7K - zazpika astekaria
LITERATURA

Hondoratutako baleak


Antilletan, Kuba eta Florida artean, azaltzen da beldurti Cayo Hueso uhartea. Han, ezustean ere, agertuko dira eleberri honetako lau protagonistak: narratzaile ia orojakilea den kapitain otarrain zalea, Virgil musika kritikaria, Maudey jazz kantaria eta Maria ohez, ardoz eta batez ere garagardoz hornitzen dituena. Cayo Hueson dira laurak, baina edozein itsas portutan izan zitezkeen, izan ere, izen bereko nobela labur honek era lausoan agertzen baitigu eszenatokia. Bertan badira ekaitz tropikalak, otarrainak eta hauen arrantza ospatzeko jaiak, eta desagerrarazitako bertako herrien hezur profanatuak ere, baina batez ere giroan dira orriotan tabakoa eta tabakoaren kea, zerbeza zurrutak eta jazza.

Atmosfera honetan, lau protagonisten, baina batik bat Maudey eta Virgilen, harien txirikordatzea eta askatzea, hurbilketa eta urrunketa, kontatuko digu Oihane Amantegik (Zornotza, 1985) bere bigarren fikziozko lan honetan. «Bakoitza bere nahi eta presa, ondoez eta estutasunekin bizi da. Jendeak topo egiten du, eta aurresan ezineko moduan urruntzen da, bizitza diferenteen arteko enkontru erlazio nahasi amaigabean. Bikote elkargune infinitu horietatik bat utzi du» izkiriaturik Amantegik, aitzinsolasean diosku Joseba Sarrionandiak.

Amodio ez-amodio trama zuzen, sinple eta unibertsal honek amaiera arte mantenduko gaitu loturik, tartean gehiegizko errepikapenek atentzioa desbideratzen badigute ere. Gogoangarriak dira pertsonaiak, errango digu Sarrionandiak. Halarik ere, neure irudikoz gogoangarriagoa da eleberriaren ez-fikziozko partea, amaierarekin batera datorrena. Zeinetan Amantegik bere antropologo sena eta begirada ateratzen baitu maisuki eta giza erlazioen irakurketa saiakerazkoa eskaintzen digun. «Baleak hiltzen direnean, ozeanoaren barrunbeetara amiltzen dira. Hondalera iritsi eta bertara moldatzen da gorputz erraldoien heriotza; eta gorputz erraldoien heriotzara moldatzen dira itsas hondoetan bizi diren organismoak. […] ekosistema bat osatzen du balea batek, erortzen den orotan […]. Eta hori horrela, heriotza eta hondaleetako iluna baino ez dagoen lekuetan bizitza jaio egiten da». Metafora ezin hobea liburu honen mamia bera ulertu eta laburbiltzeko: isiltasunean, haustura guzietan, erran ezin diren hitz guzietan, nola erran asmatzerik ez den guzietan, badelako beti zer atera. «Besarkadan bila daiteke hitzez enuntziatu ezinaren soluzioa», Sarrionandiak. Eta besarkada hori edo besarkada horren ezintasun bera beti kontatzen ahal izanen dugulako, eleberri honetan Amantegik egin moduan.