12 MAR. 2023 IRITZIA Borrokak amagoia mujika Parranda giroan gertu samar ikusi nuen lehen borroka ez daukat ahazteko. Euskal giroko dantzaleku batean, ondoan zegoen kuadrillan sekulako iskanbila sortu zen. Bi gizonezko gazte mutur-joka. «Hori nire neska duk». Gu, nerabe herabe inozo, bazter batera apartatu ginen begiak zabal-zabal, astakirten haien beldur; eta tragoa lurrera botako ziguten beldur, egia osoa esaten hasita. Askotan akordatu naiz borroka harekin. Galderak piztuta bueltatu nintzen etxera. Berea zen neska? Nola izan daiteke pertsona bat beste baten jabetza? Zer pentsatzen zuen neskak, sortutako zalapartaz? Maitatuago sentitu zen? Haserretu egin zen? Parranda mikaztu zioten? Eta beste galdera bat ere sortu zitzaidan: Non demontre ikasten dute gizonezkoek borroka egiten? Ez dakit, agian umetatik jasotzen duten trebakuntza isila da, konturatu gabe blaitzen dituen zeharkako ikasgaia: Mutilek ez dute negar egiten; jotzen bazaituzte, erantzun; neska bat ematen duzu mainak egiten; altxa lurretik, hori ez da ezer; ikusiko duzu aita enteratzen denean; zenbat laguntzen dizun senarrak haurrekin; mutiko hori bigunegi egin du amak; defendatzen ikasi behar duzu... Azkenaldian parrandara labanekin ateratzen direnak gero eta gehiago direla diote datuek. Kezkagarria da, parrandak espazio librea behar duelako, gozamenerako eta sozializaziorako lur askea. Ez genieke hori mugatu behar gure gazteei. Ez ditugu ahazteko parrandako liskarretan hil diren gazteak. Maite dituztenen begietan pilatutako tristurak gainezka egiten du. Kezkatzekoa da parrandara poltsikoan labana hartuta ateratzea. Ez aspaldi, oso gaizki ikusia zegoen liskar batean labana ateratzea, borrokako arauak haustea bezala zen. Garbi borrokatzetik zikin borrokatzera dagoen marra pasatzea (borroka garbirik dagoen zalantza izanda). Larria litzateke hori atzean uztea, normaltzat hartzea labanarekin abiatzea parrandan. Ez dakit puntu horretan ote gauden... Baina ezin dugu ukatu parrandan borrokak egotea normalizatua dagoela. Beti egon dira eta badirudi beti egongo direla. Horretara kondenatuta bageunde bezala. Eta nago borrokatzeko su horrek harremana duela maskulinitatearekin eta gizon izateko moduekin, lehen bezala orain. Agian borrokatzeko erremintak aldatu dira, baina borrokarako daudenen jarrerak ez dira berriak. Parranda giroan urrutitik sumatzen da gau horretan ‘gerrarako’ dagoena, bai edo bai borroka bat eramango duena etxera bueltan. Eta normalean gizonezkoa izaten da. Labanei begira jarri nahi gaituzte, arazoaren muina hor dagoelakoan. Labanak badira arazo, baina nago labanak kenduta bakarrik ez dela arazoa konponduko. Non demontre ikasten dute gizonezkoek borroka egiten? Ez dakit, agian umetatik jasotzen duten trebakuntza isila da, konturatu gabe blaitzen dituen zeharkako ikasgaia: Mutilek ez dute negar egiten; jotzen bazaituzte, erantzun; neska bat ematen duzu mainak egiten; altxa lurretik, hori ez da ezer; ikusiko duzu aita enteratzen denean....