7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Akabera paleta

Paris Internationaleko artelanen erakusketarako horma sistemak, Christ & Gantenbein estudioak diseinatua. Argazkiak:Nicolas Dorval-Bory eta Giaime-Meloni (Zazpika)

Mood board» esan ohi zaie ingelesez. Bertan kokatu ohi da, adibidez, etxebizitza baten erreformarako beharko diren akabera desberdinen pieza bilduma. Lurreko egurraren lagin bat, paretetako baldosen erakusgarria, moketa zatiak, metalaren akabera ikusteko iturrien pieza bat edo helduleku eta maneten piezak, pintura desberdinen testura eta kolorea. Horiek denak batera multzo harmoniko bat izatea bilatu ohi da normalean edo, behintzat, bakoitzaren gustuen sintesi moduko bat. Arkitektooi askotan gertatzen zaigu bezeroek, erreforma bat eskatzen dutenean, prest dutela bilduma. Instagram, Pinterest eta irudietan oinarritutako halako sare sozialetan zabaldu den ohitura bihurtu da, irudien hipersaturazio honen beste erakusgarri bat. Planifikazio honen helburua lan `itxi´ bat egitea da, hasi eta bukatuko den prozesu bat diseinatzea. Gurea izango den zerbait, agian.

Eraikinetan indibidualismo horiek geruzetan finkatuta geratzen dira; askotan, zoru berria aurrekoaren gainean jarri ohi da, pintura kapa eta paper pintatu kapa desberdinak gainezarri egiten dira, pladur kaxoiz edo sabai aizunez estaltzen dira jarri beharreko instalazio berriak. Kapa gehitze horrek muga bat du, noski. Batzuetan denak kentzen dira, horretarako ahalmena duenak, gehienetan berriro geruzen gainjartze horretan kontadorea zeroan jartzeko.

Bestelako planteamendua izan daiteke kontrako bidea hartzea. Eraikin batek dituen kapak proiekturako elementu gisa erabiltzea; batzuk kendu, beste batzuk berreskuratu edota erakusteko pentsatuak izan ez ziren elementuak azalarazi. Gehitu ordez, dugunarekin lan egitea alegia, gehitu behar duguna minimora murriztuz eta aurretik pasatu direnen arrastoa ohoratuz. Espazioan denbora azaleratzeko modua ere bada hori.

Paris Internationaleko artelanen erakusketarako horma sistemak, 2015 eta 2017ko edizioan Nicolas Dorval-Bory Architectes estudioak gauzatutako lana. Argazkiak: Nicolas Dorval-Bory eta Giaime-Meloni

Horren erakusgarri diren zenbait proiektu zabaldu dira azken urteetan. Lacaton eta Vassal arkitektoen Pariseko Palais de Tokyo adibide argi bat da, baita Gante hirian berriki zabaldutako Wintercircus Mahy eraikina ere, Atelier Kempe Thill eta aNNo estudioek bultzatutakoa, eta, azkenik, Lisboako Banco Nacional e Ultramarinon egindako esku-hartzea MUDE museoaren jarduna txertatzeko, Ricardo Carvalho + Joana Vilhena Arquitectos-ena. Denek dute behin-behinekotasun kutsu hori, prozesu oso baten erakusgarri diren proiektuena eta baita egile izatearen beharra bigarren plano batean jartzeko prestasuna ere.

Paris Internationale proiektuan, esku-hartze hauetan egilearen marka desagertzea eta eraikinaren geruzen azaleratzea sistema bihurtzen da. Pariseko arte galerien feria honen ibilbidea 2015an hasi zen eta aurten izan du zortzigarren edizioa. Urtero, hustutako eraikinak artearekin betetzen ditu, urtero Pariseko eraikin desberdin batean. Aurten, Christ & Gantenbein estudioak diseinatu du feriak behar zuen espazioa Pariseko operaren inguruan dagoen 1874ko eraikin batean. Nadar argazkilariaren estudioa egon zen bertan XIX. mendean eta han egin zen inpresionisten lehen erakusketa, nahiz eta pandemia aurretik bulego-eraikin bat izan.

Esku-hartzea minimoa da. Akaberak kendu eta barnealdea biluzik uzten da. Artelanak erakusteko pareta-sistema igeltsu laminatuzko plakekin eta altzairu galvanizatuzko profil soilekin egiten da, inongo margorik gabe. Argiteria lerrokatutako LED sinple batzuk dira, eraikitako pareten erretikulari jarraituz kokatzen direnak. Seinaletika serigrafiatutako plexiglas moduko panelak dira, paretetan finkatu gabe jartzen direnak. Hormetako plastak ikono bihurtzen dira.

Baina sistema hau ez zuten Christ & Gantenbeinek asmatu. 2015ko lehen edizioan proposatu eta gauzatu zuen sistema hau Nicolas Dorval-Bory Architectes estudioak eta edizio horretako eraikin horretan ezarri, baita errepikatu ere 2017ko edizioan. Ordutik sistema hainbat estudiok moldatu dute eraikin desberdinetan, momentu desberdinetan, egilearen balioaren zentzu konbentzionala modu erradikalean deuseztatuz eta eraikina gordinki lehen planoan jarriz. Arkitektoaren lana horri balioa ematean datza.

Elkarte batek kudeatutako espazio batean egiten dut nire eguneroko jarduna. AZPIn. Bertan lan egiten dugu arkitekto, diseinatzaile, zinemagile eta bestelako sortzaile talde bat. Orain dela urtebete alokatutako lokala, Santander bankuetxearena izandakoa, egokitzen jarraitzen dugu. Eta ez dirudi epe laburrean bukatuko dugunik. Espazioa okupatzen goaz emeki-emeki, 90eko hamarkadako bulego itxura hori desegiten eta aldi berean dagoenarekin lanean, sortzaile talde baten beharretara moldatzen espazioa okupatzen dugun bitartean. Ez dugu akabera paletarik, dagoenarekin egiten dugu lan. Arkitektura ez baita inoiz produktu bukatu bat, etengabeko prozesua baizik.