23 JUIL. 2023 IRITZIA Munduko bideak Jokin Urain Mugarik gabea nahi genuke mundua, finitua edo infinitua, baina mugarik gabea, bertan ibiltzeko, joan eta joan egiteko inork bidea itxi gabe, ibilian-ibilian joanaz eta atzera buelta eman beharrik gabe iristeko abiapuntura, zeure txokora, nahi duzun lekura. Txoko bat ere nahi baikenuke norberarena, izatez edo sentipenez norberarena, munduan ibili ondoren nora itzuli izateko. Munduko bide ezagun edo ezezagunetan zabiltzanean ona baita jakitea txoko bat baduzula nahikoa egitean edo aspertzen zarenean itzultzeko. Batzuentzat horixe izango da hor zehar ibiltzearen gauzarik ederrenetako bat. Nora itzuli ez izateak zentzuz aldatzen baitu ibiltariaren bidea eta alderraiarena izan bailiteke haren pausoa, edo iheslariarena, inon lekurik ez duen ilegalarena. Mugarik gabea nahi genuke mundua, baina ibiltari gehienontzat mugaz eta mugazainez josita daude munduko bideak. Muga hesiaren sinonimo dela ikasten duzu ibili ahala, eta mugazainak gehienetan ez du izaten hesiari eusten dion posteak baino giza zentzu gehiago; mugazaina inportante sentitzen da mugaren parte den heinean, ibiltariari bidea ixteko ahalmena duen heinean. Munduko leku eta garai ezberdinetako harresiek eta alanbre-hesiek elkarren antz handia dute. Gerra handietako kontzentrazio-barrutietako alanbre-hesiak eta estatu batzuek beren mugetan ezarrita dauzkatenak oso antzekoak dira. Behin baino gehiagotan erakutsi digute Maroko eta Espainia arteko bideak ixteko Ceutan eraikita daukaten alanbre-hesia. Zenbat kamiseta, zenbat alkandora, zenbat itxaropen, zenbat giza narru urratu eta ebaki dute alanbre-hesi horien labana espresuki min egiteko zorroztuek! Batzuetan pausoak erraztera dator bidea, ustekabean, mirariz bezala. Uztail honen hasieran bozkario amankomunaren apar gainean zorabiatu nahi izan gintuzten. Eta nola ez eman amore euforia kolektiboari! Bi urtez itxita zegoen Irun eta Hendaia arteko zubia ere ireki egin zuten, pentsa! Esana ziguten Tourra gauza handia dela, demasa izango zela, asko emango ziola Euskal Herriari, eta hara! Haizeak eramanda bezala desagertu zen euforia haren aparra, eta hurrengo egunean bertan lehenera itzuli zituzten Avenida zubiko alanbre-hesiak. Tourrarentzat ireki zutena oinezkoentzat itxi egin zuten atzera. Alderantziz izan balitz, kalte gutxiago egingo zion mugarik gabeko munduari. Behin baino gehiagotan erakutsi digute Maroko eta Espainia arteko bideak ixteko Ceutan eraikita daukaten alanbre-hesia. Zenbat kamiseta, zenbat alkandora, zenbat itxaropen, zenbat giza narru urratu eta ebaki dute alanbre-hesi horien labana espresuki min egiteko zorroztuek!