21 MAI 2023 IRITZIA K2ko atseden berezi hura Horia Colibasanu Iñakiri buruz dudan oroitzapenik onenak K2 mendira egin genuen espedizioko itzulerakoak dira (8.611 metro). Nire lehen zortzimilako espedizioa zen, hasiberria nintzen, eta kasualitatez Iñaki taldekidea zen. Gailurra iritsi genuen. Ikaragarria izan zen niretzat, eta Iñakiren eskarmentuari eta ni zaindu ninduen modu bereziari esker, nire lagun guztientzat ezinezkoa zena lortu nuen: K2 gailurra igotzea. Bailarara bueltatzeko bidea bukaezina izan zen, baina pozez eta laguntasunez betea. Iñakiren txisteekin esnatzen nintzen goizero. -‘Maitea, esnatu beharra duzu’. -‘Baina, zergatik, ama?’. -‘Eskolara joan behar duzulako’. -‘Baina zergatik, ama?’. -‘Zuzendaria zarelako!’. Oso nekatuta geunden, eta 60 kilometroko bide luzea genuen herriraino. Jateko ere saltxitxoi puska ziztrin bat baino ez geneukan. Baina pozarren ginen gure eskaladarekin. K2 igotzeko lau egun behar dira, baina Iñakik bi egunean igo zuen, eta barkamena eskatu nion, ni ez nintzelako bera bezain azkarra. ‘Lasai, mutil, mendi honetan abiadura bera duen pertsonarik ez dago!’, bota zidan. Gailurretik 200 metrora gelditu egin zen, bat-batean, 8.400 metrora edo. Ni porru eginda nengoen. ‘Hemen eseri nahi dut’, esan zidan. Pozik hartu nituen bere esanak, atsedentxoa hartuko genuelako. ‘Nik ere hementxe eseri nahi dut’, erantzun nion, eta plataforma txiki baten gainean eseri nintzen. Iñakik aho bete hortz begiratu ninduen, eta serio samar, ‘Horia, hemen eseri nahi dudala esan dizut’ errepikatu. Eta nik, berriro: ‘Ongi, elkarrekin eseriko gara’. Bat-batean Iñaki, sorbaldak jaso, eta galtzak jaisten hasi zela ikusi nuen: ‘Baina ze demontre egiten ari zara?’, bota nion. Eta berak: ‘Horia, hirutan esan dizut kaka egiteko premia dudala!’. Pasarte bitxia izan zen hura. Annapurnako erreskatetik pasadizo berezi bat oroitzen dut. Lo nengoen, baina esnatu egin nintzen. Iñaki marmarrean ari zen une oro, xerpari deitu eta beherantz joan behar genuela esanez. Goiz batean esnatu eta Iñakik ‘Horia, beherantz joan behar duzu’ esaten zidala oroitu nuen. ‘Bakarrik joan behar duzu, baina joan’ zen oroitzen nuen esaldia, baina ez nengoen ziur esaldi hori Iñakik esan ote zuen, edo nire amets bat izan ote zen; nire subkontzienteak ni bizirik mantentzeko sortutako esaldia izan zela jabetu nintzen arte. Iñakik ez zuen hitzez hitz esaldi hori esan, baina ziur naiz bere barruan, modu izpiritualean, hitz horiek esatea pentsatua zuela. 15 urte geroago, Annapurnako erreskate hartako ondarea Iñakirena dela esan dezaket. Iñakirena eta erreskate talde osoarena. Lehen, jendea hiltzen uzten zen Heriotzaren Eremuan, 7.000 metrotik gora. Heriotzaren Eremuan erreskaterik ezin zela egin zioen mitoa bertan behera geratu zen Iñakiren erreskatearekin, eta ausartetan ausartenek lagun minen alde borrokan segitzen dute Himalaia eta Karakorum mendikateetako magal izoztuetan. Heriotzaren Eremuan erreskaterik ezin zela egin zioen mitoa bertan behera geratu zen Iñakiren erreskatearekin.