7K - zazpika astekaria
KIROLA

Txirrindularitza eta prestakuntza fisikoa


Tourra gainean dugula, kirol honen prestakuntza fisikoaren alderdi garrantzitsuenen inguruan jardungo dugu. Txirrindularitza betidanik izan da gure gizartean kirol praktikatuenetako bat (bere modalitate guztietan) eta euskaldunok betidanik izan gara kirol honen jarraitzaile sutsuak. Eguraldia lagun den igande guztietan txirrindulariok, barraskiloak bezala, errepideetara eta mendiko bide zidorretara irteten gara, bakarrik edo tropeltxoan.

Zalantzarik gabe, txirrindularitza aspektu fisiologikoa nagusia den kirola da, eta txirrindulariek “kanpoko” entrenamenduak “barrukoak” baino gogokoago dituzte. Hau da, astean zenbat eta kilometro gehiago egin, orduan eta hobeto! Hala ere, aspektu fisiologikoaz gain, kirol honetan indar entrenamenduak izugarrizko garrantzia du, eta kasu askotan hau izaten da norbere errendimendua hobetzeko gai ez izatearen gakoa. Indarraren kontzeptua pedalkada bakoitzean aurki dezakegu (indarra da mugimenduaren erantzulea); hortaz, neure indarra hobetuz gero, pedalkada bakoitzean eginiko indarra hobetuko nuke, edo, txirrindulariek nahiago izaten duten beste era batean esanda, watt (w/kg) gehiago mugitzeko gai izango naiz.

Eta ez hori bakarrik, bai mendiko modalitatean (BTT), bai errepidekoan, Euskal Herriko orografia kontuan izanik, zenbatetan ezin izan diogu aldapa tente horri nahi bezala erantzun? Seguru asko potentzia falta izan liteke erantzuleetako bat. Hau indarra eta abiaduraren arteko erlazio bat da eta, bizikleta gainean landu daitekeen arren, kuantifikazio eta programazio egoki bati esker indar saio espezifikoetan lantzea aholkatzen dugu.

Beraz, indar entrenamenduak txirrindularitzan sekulako garrantzia du errendimendua hobetze aldera, ahalegin luzeetan neke muskularra atzeratzen, lesioak ekiditen, pedalkada bakoitzeko indarra eta potentzia hobetzen lagundu baitezake, betiere programazio on bat jarraituz gero. Bada garaia txirrindulariek indarra denboraldiaurrean ez ezik urte osoan lantzeko eta burututako entrenamenduetan kantitatearen ordez kalitatea bilatzeko.