7K - zazpika astekaria

Sorbaldaren berregokitzea


Giza gorputzaren anatomiaren mugikortasun gradu handienetako bat eskaintzen duen artikulazioa dugu sorbalda. Honek, eta artikulazioaren funtzionamendua kontuan izanik, alde positibo zein negatiboak izan ditzake; goi-ataleko edozein manipulazio egiteko funtsezko artikulazioa da, toraxarekin, ukalondoarekin zein eskuarekin zuzeneko erlazioa baitu eta honen bidez edozein objektu jaso, manipulatu, atzeman eta maneia dezakegu. Bestetik, giza gorputzaren bilakaera ikusirik eta goi-atalak erabileraren poderioz izan duen indar galera eta aurrez aipatutako gehiegizko mugikortasuna kontuan izanik, min hartzeko artikulazio seinalatua da. Kausa zehaztea ezinbestekoa da eta asko dira sorbaldaren artikulazioan izan dezakegun patologia multzoa: espazio subakromialaren gutxitzea, tendinopatiak (supraespinosoarena ohikoenetako bat), kaltzifikazioak, ezegonkortasunak, labrum-arenak (SLAP), eta kapsulitis edo sorbalda izoztuak, besteak beste.

Patologia ororen aurrean lesionatuaren, kausaren eta patologiaren diagnostiko zehatza egitea da lehenengo pausoa, eta, jarraian, arloko profesionalaren erantzukizuna berregokitzearen lehen pausoak ematea izango da. Sorbaldaren funtzionaltasun egokia lortu ahal izateko mugikortasun egokia eta artikulazioaren gradu guztietako kontrol motor egokia berrestea ezinbestekoa izango da. Hau da, alferrikakoa da sorbaldaren mugikortasun handia izatea, gradu konprometitu horietan artikulazioaren inguruko kontrolik ez baduzu.

Era honetan, berregokitze prozesuan funtzionaltasunaren arrakasta lortzeko, sorbalda indar mota ezberdinak eragiteko gai izan beharko da (kaxa bat armairu altu batean uztean edo ateratzean; bultza edo tira egitearen mugimenduak), kargak jasateko gaitasuna izan behar du (erosketen poltsa hartzean edota gure pisua eskuen gainean uztean; suspentsio edo konpresio mugimenduak) eta, azkenik, jaurtiketak egiteko gai izan behar du (transmisio mugimenduak). Orain, hiru alderdi horiek era pautatu eta progresiboan lanean jartzea tokatzen da, arloko profesionalen laguntzaz sorbalda horren mugak funtzional bilakatzea lor baitezakezu.