7K - zazpika astekaria

Core-a lantzeko mugimendu ezberdinak


Gorputzeko gihar bat lantzeko ariketa zehatz bat izaten dugun bezalaxe, Core-a edo gorputz erdialdeko gihar multzoa lantzeko ere entrenamendu mota bat dago. Egunerokotasunean agertzen diren egoerak eta egingo ditugun mugimenduak era egokian burutu ahal izateko, indar orokorra behar dugu pertsona guztiok. Indar orokor hori gure gorputzak sorturiko kanpo eta barne indarren mende egongo da; hortaz, posturak garrantzi handia izango du.

Badakigu gure gorputza hiru dimentsiotan mugitzen dela eta edozein planotan mugitzeko gaitasuna duela. Hau esanda, gure gorputzak flexioak, estentsioak, errotazioak eta inklinazioak egiten ditu nagusiki. Mugimendu guzti horiek oreka bat izan behar dute, hau da, denek orekatuta egon behar dute, postura egoki bat izateko eta desoreka ahalik gutxien sufritzeko. Hauek garrantzitsuak izan dira arlo guztietan, bai kirol eta lehiaketa munduan, bai eguneroko bizitzan.

Aipatutako flexio eta estentsio mugimenduak egunero errepikatzen ditugu. Esaterako, lurretik objektu bat altxatu nahi dugunean, gure enborra flexionatzen dugu makurtzeko, eta estentsioa bilatzen dugu berriz ere zutik egoteko. Bestetik, gorputzaren errotazioak ere askotan errepikatzen dira. Adibidez, liburu bat mahai batetik bestera mugitzen dugunean, gure enborra errotatzen dugu posizio batetik bestera. Inklinazioak, gutxitan ikusi arren, egunerokotasunean ere gertatzen dira. Erosketak egitera goazenean eta poltsa astunak eramaten ditugunean, ez al dugu indarra egin behar gure postura mantentzeko eta poltsen pisuari eusteko? Mugimendu hauek gure Core-ak egiten duen indarrari esker egin ditzakegu.

Denborak aurrera egin ahala zahartzen goaz gizaki guztiak, eta posturak mantentzeko zailtasun handiagoa izaten dugu. Aipatutako lanaren bitartez, gure giharrak entrenatu ditzakegu. Eta postura egokiak lantzeaz batera, denbora gehiagoz egongo gara mugimendu guzti horiek era egoki batean burutzen. Orain osasun tresna hau ezagutzen duzula, ez galdu denbora eta hasi lanean!