7K - zazpika astekaria
IRUDITAN

XX. mendeko ekaitza


Tximista-sega

euria mozten ari da.

Urezko segamailak

arropak bezala dira erortzen

— oi alde egiteko beroki handiak

   beroki handi-handiak

   sekula ere itzultzen ez zirenak!

urruti daudenen

arropak bezala dira erortzen

zeruko pentze hutsean.

 

Eta euri horren belartzan

loreak

ibaien indarrez hazten ziren

— oi mugalariaren sakelak

   alde egindakoen

   isiluneen eta zenbakizko promesen

   gutunez beteak!

ibaien

estuarioko indarraz hazten ziren.

 

Lore bakoitza

esku-ahur batean hasten da,

petalo bakoitza

keinu egintza

ukitu bat izan zen

hasmentan.

 

Hurbildu zure lorategia nire masailera

zure bost hatzeko lorategia

beste hiri batean dagoen hori

hurbildu nire masailera.

 

Belar onduaren gurdia

trumoiz zamaturik

zeharkatzen ari da zerua txirriki-txarraka.