07 AOûT 2022 IRITZIA Larderiaren algara JOKIN URAIN Denon gaitza izango da, eta gaitza ez bada izendatu zeuk nahi duzun moduan, izaera edo joera, bizitzako edo pentsaerazko jarrera, batzuek neurri batean eta besteek beste batean duguna, ondo gabiltzanean burutik pasa ere ez egitea gaizki ibili beharra tokatuko zaigunik inoiz. Edo pentsatzea besteei iritsiko zaiela ezina eta ondoeza, baina ez geuri, nola ba! Eta badirudi zenbat eta hobeto ibili norbera, hainbat errazago egiten dugula barre gaizki dabilenaren bizkarretik. Datorren negua denontzat izozte izan ez dadin neurriak iragartzen ari dira. Udazkenerako, esan eta esan, eguneroko errepikapenaren mailuarekin aise nazkatuko gaituzte kontu horrekin, eta negurako pagotxa prestatuko dute gutxi batzuentzat. Gerra garaietan egiten dituzte batzuek, edo ekonomia eta osasun larrialdietan, negoziorik handienak. Halako abaguneetan gehiengoaren beharretatik asetzeko eta aberasteko lizentzia hartzeko prest dagoenik ez da inoiz falta izan iraganean. Aurrerantzean ere izango dira, gauzak asko aldatu edo aldarazi ezean. Dena den, deigarria da gas murrizketak iragartzen ikustea Europa itxuraz ahalguztidun honetako agintariak; edo portuetatik atera ezinik dauden Ukrainako laboreen etorkizunaz mahai-inguruetan entzutea orotariko adituak. Eta hainbeste orojakilerekin ez dakit nola demontre jarraitzen dugun beti ezer konpondu ezinean, beti lokatz berean murgilduta. Atzera begirada eginda deigarria baita eta atentzioa ematen baitu mahai-inguru horietako orotariko aditu berberen esanak eta algarak oroitzeak. Duela ia bi hamarkada, energia aurrezteko plangintza eratu eta abian jarri zuten Kuban. Etxetresna elektrikoak ordezkatu zituzten, hozkailuak, bonbillak... eta presio-eltzeak ere bai. Ez zen tresnak ordezkatzea soilik, jakina, haiek erabiltzearen onurez aritu eta jendea konbentzitu behar zen, eta halako kanpaina egin zuen Kubako Gobernuak. Eta hemengo analista politiko, berri emaile eta tertulietako berriketariak zein baino zein aritu ziren, eta batik bat presio-eltzeak eman zien txiste eta barregai ederretarako haria. Algarak egiten zituzten Kubako agintarien burutazioaz. Inoren gaitza norbere sendagarritzat hartzea giza izaeraren erakusgarri bikaina da batzuetan, Manex, baina larderiaren algarak badaki nabarmen geratzen, txiste eskasa kontatu duenak bakarrik barre egiten badu batez ere. Datorren negua denontzat izozte izan ez dadin neurriak iragartzen ari dira. Udazkenerako, esan eta esan, eguneroko errepikapenaren mailuarekin aise nazkatuko gaituzte kontu horrekin, eta negurako pagotxa prestatuko dute gutxi batzuentzat. Gerra garaietan egiten dituzte batzuek, edo ekonomia eta osasun larrialdietan, negoziorik handienak.