7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Abuztuaz


S.apurgarria,

Zelan doa abuztua? Goizeko freskuran lasterka atera, Nora Ephronen testu bilduma irakurri, baratzeko tomateak jan, lo kuluxka egin, Silvia Perez Cruz entzun, semeei igerian erakutsi, samurtasun apur bat L.rekin... Ez duzula gehiago behar sinetsi nahi duzu. Abuztuan biziko zinatekeela errepikatzen duzu afalondoko hitz-aspertuan. Abuztuari ez diozu oraindik igande arratsaldeen trazarik hartu. Ez duzu bizitza sinpletzen duzunean pentsamendua korapilatzen zaizula oraindik ondorioztatu. Auzo herrietako jaietara jertserik gabe irten, urteko zauriak izarekin batera eskegi, munduarengandik eltxoengandik bezala babestu... Zoriona deitzen diozu egunkaria irakurtzeko obligaziorik ez sentitzeari. Baina irakurtzen duzu. Badaezpada. Denborarekin sinkronian ez sentitzeak itolarria sortzen dizu. Mundutik at bizitzeko prest zaude, ez mundutik kanporatua izateko. Joan den uztaila inoizko hilabeterik beroena izan zela dio berripaperak, eraso sexistak gertatu direla festetan, Popo Larrek berrogei urte desagertuta daramatzala, agintariek boterea nahiago dutela gobernua baino. Ez duzu ongi ulertzen gertatzen ari dena. Horregatik jokatzen duzu ezer gertatuko ez balitz bezala. Urteekin, gero eta gutxiago jartzen zara ispilu aurrean. Ez dira begien azpikoak zure zulorik sakonenak. Hiriburuetako jaiei leku gehiegi ematen zaielako asaldatu arren, futbol ligaren itzulerak ez zintuzke lasaituko, bestela. Iraila etorriko dela badakizulako bizi nahi duzu abuztuan. Ez dakizu noiz arte ase ahalko duzun haurren jakin-mina. Aurrekoan, jainkoa ere tximinotik ote zetorren galdetu zizun zaharrenak; zebrabideko semaforoa gorritik berdera hauteskundeen irabazleak mugitzen ote zuen, txikiak. Badakizu bizitza konplikatzen zaizunean pentsamendua sinpletzen duzula, irailean ez diozula inori azaldu beharko leihotik begira zaudenean ere lanean ari zarela. Besteen herrenekin zabiltza zu ere. Ez duzu aski izatearekin, nor izan nahi duzu, zerbaitengatik gogoratua. Zuk aukeratu nahi dituzu besteek erantsiko dizkizuten adjektiboak. Ez duzu inor engainatzen. Gaur, goizeko freskuran, korrika joango zara kioskora, zure zutabea irakurriko duzu, zure burua entzun, ito, samurtasun apur bat topatzeko ahalegina egin... Beti behar duzu gehiago. Ez daukazunetik. Besteek daukatenetik. Etengabeko irailean bizi zarelako errepikatzen duzu abuztuan biziko zinatekeela.