20 AOûT 2023 Mr. Hawking Kristina Fernandez Iban Apaolaza -Ezagutzen al dun Newtonen grabitate legea? Hitz horiek ahoan, tipo arraro bat gerturatu zitzaidan taberna zuloan ordu txikietan. Zeren inguruan ari zitzaidan asmatu ezinik geratu nintzen. Edandako garagardoen ondorioz burua ez nuen oso argi, eta halabeharrez kasu gehiegirik ere ez nion egin. Garagardo bat zuen eskuan, ordea, eta pentsatu nuen, entzule plantak eginez gero, agian, nire patrika ahituen jakitun, ezezagun hark gonbidatuko ninduela garagardo gehiago edatera. -Badakin gorputzek bata bestea erakartzen omen dutela eta hori guztia -jarraitu zuen. «Xelebre hau nirekin ligatzeko intentzioz gerturatu zait», pentsatu nuen nire baitarako, baina keba! Beste zerbait zuen tiraderan gordeta. -Masa handienekoak txikiena erakartzen omen din, hala ikasi ninan nik behintzat, baina Newtonek ez zinan erabat asmatu... -Hara, gure zientifikoa berriketan -moztu nion hitzaldia, mozkor irribarre bat lagun nuela. -Egin ezan nahi dun bezainbeste barre, baina espetxean egon al haiz inoiz? -galdegin zidan segidan. «Espetxean, ni?», hara pentsamendu xelebrea tipo hark bota zuena! Nolatan amaituko nuen, bada, nik bertan, kartzelan gaizkileak besterik ez zeuden eta? -Espetxean masa kontzeptua ez dun baliagarria, ez beti, behintzat. Espetxean masa txikiko preso batek askoz masa handiagokoa erakartzeko gaitasuna din. Irudika ezan 40 bider 50 metroko patio itxi bat, dena zementua. Bertan inor ez. Une batean preso bat patiora irten eta atzera-aurrera hasten dun paseoan. Gutxira beste preso pare bat patiora irteten dun eta beraien arrastoan hasten ditun paseoan, atzera-aurrera hauek ere. Hasiera honetan bakoitza bere arrastoan dabil, baina konturatzerako, preso bikoteak arrasto zuzena atzean utzi eta noraezean hasiko ditun, bakarrik dagoen presoaren arrastoan sartu arte. Noraeza erabat galdu eta bakarrik zebilen eta bakarrik ibili nahi zuen presoaren parean hasiko ditun aurrera eta atzera, bere parera iristean kurba arraroak eginez, presoa ozta-ozta saihestuz. Bakardadea nahi duen presoak hanka egingo din patioaren beste muturrera, baina ziur izan beste preso bikotea berriro jitoan murgilduko dela, bestearen parean amaitu arte. Hau egia zientifikoa dun, behin eta berriz egiaztatutako legea: “Presoaren erakartze indarraren legea” deitzen zioten honi batzuek. Aharrausika erantzun nion pelma hari. Zer demontrez ari zen hizketan? “Presoaren erakartze indarraren legea”? Egia zientifikoa? Utikan egia zientifikoak! Nik garagardo bat lasai hartu besterik nahi ez, eta astapotro hura tontakeriez hizketan, etengabe. -Hontzarmario galanta egina hagon, neska. Puta ideiarik ez dun espetxearen inguruan eta lasai asko bizi haiz mama gozotan -bota zidan, lotsagabe. -Iluminatu nazak, ba, Mr Hawking -erantzun nion aharrausi berri bat lagun-. Baina aurretik atera iezadak garagardo bat, bestela entzungo dik etxekoneko Joxepak. Garagardo pare bat atera eta hitz jario etengabeari lotu zitzaion berriz ere Oppenheimer usteko hura. -Ba, bai, espetxean antzeko makina bat lege zagon: “Pasabide eta ate guztietan enbarazu egiteko joeraren legea”, “Korrika dabilenari enbarazu egitearen legea”, “Ekonomatoko ilaran pega-pega eginda jartzearen legea”, “Motxila abandonatuaren legea”… -“Motxila abandonatuaren legea”? Kar, kar, kar. Nabari duk nik baino gehiago edan duala jada. A ze tontakeria “zientifiko” pila asmatu duan -eten nion, barreari ezin eutsirik. -Ez dakin ezer neska, ezertxo ere ez -esan zidan-. Jakin ezan espetxeko patio hutsera motxila batekin ateratzen bahaiz, eta une batean, motxila patioa inguratzen duten bankuetako baten uzten badun, patiora aterako den lehen presoa hire motxilaren ondoan eseriko dela, nahiz eta inguruan beste banku andana egon. Ez zagon ihesbiderik; espetxeko grabitate legea dun, epaitegietako edozein lege baino egiazkoagoa. Lege zientifiko totala. -Hi, Xebe! -oihukatu nion zerbitzariari-. Atera itzak beste garagardo pare bat, bestela ez nauk gai izango Mr. Hawkingen purrustada zientifikoari jarraitzeko. Hori bai, ordaindu, berak ordainduko dik! -Nik badinat teoria bat hau guztia azaltzeko. Oraindik izenik ez zionat eman, baina arrazoizkoa dun, zalantzarik gabe. Mr. Hawking erabat pitzatuta zegoen, zalantza gabe; teoria bat ere ez zuen bada! Hura artista! -Presoak bakarrik sentitzen ditun. Hori dela eta, beti beste presoengana gerturatzen ditun, kontzienteki edo inkontzienteki, baina beti gertutasunaren bila. Berdin din batzuengan haserrea eragiten badute, garrantzitsuena dun bakarrik ez daudela sinestea. Hau ere gorputzean barreiatuta dituzten tatuajeetan nabaritzen dun. Zergatik, bestela, hainbeste “Amor de Madre” eta antzeko tatuaje? -Tatuaje nazkagarri horiek erabat kolokatuta zeudelako egingo zitiztean, motel! -bota nion nik. -Ez dun puta ideiarik, neska. -Eta hi Nobel sariduna izateko bidean hago, no te jode! Azken purrustada honen ondorengoa ez dut oso argi; etxerantz abiatuko nintzen, begiak zabaldu orduko etxeko ezkaratzean esnatu nintzen, behintzat. Buruko mina, sabela balantzan eta “Puta ideiarik ez dun” esaldia gogoan iltzatua nuen esnatu nintzenean. Bizia xelebrea da oso. Mr. Haawkingen kontura garagardoak zurrupatu eta gutxira, aurretik inoiz pentsatuko ez nukeena gertatu zitzaidan. Espetxean amaitu nuen neronek, oraintxe zeldan esnatzean gogoratu dudan gau zoro hark erakarrita bezala. Arrazoi osoa zuen Mr. Hawkingek: Ez nuen puta ideiarik. Idazleari buruz... Iban Apaolaza Sancho, 1971ko azaroaren 10ean Beasainen jaioa. Urte askotan batetik bestera barreiatua izan ondoren, gaur egun Zaballako espetxeko “bizilaguna” naiz. Barruan daramadana askatzen saiatzen ari naiz Idazle eskolan.