13 NOV. 2022 IRITZIA Bertsio ofizialak JOKIN URAIN Edozein gertaeraren aurrean begirada adina argazki bildu ditzakegu, batek albotik begiratu diolako eta besteak aurrez aurre, batek sentiberago erreparatu diolako eta besteak nahiko axolagabe, eta argazki bakoitzaren aurrean hamaika interpretazio aterako dizkizute. Interpretazio baten kontaketak, ahoz aho bidea egin ahala, jatorrizko gertaerarekin zerikusirik ez duen argazkia osatzen du azkenean. Horrela, ez da zinez gertatua kontatzen, baina kontatzen dena da gertatu dena. Ofizialki gertatu dena, esan nahi dut. Eta ofizialtasunak ematen die zinezkotasuna gertaerei. Joan den irailaren 14an Mahsa Amini emakume kurdua atxilotu zuen Polizia irandarrak eta, komisariatik igaro ondoren, ospitalean hil zen bi egun geroago. Susmo txarretatik ateratako bertsioak gora behera, Irango Forentseen Erakundearen txosten batek adierazi zuen zortzi urte zituenean egindako buruko ebakuntza batekin duela zerikusia Aminiren heriotzak; bat-batean konortea galdu omen zuen... eta garuneko hipoxiak eragindako akats multiorganiko baten ondorioz hil zen. Baina hemen ez gara gutxiago; zer uste du Irango Forentseen Erakundeak! 1993ko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak Gurutze Iantzi urnietarra. Biharamuneko ordu txikietan polizia etxeko ziegan konorterik gabe aurkitu zuten eta, osasun etxera eramanda, Gurutze hilik zegoela egiaztatu zuen medikuak. Autopsia egin zioten auzitegi medikuen esanetan, arteria baten tronbosiagatik hil zen. Joxe Arregi asteasuarra 1981eko otsailean atxilotu zuen Poliziak Madrilen, eta bederatzi egunen buruan Carabanchel ospitalera eraman eta bertan hil zen, bronkopneumoniak eragindako heriotza naturalez bertsio ofizialaren arabera. Irailaren 20an, Mahsa Aminiren heriotzagatik protestan zebilela atxilotu zuten 17 urteko Nika Shakarami; 10 egun geroago agertu zen hilotza, gorputegi batean. Tasnim berri agentzia irandarraren arabera, eraikin batetik erorita hil zen Shakarami. Xabier Kalparsoro zumaiarra 1993ko irailaren 23ko gauean atxilotu zuten eta Bilboko Indautxuko polizia etxera eraman, eta handik erietxera, koma egoeran. Bertsio ofizialak esan zuen bere burua bota zuela leihotik behera. Bi egunera hil zen. Geografikoki elkarrengandik hain urrun egonik, zein gertu dauden beti zenbait gertaeraren bertsio ofizialak, Josune. Polizia etxeetatik eta bere jira-bueltako forentse, epaitegi eta gisako labirintoetatik jaulkitzen direnean batik bat. Interpretazio baten kontaketak, ahoz aho bidea egin ahala, jatorrizko gertaerarekin zerikusirik ez duen argazkia osatzen du azkenean. Horrela, ez da zinez gertatua kontatzen, baina kontatzen dena da gertatu dena.