7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Zubi «huts» bat izatetik harago

Arkitektura gizakiaren onurari lotutako jardueratzat hartu izan da maiz, baina kasu honetan animalien ongizaterako sortutako eraikuntza da «Vlotwatering bridge» izenez ezagutzen dena. Rotterdametik 30 minutura, Poelzone Park-en dagoen zubi honek «etxebizitza» lanak ere egiten ditu bertan bizi diren hainbat espezierentzat.

Espezie ezberdinentzat erabilgarri den arkitektura sortu dute NEXT-eko kideek, ekosistemaren oreka mantentzeko helburu orokorrean beraien zatitxoa ipiniz. (Bart Reuser NEXT architects)

Vlotwatering Bridge, “Bat Bridge” izenez ezagunagoa egin dena, bi ibaiertz lotzeaz haratago joan eta lekuko biodibertsitatearekin konpromisoan eraikitako zubi bat da. Proiektu hau Rotterdametik 30 minutura dago, negutegiz beteriko Westland-ak gurutzatzen dituen 15,3 hektareako korridore ekologiko batean, Poelzone Park-en. Parke hau Vlotwatering ibaiaren inguruan luzatzen da, ‘s-Gravenzande, Naaldwijk eta Monster udalerrien elkargunean.

Paisaia-proiektua LOLA Landscape Architects estudioarena da, zeinean konexio ekologikoak indartzea eta funtzio naturalak aisialdiarekin uztartzea izan duen helburu. Ur-korridore zabalek, bidegorri luze batek, arrainek erruteko putzuek, etxebizitzak eraikitzeko partzelek eta egurrezko totemek osatzen dute proiektua. Totem hauek, hegazti, intsektu, ugaztun txiki, erle eta tximeletentzat diseinatutako aukerako habitata izateaz gain, paisaian kokatutako erreferentziak dira gizakientzat. Hala, NEXT Architects-en Bat Bridge-era iristen gara, parke honetako sarrera markatzen duen zubira.

Vlotwatering ibaia ingurune honetako hainbat saguzar espezieren hegaldi-ibilbidea izateaz gain, batzuen udako bizitoki ere bazen. Parkean proiektaturiko ur-bankuek intsektuen ugaritzea ekarriko zutela aurreikusiz, saguzarren populazioa handitzea errazteko azpiegiturak prestatzea komeni zen, horiek baldintza bereziak behar izaten baitituzte ugaltzeko. Ur-gainean kokatutako zubi bat aukera paregabea zen animalia hauentzako diseinu bat egiteko. Horregatik, ugaztuntxo hauen behar zehatzak definitzeko, ezinbestekoa izan zen Zoogdiervereniging-eko adituekin kolaboratzea.

ANIMALIEN BIZILEKU ETA BABESLEKU

Zubiak 25 metroko hutsartea gurutzatzen du, eta bere punturik altuenean kurbatu eta parkearen ikuspegi panoramikoa eskaintzen du. Bere zabalera eta akabera-materialak parkean zehar izango ditugunen luzapena dira. Osatzen duten elementuak hainbat funtzio erantsiri erantzuteko diseinatu dira.

Adreiluzko balaustrada udako gauetarako ostatua da. Bi adreilu-plano paraleloz eta beraien arteko ganbera hutsaz osatzen da. Hegoalderantz orientatutako adreilu-masak egunez beroa xurgatu eta, inertzia termiko handia duenez, gauean zehar askatuz aterpe goxo bat sortzen du. Animaliak irekita utzitako adreilu arteko junturetatik sartzen dira. Gizakioi irekidurak topatzea errazteko kolore ilunagoko piezak kokatu dira alboan.

Zorua eusten duen hormigoizko arkuak ere udako etxe funtzioa du. Material honen forma moldagarriari esker, azal ildaskatu dotore bat lortzeaz gain, 30 zentimetroko sakonerako zirrikituak tartekatzen dira azpialde guztian zehar. Zuloek akabera zimurtsua dute, animaliak bertara sartzean erraz heldu diezaioten. Masa honek ere egunean zehar beroa xurgatuz eta gauean zehar botaz, lotarako espazio goxo bat eskaintzen du.

Iparraldeko estribua hormigoizko bunker moduan konfiguratzen da neguko hilabete hotzetarako gune itxi eta heze bat eskainiz. Espazio hau Bigarren Mundu Gerrako bunkerretan inspiratua dago, saguzarrek horietan babesteko joera dutela ikusi baita. Saguzarrak egurrezko balaustradaren aldean jarritako zulotik sartzen dira, hormigoizko elementu batek nabarmendutako lekutik. Xaflen arteko distantzia saguzarrak pasatzeko eta harrapariei bidea oztopatzeko dimentsionatua dago.

Hala, espezie ezberdinentzat erabilgarri den arkitektura sortu dute NEXTeko kideek, ekosistemaren oreka mantentzeko helburu orokorrean beraien zatitxoa ipiniz eta modu didaktiko batean argitaratuz.

Gaur egun, eraikuntza-xehetasunak hobetzen eta eraginkortasun energetikoaren eskakizunak gogortzen diren heinean, gero eta zirrikitu gutxiago uzten ditugu gure eraikinetan. Ondorioz, animaliatxoek gero eta zailagoa dute gugandik gertu habiak sortzea, eta horrek beren desagerpena eta ekosistemaren desorekatzea ekarri digute.

Arrazoi horrexegatik, gero eta beharrezkoagoa dugu ingurugiroarekiko kontzientzia hartu eta honekin konpromisoan proiektatzea eta eraikitzea gure herrietan, espezie ezberdinetako bizilagun hauen bizitokia errespetatzeko, eta epe luzera, guztion ongizaterako.