7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Bizitoki zedula (bis)


Orain dela bi aste jakin genuen Portugalgo Gobernuak, duela gutxi lortutako gehiengo osoa baliatuz, orain arteko etxebizitza politikan 180 graduko aldaketa bultzatuko zuela. Hau idatzi denetik publikatu arteko denboran higiezinen lobbyek borondate horiek aldatu ez badituzte, Portugalek joan den mendeko 80eko hamarkadan bultzatutako higiezinen liberalizazio politika utzi eta prezioen gorakada mendean hartzeko neurriak jarriko ditu martxan. Etxebizitza hutsen derrigorrezko alokairua bideratuko du, alokairuen igoerei muga jarriko die, pisu turistikoen sorrera geldiaraziko du eta azkeneko hamarkadan herrialdeko higiezinen erreforma ikaragarri sustatu duen ‘golden visa’ deituriko sistema ezeztatuko du. Neurri hauekin Lisboa eta Porto bezalako hiriburuetan pairatzen diren alokairu prezioen beherakada sustatzea da asmoa. Izan ere Lisboa, Madril, Bartzelona edo Milan bezalako hirietan baino batez besteko prezio altuagoa dute, askoz ere errenta baxuagoarekin.

Ez dirudi, baina, gure hirietan horrelako politikarik sustatzeko borondatea dagoenik. Otsaileko artikuluan etxebizitzaren gaia jorratzea erabaki nuen, bizitoki zedularen garrantzia azpimarratuz. Dokumentu honetan sintetizatu nuen etxebizitzaren merkatua kontrolatzeko dagoen premia, eta nola mugatzen duen kontrol honek arkitektura garatzeko aukera arkitektoentzat. Kontrastean, erregulazio honetatik ateraz suertatzen den arkitektura azalarazi nahi izan nuen, Garmendia Cordero Arquitectos-ek gauzatutako zenbait proiekturekin. Arkitekto hauen lanei arreta jarri nien artikulua idazteko, baina bidean artikulu batzuk idazteko ereduak topatu nituen. Nomos Arquitectos-ek mimo handiz landutako bi lan horiek, baina, bis bat merezi dute.

El Garaje eta La Nave. Beraien izenekin, El Garaje eta La Nave espazio horien aurreko nortasuna azpimarratzen dute. El Garaje ibilgailuen konponketarako lokal bat zen; La Nave, industriagune bateko espazio bat. Biak dira espazio berrasmatuak, bizitokiak izateko pentsatu ez ziren espazioak, belaunaldi berri baten kontenedoreak.

Bi adibide hauek premisa antzekotik hasitako proiektuak dira. Biak dira jolasak. Arkitektoentzako Lego jolasetarako tableroak, pieza desberdinen kopuru mugatu baten eskutik sistema moduan errepikatzen direnak. Proiektuek ez dute kalitate handiko material aberatsik, are gutxiago teknologia garatuetan oinarritutako elementurik. Jolasean eta detailean murgildutako proiektua da, non adreilu soil bakoitzaren kokapenak ezinbesteko zainketa behar duen. Bloke, adreilu, baldosa eta azuleiu bakoitza sakratuak dira eta ezin dira moztu edo estali, pieza desberdinen arteko konbinazioetan topatzen da aberatsa izango den konbinazioa.

Zaila da hitzez agertzea, baina jolas hau prozesuan eta marrazkian azaltzen da nabarmen. Nomos Arquitectos-eko Ophelie Herranz eta Paul Galindoren marrazki axonometrikoetan proiektuaren definizio maila ikus daiteke, eta definizio horretan dagoen gozamen ia obsesioa sentitu daiteke. Hain definituta dago dena, sentitu baitezakegu muntaia besterik ez dela falta. Muntaiaren prozesu hau, jolasean dator ere. Bere Instagrameko profilean ikus daiteke prozesu osoa, askotan umeek lagunduta. Umeak argazki askotan agertzen dira, jolasean hauek ere.

Kontenedore hauek babesguneak dira. Ezin dut burutik kendu eraikin hauek sortzen didaten hurbiltasuna. Txikitako eskola eraikinetako materialitatea etortzen zait gogora, adreiluzko eta eraikuntza soilago bateko arkitektura. Pladur gabeko gelak. Nostalgia iradokitzen didate, ezinbestean.