7K - zazpika astekaria

Psikomotrizitatea, eskolaz kanpoko kirol jardueretan


Psikomotrizitateak garrantzi handia du haurren bizitzako lehen urteetan; hala ere, orokorrean ez da behar bezala lan egiten eta ez zaio eman behar litzaiokeen garrantzia ematen. Haurrak ikasketak hobetzeko eta bere nortasuna garatzeko balio du psikomotrizitateak, eta haurrari autonomoagoa izaten laguntzen dio. Lehen, haurrek ezgaitasun, ahultasun edo zailtasunen bat izanez gero lantzen zen, eta gaur egun gero eta gehiago erabiltzen da, zorionez.

Psikomotrizitate terminoak interakzio kognitibo, emozional, sinboliko eta sensoriomotrizak barneratzen ditu kontzeptu psikosozial batean. Psikomotrizitateak norberaren gorputzaren gaineko kontrolari erreferentzia egiten dio, batez ere gorputz osoari zuzendutako mugimendu global eta zabalei. Gorputz osoarekin egiten diren ekintzak dira, gorputz adarren mugimenduak, oreka eta zentzumenak koordinatuz. Hemen barnean bi gorputz domeinu bereiz ditzakegu. Bat, dinamikoa; honek, gorputzaren mugitzeko gaitasuna kontuan hartzen du, mugimenduak sinkronizatuz eta desplazamenduak eginez. Bestalde, gorputz domeinu estatikoa dago; eta honek haurrak egin behar dituen jarduera motrizak biltzen dituen gorputz eskemak barneratzen ditu, hala nola tonizitatea, autokontrola, arnasketa eta erlaxazioa. Honetaz gain, zehaztasun eta koordinazio handiagoa eskatzen duten jarduerak ere badira. Hauek gorputz atal bat edo gehiagok egiten duten mugimenduak barne hartzen ditu. Hemen barruan daude begien eta eskuen koordinazioa, fonetika, aurpegi eta keinuen bidezko motrizitatea. Horregatik, psikomotrizitate hezkuntza garrantzitsua da, haurren garapen integralari laguntzen baitio, ikuspegi psikologiko eta biologikotik, ariketa fisikoek bizi funtzioak bizkortzen baitituzte.

Honenbestez, gaztetatik psikomotrizitatea landu eta hobetzea ezinbestekoa da haurren garapenerako. Gainera, osasuna sustatzen du, baita sozializazioa eta autoestimua ere. Horrez gainera, osasun mentala laguntzen du. Ondorioz, txikitatik landu behar den kontua da, umearen ongizaterako.