7K - zazpika astekaria
IRUDITAN

Euterpe, zinez biluzik

(Iñaki Uriarte)

Euterpe. Antzinako Grezian, musika harmoniaren Jainkosa lehenik, gero Musikaren Musatzat aitortua. Bilbok haren irudiaren bidez omendu eta gogorarazi gura izan nuen J. K. Arriaga musikaria, bertan jaioa, 1806an, eta Parisen hila, 1821ean. Hogei urterekin. Obra burutzeko behar izan zirenak baino urte gutxiagoarekin. Bilboko Udalak 1906an Francisco Durrio eskulturagileari agindua, obra 1933ko abuztuaren 13an inauguratu zen.

Musa hegal egitekotan den edo dagoeneko hegaldatua den, ezin esan. Eskuetan oraturik duen harpari eusten dio, ontziburuak lemari nola, hala. Egin ere hegan egin zuela esan liteke. 1945ean hain zuzen. Ez zen hegaldi luzeegia izan. Bilboko Parkeko Pergolatik Arte Ederren Museoaren abarora. Inguruan Arriaga-Leku iritsi dakiokeena eratu zen. Hor ere ez zuen luzaz iraun. ‘‘La Gaceta del Norte’’ ultra-katolikoak haren aurkako kanpaina egin zuen. Ez zuen gura Euterperen biluztasunaz denen begiek goza zezaten. 1948an Museoaren biltegietako batera eroan zuten, eta hutsik utzitako lekuan beste bat jarri, ondo jantzia. Hara ba, Musikaren musa ere preso. Frankismoa. Hogeita bederatzi kartzela urteren ostean, 1977an alegia, Arriaga-Leku deritzogunera ekarri zuten, aske.

Orain, Arte Ederren Museoaren hedapen proiektuan, haren edertasunaren gainean halako eraikin bat atondu nahi dute. Musa Museoa berrituko atartean, zuhaitzik gabe, ingururik gabe, berriro preso gura dute. Zinez biluzik.