25 JUIN 2023 IRITZIA Irudietako eredua JOKIN URAIN Uniformez jantzita, ordena publikoa zaintzen zeuden ertzainak, elkarretaratzea edo manifestazioa edo dena delakoa egiten ari ziren kideak besarkatzen. Batzuk eta besteak parez pare jarrita, bai, baina ez ohi bezain zurrun, adiskideen arteko enkontruan baizik. Nola ez harritu, aldarriren bat eginez kaleratzen diren langile, ikasle eta edozein herritar multzoren aurka samaldan oldartzen diren ertzainen irudietara ohituta egonik? “Hitzarmen arautzaile duinik gabe, ez dago Tourrik” lema zeukaten borrokan ziren ertzainek, eta 1.100 euroko soldata igoera da, itxura denez, duintasun horren neurria. Txirrindularien ikuskizuna baita uneko lehentasun publikoa; ezin da nolanahi egin eta ertzainak behar dira, eta aukera ona iruditu zaie polizia horiei beren lehentasun propioak defendatzeko. Neuregatik balitz, Tourra ederki gera liteke abiatu gabe, dezente gogaitzen bainau Frantziako birari erraztasun eta aintza guztiak ez ezik laguntzak zilarrezko azpilean eskaintzen zaizkiola ikusteak. Azalpen sakonetan sartu beharrik gabe, askotan irudiek erakusten dute gauzak zertan diren, eta teorian herria zaintzeko omen dauden horiek praktikan zertan diren ere bai. «Lehen, gure polizia eredua aldatzeko arrisku hura kanpotik zetorren. Orain etxe barruan daukagu eta argi ibili behar dugu, gure polizia eredua mantendu nahi badugu», egin du erosta, ikusitakoa sinistu ezinean dirudienez, Ertzaintzako buruak. Eta lehendakari jaunak berak, unibertso zabaleko planetaren bati otoitzean ari denak legez, galdera jaulki zuen: «Ertzain izatearen arrazoiak aldatu al dira azken urteotan? Sentimenduak, balioak... aldatu dira?». Agintarien zinismoa beren kaskarkeriaren arabera handitzen da seguru asko. Irudien eta jokaeren hemerotekari errepasoa egin behar liokete, arrisku horien nondik norakoak zuhurrago epaitzeko. Agian ohartuko lirateke «gure polizia eredua mantendu nahi» izatea dela, hain zuzen, azken honetaraino ekarri dituena. Polizia horien jardueran dena ontzat eta justifikatutzat ematen aritu baitira hamarkadaz hamarkada. «Herritarren segurtasuna bermatzea» baino, herritarren aurka larderiaz eta gogoak eman diena eginez aritzeko baimena eman bazaie orain arte, zertara dator aztoramen itxura hori? Irudien hemerotekak erakusten du beren artean elkar besarkatzen dutela, eta besarkada horretan indarberritzen direla eredua mantentzeko. «Herritarren segurtasuna bermatzea» baino, herritarren aurka larderiaz eta gogoak eman diena eginez aritzeko baimena eman bazaie orain arte, zertara dator aztoramen itxura hori?