7K - zazpika astekaria
ingeniari alemaniar baten bidaia koadernoak

XIX. mendeko Bizkaiko lehen fabriken irudi galduak

Ingalaterrako ganbara batean gordeta zeuden kutxen barnean birraitonak egindako marrazkiak aurkitu zituzten haren ondorengoek orain gutxi, 2019. urtean. Aurkikuntzan parte hartu zuen bat Nicholas Bray izan zen, Ipar Euskal Herrian bizi den britainiarra. Bizitza patu eta kasualitatez beteta dagoenez, birraitonaren bidaia koaderno haietan XIX. mendeko Euskal Herria zegoen islatuta. George Alexander Dick (1837-1903) zen Nicholasen birraitona, Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen lantegia modernizatzen saiatu zen alemaniar jatorriko ingeniaria.

George Alexander Dick. Argazkiak: Dick familia eta Enkarterrietako Museoa

Eraikin gutxi eta landa berdez, baserriz eta belaontziz zipriztindutako pasaiak... eta, bat-batean, tximinietatik kea darion fabrika bat ageri da Bilboko Itsasadarraren ertz batean. XIX. mendeko biztanleei Barakaldoko haize gardena zikintzen zuen ke beltz hura modernitatearen ikurra irudituko zitzaien, horretan ez dugu inolako zalantzarik; XXI. mendeko post pandemikoan bizi garenoi, ordea, malenkonia puntua hauspotzen digu. Hala ere, albiste on bat: denbora galduaren zantzuak, joan eta itzuliko ez den iragan baten paisaia hauek berreskuratzeko aukera eman digu Ingalaterrako familia batek egin duen aurkikuntzarekin; hain justu, orain Enkarterriko Museoan ikusgai dagoen “George Alexander Dick- 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herrian XIX. mendean” erakusketan ikusgai dauden marrazkiei esker.

 

George Alexander Dick ingeniari alemaniarrak 1860 eta 1866 bitartean Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait leku eta herritan lapitzez egindako 27 marrazki berreskuratu dira Ipar Euskal Herria eta Ingalaterra artean errotutako familia bati esker. Marrazkiak bitxiak dira, altxor txiki bat, orain arte argitaratu gabeak. Garai haietan argazkigintza bere hastapenean zegoen, eta horrek balio berezia eman die koaderno hauei. «Marrazkietan islatu zituen toki batzuen argazkirik ez dago –dio Javier Barriok, Enkarterriko Museoko zuzendariak–, adibidez, Bilboko Abusu auzoan zegoen San Cristobal uhartea. Ibaia kanalizatu zenean desagertu zen. Bestalde, fabrikaz eta baserriz jositako Barakaldo bat ezagutu ahal izan dugu». Gertatu ohi denez, bidaia koaderno hauen atzean beste hainbat istorio korapilatzen dira. Altxorraren bila dirudien bidaia honetan geltoki batzuk izango ditugu: Offenbach am Main (Alemania), Dick familiaren jaioterria, Ingalaterra, Argentina, Karibea, Estatu Batuak... eta, nola ez, Bilbo, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Getxo, Pasaia, Tolosa, Hernani, Errenteria eta Aia.

 

Donibane Garazitik dator notizia. «Prozesu oso luzea izan da, hainbat faktorerengatik», aitortu zuen Nicholas Brayk euskara dotorean Bilbon, aurkikuntzaren berri emateko Bizkaiko Batzar Nagusietan martxoaren erdian egin zen aurkezpenean. 2019an egin zuten aurkikuntza, baina bidean gurutzatu zitzaizkien zenbait oztopo: «Pandemia iritsi zen, gero Ingalaterraren eta Bilboren arteko distantzia... Baina azkenean lortu da, eta familiarentzat poztasun handia da hau gauzatu ahal izana», aitortu zuen Nicholas Brayek.

Nicholas amaren aldetik da George Alexander Dicken (1837-1903) birloba. «Orain dela 25 urte, gure osaba zaharrak, Alex deitzen zenak, bere aitonaren bizitzaren berri eman nahi zigula esan zigun. Berak bai, bazuen marrazki hauen berri, baina beste inork ez. Gonbita luzatu zigun eta gau batean ikusi ahal izan genituen, baina, zoritxarrez, nik orduan ez nekien ezer Euskal Herriari buruz. Gero, ikasle garaian, neska xarmagarri frantses bat ezagutu nuen, ama Iparraldekoa zuena, eta oporretan askotan etorri izan ginen Euskal Herrira. Orduan Euskal Herria bere osotasunean ezagutu ahal izan nuen: Tolosa, Hernani, Pasaia... hain justu marrazkietan ikusi nituen tokiak. Alex osaba zaharra handik gutxira hil zitzaigun».

 

Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen fabrika

Kutxetan gordeta zegoen altxorra. Jatorri euskalduneko neska xarmagarri hura Josette Dacosta da, Bordelen jaio baina Nafarroa Behereko paisaiak mihisetara eraman dituen margolaria. Nicholasen emaztea da ere, eta bikotea Donibane Garazin bizi da. «2019an Ingalaterrara joateko aukera izan genuen, ez bainaiz sarritan joaten, Iparraldean bizi garelako. Familiaren etxera joan ginen eta, eraikina apartamentuetan banatuta dagoen arren, ganbara batean familiaren gauzak gordeta daude, kutxetan. Han aurkitu genituen bidaia koadernoak. Argazkiak atera nizkien eta Enkarterriko Museoarekin harremanetan jarri nintzen. Tamalez, pandemia iritsi zen eta dena gelditu egin zen», ekarri zuen gogora. Orain ondare hau ezagutu ahal izan dugu erakusketarekin batera kaleratu den liburuan. Seguruenik, eskaneatu eta kopiak gorde ondoren, familiaren esku geldituko dira berriz marrazkiak... Eta agian, kutxa horietan, beste irudi ezezagun gehiago gordeta baleude?

 

Alemaniatik mundura. Marrazkien egilea G.A. Dick ingeniaria eta marrazkilaria izan zen, 1862an Bizkaiko lehen siderometalurgia enpresa handienetako batean kontratatuta egon zena, Nuestra Señora del Carmen lantegian (Barakaldo), Bizkaiko Labe Garaien aurrekarietako bat. Marrazkiok Karmengo fabrikarekin kontaktuan egon zen denboran egin zituen, lehenik 1860 eta 1861 urteetan eta, azkenik, 1862 eta 1866 bitartean, han laborategiko buru gisa kontratatuta egon zen garaian. G.A. Dick Offenbach am Main herrian (Alemania) jaio zen 1837ko apirilaren 22an. Herri hori gaur egungo Hessen estatuan dago, Frankfurt hiritik oso hurbil. Aita alemaniarra zuen; ama, berriz, ingelesa. Aita hiriko luxuzko karrozen eta bagoien fabrika nagusiaren (Dick & Kirschten) oinordekoa zen. Bezero gehienak aristokraziako kideak zituen eta, hau dela eta, familia bertako burgesia dirudunaren partaide bihurtu zen.

George Alexander gizon kultua zen, dinamikoa. Bidaiatzeko eta marrazteko zaletasuna zuen, eta bere bidaietan arlo profesionala eta kulturala nahasi zituen. Horri esker, bidaia koaderno batzuk sortu zituen. Koaderno horietan, XIX. mendeko industriaz hitz egiten diguten ohar tekniko ugari islatzeaz gain, bere garaiko Europa (Alemania, Suitza, Herbehereak, Estatu frantsesa...) eta Amerikako zenbait leku (Argentina, Kuba, Birjina uharteak...) erakusten dizkiguten marrazki ugari ere marraztu zituen. Ingalaterran nazionalizatu eta hil zen, han bi enpresa handi sortu ondoren. Famatuena eta ospea eman ziona Delta Meta Company Limited izan zen.

 

Euskal Herrirako bidea. Ados. Hau izan zitekeen, laburbilduta, gizon bidaiari eta erabat moderno honen biografia. Baina, nola iritsi zen Barakaldora? Antza denez, Ybarra familiak hainbat bidaia egin zituen Europan barrena, Guriezoko (Kantabria) La Merced eta Barakaldoko lantegian burdina eta altzairua ekoizteko metodoen hobekuntzari buruz dokumentatzeko. Baliteke bidaia haietan gertatu izana G.A. Dickekin izandako lehen harremanak. Hala ere, badirudi ingeniariarekin nahiko goiz jarri zirela harremanetan, zeren bidaia koadernoetako batean jasotzen dituen Euskal Herriari buruzko marrazkietako batzuk 1860an eginak baitirudite, eta beste batzuk, 1861eko abuztuan egindakoak. Denek ere fabrikan sartu aurretik eginak dirudite. Halakoak dira Errenteria, Aia, Pasaia eta Sestaoko Desertuko komentu desagertua izenekoak. Horiez gain, datarik ez daukaten batzuek ere (Tolosa, Hernani, Santurtzi...) urte horretakoak ematen dute. Arnauko (Asturias) meatzeak ere bisitatu omen zituen.

Barakaldora egindako bidaietan, batez ere azkenekoan, Gipuzkoako bederatzi ikuspegi eta Bizkaiko zenbait bista marraztu zituen, eta, lantegian finkatuta zegoela, bere aisialdiaren parte bat Itsasadarra zeharkatzen igaro zuen, bere koaderno txikietan Portugalete, Santurtzi, Getxo, Sestao, Barakaldo, Deustu, Abando, Begoña eta Bilboko hiribildua, oraindik ere Zazpi Kaleetara eta inguruko eremuetara mugatuta, irudikatzen.

 

San Kristobal uhartea eta El Ponton errota Abusu-La Peñan. 1983ko uholdeen ondoren, Itsasadarra kanalizatu zutenean, uhartea desagertu egin zen.

 

Barakaldon zegoen modernitatea. Bidaia koaderno horiek bisitatu zituen lekuei buruz hitz egiten digute: bere jaioterria, Herbehereak, Suitza, Argentina edo Birjina Uharteak... G.A. Dicken bizitza, Bizkaiko industriagintzako familiek kontratatuta, Europatik bertora heldu ziren ingeniari horien bizitzen adibidea da. Ingeniari horiek ekarritako ezagutzari esker, Bizkaiko industriak bere lehen urratsak egin zituelako XIX. mendeko bigarren erdian. Dicken kasuan, Nuestra Señora del Carmen fabrikari egin zizkion ekarpenak; hau da, Bizkaian, 1854 eta 1882 artean martxan jarri zen lehenengo siderometalurgietako bati.

Ez zen hura edonolako fabrika; izan ere, behin 1882an modernizatu ostean, Bilboko Labe Garaietan bihurtu zen, eta ondoren, Bizkaiko Labe Garaiak ospetsua 1902an sortuko zuten hiru enpresetako bat izan zen (La Vizcaya, 1882, eta La Iberia, 1890, izan ziren besteak), erakusketaren harira atera den liburuan irakur daitekeen legez.

Barakaldon fabrika sortu eta urte gutxira heldu zen G.A. Dick enpresa horretara. 1854an, Ybarra Hermanos y Compañía izeneko elkarteak El Desierto deitzen zuten lekuan eraiki zuen. Handik hurbil landetxe bat zegoen, La Punta izenekoa, lorategi zabalez inguratua, non Ybarratarrek denboraldiak igarotzen baitzituzten; eta haren ondoko lurretan jarri zuten fabrika. Agian langileak kontrolpean izateko.

Antonio de Truebak, Bizkaiko Jaurerriko artxibozain eta kronikagileak (1862-1889) honela deskribatu zuen fabrika 1864an “Capítulos de un libro” liburuan: «Ybarra anaien eta konpainiaren burdinola hori Espainiako fabrika lehenetariko bat da, bertan mota desberdinetako hogeita sei labe etengabe aritzen baitira. Ibaizabal ibaiaren ezkerraldeko ertzean dago, Bilbo baino legoa bat beherago, eta haren itzalean herri osoa sortu da, non ia denak baitira Ybarratarrek sortutako lantegi bikainean lan egiten dutenen familietakoak».

Kokalekuak baldintza egokiak zituen: eremu lau zabala eskaintzen zuen, Itsasadarraren ondoan zegoen, itsas lotura bikainak zituen eta Bilbotik oso gertu zegoen, zortzi kilometrora. 1859an fabrika zortzi Chenot labe modernoz hornitu zen. Claudio Bernardo Chenot ingeniari eta kimikari frantziar ospetsuak asmatu zuen burdina ekoizteko sistema hori. Sistema hori erabili zen, harik eta labe horien ordez 1871n Ingalaterratik ekarritako bi kokelabe eta egur-ikatzezko beste labe bat jarri ziren arte. Barakaldon, gainera, lurrun-galdara handien erabilera dokumentatzen da. G.A. Dickek lotura izan zuen prozedura horrekin, Frantzian egon zen garaian ikus daitekeenez. Bestalde, Europako fabrika handi guztietan kezka handia zen metalen korrosioaren eta gogortasunaren inguruan, eta hain zuzen ere, hori izan zen G.A. Dickek urteetan izan zuen beste ikerketa esparru handi bat, gerora mundu osoan ospea emango ziona.

Koadernoetan meatze lekuei buruzko aipamen ugari daude, hala nola Somorrostrori eta Ollargani buruzkoak, baita burdin mineralaren motei buruzkoak ere, hala nola vena edo campanil.

Gaur egun Bilbo modernoak hartzen duen espazioaren ikuspegia, Berriztik (Deustu).

Agur Euskal Herriari. XIX. mendean zehar, Espainia krisi ekonomiko eta politiko sakonean murgilduta geratu zen, Independentzia Gerrarekin (1808-1814) hasi eta gerra karlistekin goia jo zuena (1833-1840, 1846-1849 eta 1872-1876). Bizkaiari ere eragin zion horrek, baina baliabide gehiago zituen hura gainditzeko, gerrek kalte handiak eragin zizkioten arren –herrialdea etengabe izan zen gerra leku–. Estatuko ezegonkortasun ekonomikoetatik libratzeko ere ez zen gai izan. Erakusketaren karira kaleratu den liburuan irakur dezakegu Joseba Agirreazkuenaga historialariak zioena: «Kapital ingelesa Bizkaiko meatze-arroan sartu zen, noraino ezen eskualdea britainiar kolonia txiki bat zirudien».

Bizkaiko industria hasiberriak, Nuestra Señora del Carmenek ere, martxan jarraitu zuen, baina ez zuen aurrerajauzirik egin, harik eta 1876an azken karlistada amaitu arte, orduan gertatu baitzen Bilboko Itsasadarrean eta beste industria ingurune batzuetan, Cadaguaren arroan esaterako, enpresak sortzearen benetako eztanda.

 

Aurkikuntza garrantzitsu bat. Egoera ekonomiko, politiko eta sozialak bultzatuta, G.A. Dickek Barakaldoko fabrika utzi eta Parisera jo zuen, proiektu berri bati ekiteko. Munduko hainbat lekutan ibili zen gero: Suitzan, Argentinan, Estatu Batuetan, Birjina Uharteetan eta Kuban egindako marrazkiak eta oharrak agertu baitira. 1870ean Frantziaren eta Prusiaren arteko Gerra (1870-1871) piztu zenean, badirudi, Barakaldon karlistadekin gertatu zen bezala, emigratzea erabaki zuela berriro. Ingalaterrara joan zen, eta han enpresa arrakastatsuak sortu zituen. Phosphor Bronze Company Limited konpainia sortu zuen, material hori ustiatzeko eta haren ezaugarriak hobetzeko. Gero enpresa saldu eta letoiarekin eta aleazio metaliko batzuekin esperimentatzea otu zitzaion, arlo horretan hobekuntzak lortzeko, garai hartako beste ingeniari batzuek ez baitzuten horrelakorik lortu. Lan horien ondorioz egin zuen aurkikuntza handienetako bat, gaur egun oraindik ere bizirik dirauen ospea emango ziona: hogei urte lehenago Aich eta Baron Rosthorn ikertzen aritu ziren aleazioak hobetzea.

Kobrearekin, letoiarekin eta beste aleazio batzuekin lan eginez deskubritu zuen burdinaren proportzio txiki bat letoiarekin nahasteak ezohikoak ziren indar eta erresistentzia aleazioak sortzen zituela, industria siderometalurgikorako probetxu handikoak zirenak. Horrela, burdina, kobre eta zink aleazioa, geroago garatu zuena, delta-metal bihurtuko zen, Dickek patentatu eta gaur egun ere oraindik erabiltzen den materiala. Aurkikuntzaren ondorengo lehenengo urteetan, G.A. Dick bere kontura aritu zen fabrikazioan eta salmentan, baina negozioa hainbeste hazi zen, ezen 1888an sozietate mugatu bat eratzea erabaki baitzuen, Delta Metal Company Sozietate Mugatua,

 

Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen fabrikaren ikuspegi orokorra.

 

Delta Metalen desagerpena. Dickek bere heriotza goiztiarra gertatu arte jarraitu zuen enpresaren buru izaten; 1903ko irailaren 18an hil zen Londresko bere etxean (41 Lee Road, Blackheath). 66 urte besterik ez zituen. Delta Metal fabrika eta laborategia Londresko bonbardaketan suntsitu ziren 1940an, eta Alexander Dick (bere semea) arduratu zen berreraikitzeaz. 1959an, Alexander Dick biek (semeari bere izena jarri baitzion Alexanderrek) uko egin zioten Deltako zuzendaritza batzordeko kideak izateari, eta Afrikara bidaiatu zuten elkarrekin, 1963ra arte; hain zuzen ere, Alexander aita hil zen arte. Eta enpresak beste negozio ildo batzuei jarraitu zien ordutik aurrera. Alexander Dick bigarrena, Nicholas Brayen osaba zaharra zen, noski, bilera hartan ilobei bere aitonaren marrazkiak erakutsi zizkiena.

XIX. mende nahasi eta aldakor haren semea izan zen G.A. Dick. Berari buruz, “Iron and Steel Institute” aldizkariak 1903. urtean esan zuen bidaiari handia izan zela eta ingelesez, alemanez, frantsesez eta gaztelaniaz jariotasunez mintzatzen zen hizlari bikaina izan zela. Bere nekrologikoaren arabera, «manera xarmagarriko gizona zen, berarekin harreman intimoan sartzen ziren guztien maitasuna bereganatu zuena».