03 SEPT. 2023 IRITZIA Itxuraren errealitatea JOKIN URAIN Uda beteko beroaldietan gerizpe bila gabiltza erdiak; beste erdiak eguzki galgatan nahiago, ibai, urtegi edo hondartzan, uraren ertzean. Eta ematen du mundua horixe dela eta ez besterik, han-hemengo jaietako zurrunbilo eta nahas-mahasa izan ezean. Edo ez dugu nahi beste ezer izatea, oporrak opor egiteko direlako, munduari eta eguneroko buruhausteei zirkin egiteko. Informazioa hain bizkor hedatzen denez, munduko zokorik urrutien eta ezkutueneko gorabeherak ere berehalakoan heltzen zaizkigunez, oka eginarazteraino asetzen gaituzte. Edo ase nahi gaituzte, ezeri buruz gogoeta egiteko patxadarik ere ez dezagun izan. Azkenean ez dakizu zer den egia eta zer gezurra, noren asmakizuna den edo noren interesetan oinarritzen den begien aurrean jartzen dizuten titularra. Zentzugabea irudi dakizuke guztia, baina zure zentzutasunaz eta arrazoiez zalantza eragiteko adina pisu badu erakusten dizuten errealitatearen itxurak. Norbere buruaz susmoak eta errezeloak egiteko puntura irits gaitezke, norbere buruari begi zeharka begiratzeko puntura. Baina, nola gabiltzan ikusita, ez luke izan behar geure buruarekin haserretzeko arrazoi. Inguru hurbilak, urrunak eta urrunetik haragokoak ere gauzak erlatibizatzen erakutsi nahi digula ematen du, ahots eta zarata endredosoen oihartzuna itzaliz. Gertakari baten edo bestearen aurrean, ezer ez jakitea hobe dela askok esan edo pentsatu izan dugu momenturen batean. Ezer ez dakizun bitartean ondo doa dena; berririk eza, berri on. Aldi berean sutan kiskaltzen ari daitezke hango eta hemengo naturaguneak, gerraren sutan birrintzen ari daitezke hango eta hemengo herriak, itsasoak naufrago hilotzen hobi bihurtzen. Baina hain da deserosoa hori guztia! Hobe da gaur edo bihar egingo digun bero itogarriari erreparatzea, ez baita nolanahikoa; alerta laranja edo gorriari oharteman eta ongi presta gaitezen. Ez gaitzala bero kolperen batek eraitsi, egon gaitezen itzalpean… Begira turistei, zein ongi bizi diren! Izan gaitezen denok turista; zertarako kezkatu hortik aurrera, kezkak zeure burua zitaltzeko bestetarako ez direnean! Arratsaldean eguneko berrien saila, “Gaur egun” deitzen den hori, Donostiako hondartzetan agertu diren karabela portugesen kontaketa zehatza eskainiz hasten duen telebistarentzat mundua ez da batzuetan pentsatzen dugun bezain tragikoa. Informazioa hain bizkor hedatzen denez, munduko zokorik urrutien eta ezkutueneko gorabeherak ere berehalakoan heltzen zaizkigunez, oka eginarazteraino asetzen gaituzte. Edo ase nahi gaituzte, ezeri buruz gogoeta egiteko patxadarik ere ez dezagun izan.