazkietan ageri da laino itsuaren artetik urrutira ikusi nahi duenaren moduan, baina bere baitara begira bizi izan zen seguru asko, eta horregatik idatzi zuen hain oparo eta hain bikain. Arbasoen artean euskaldunak omen zituen Borgesek, «baina zer egin dute euskaldunek? –galdetzen zuen–. Behiak jetzi, gazta egin, umore txarrez egon, eta kito. Euskaldunik izan ez balitz, munduaren historia berdin-berdina izango zen. Inor ez zatekeen ohartuko». «Zer hizkuntza arraroa –zioen euskaragatik–, hain antzinakoa eta hain hitz gutxi dituena. ‘Arbol’ esateko, ‘arbola’ esaten dute». Eta egia da, gaztelerazko “arbol” esateko, “arbola” esan dezakegu, eta “inutila” esaten dugunean badakigu zertaz ari garen. «Zer hizkuntza arraroa –zioen euskaragatik Borgesek–, hain antzinakoa eta hain hitz gutxi dituena. ‘Arbol’ esateko, ‘arbola’ esaten dute». Eta egia da, gaztelerazko “arbol” esateko, “arbola” esan dezakegu, eta “inutila” esaten dugunean badakigu zertaz ari garen.