7K - zazpika astekaria

Meningitisaren Aurkako Nazioarteko Eguna


Egunerokotasunean gure gorputza erasotzen duten bakterio, birus eta gaixotasun ugari ditugu. Batzuetan immunitate sistema sendo bat izanda aurre egin diezaiekegun arren, beste askotan gorputz barnean sartu eta gure defentsak erasotzen dituzte. Joan den astelehenean, meningitis izenez ezagutzen dugun gaixotasunaren aurkako eguna izanda, honen inguruan mintzatuko gara, eragiten dituen sintomak eta arrisku faktoreak azalduz. Meningitisa bizkarrezur muina eta garuna inguratzen duten likidoen eta mintzen infekzioa eta hantura da. Gehienetan infekzio birikoa izan arren, bakterioek, bizkarroi edota onddoek bezalakoek ere sor dezakete. Kasu gehienetan, meningitisa egunetik egunera hobetzen doa eta aste batzuen ostean guztiz sendatzen gara, inolako tratamendurik erabili gabe. Hala ere, larrialdiko tratamendua behar izaten du infekzioa okertzen bada, kasu batzuetan heriotza ekar baitezake.

Gaixotasun honen sintomak gripearen antzekoak dira: sukar altua, buruko mina, goragalea edo lepoko zurruntasuna, batik bat. Horregatik, horrelako sintomak izanez gero medikuarenera jo beharko genuke berehala.

Infekzio biriko batetik eratorria den meningitisa izaten da ohikoena. Normalean sintoma arinak izaten dira eta ez dute tratamendu espezifikorik eskatzen. Bestalde, badago bakterio batetik eratorria den infekzioa, meningitis bakterianoa alegia. Kausa nagusienak belarriko infekzioa, garezur haustura edo kirurgia dira, eta hauek tratamendua behar dute. Mota honetako infekzioa zailduz gero, entzumen galera, memoria arazoak, giltzurrun gutxiegitasuna edota heriotza sor ditzake. Badaude onddo eta bizkarroiek sortutako infekzioak ere, baino hauek ez dira ohikoak izaten.

Gaixotasun guztiek bezala, arrisku faktore ugari aurki ditzakegu. Hala nola txertoa ondo eguneratuta ez eramatea, gazte egoitzetan edo jende asko pilatzen den inguruetan bizitzea, haurdun egotea edo immunitate sistema ahul bat izateak gaixotasun hau pairatzeko aukerak areagotuko ditu.

Hori esanda, gaixotasun arriskutsu hau saihesteko higienea zaintzea eta osasuntsu mantentzea gomendatzen da. Hau, beti gogoan ditugun oinarrizko neurriekin lor dezakegu: atseden egokia, elikadura erregulatu eta askotarikoa, eta jarduera fisikoa.